1977/2024 , 7 de Enero

Mikel Jauregi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

«Madrilerako bidean barrabiletatik tiraka ibili zen; jo, estutu, tira, bira»

«Erokeria». Hitz horrekin laburbildu zuen Mattin Sarasolak atxiloketa unean pairatu zuen bortizkeria. Baina hori bost egun eta bost gaueko infernuaren hasiera baino ez zen izan. Torturaren etengabeko kolpe eta mehatxuez gain, behin eta berriro guardia zibilek poltsa ezarri ziotela –birritan konortea galdu arte– eta barrabiletatik tiraka izan zituela adierazi zuen. Forentseari gertatutakoa kontatuz gero bere anaia atxilotu eta torturatuko zutela sinetsarazi zioten.

Sarasola eta Porturen atxikoketak gertatu eta egun gutxira GARAk inguru hartako argazkiak egin zituen, Guardia Zibilaren operazioaren arrasto bila.
Sarasola eta Porturen atxikoketak gertatu eta egun gutxira GARAk inguru hartako argazkiak egin zituen, Guardia Zibilaren operazioaren arrasto bila. (Raul BOGAJO)

Igor Portu 2008ko urtarrilaren 7an eraman zuten ospitalera. Torturen zantzua berriro ere. Berarekin atxilotu zuten Mattin Sarasolaren berririk ez zegoen, baina susmoa bai, egun gutxitan berretsi zen susmoa, Sarasolaren testigantza ezagutu zenean. GARAk osorik eskaini zuen. Torturaren testigantzak osorik ematea izan da gure hedabideen praktiketako bat, gaiaren larritasunaz kontziente. 2010ean atxilotutako Beatriz Etxeberriaren kasua da esanguratsua, haren lekukotasunak izandako zabalkundeagatik.

TATek 2008ko urtarrilaren 17an ezagutarazi zuen Mattin Sarasolaren lekukotasuna oso-osorik eskaini zien bere irakurleei GARAk biharamunean, hitzez hitz, horrelako testigantza bat eskuratzeko modua zuen bakoitzean egin ohi zuen kazetaritza ariketan. 16 urte igaro izanagatik, eta irakurle askok gogoan izango duten arren, ez dago sobera lesakarraren sufrikario hura berreskuratzea. Hitzez hitz.

TESTIGANTZA

Atxiloketa goizeko hamar eta erdiak aldera gertatu zen, Arrasaten, menditik jaisten ari ginela. Lau bat patrol gerturatu ziren, Guardia Zibilarenak denak, eta bat gure parean geratu zen. Kasualitatez atxilotu gintuztela esango nuke, hori da orain dudan irudipena. Karnetak eta motxilak eskatu zizkiguten, eta txoko batera bidali gintuzten, motxilak arakatzen zituzten bitartean mendira begira egon gintezen. Ustez, motxiletan zer zegoen ikusi zutenean, patrolera hurbiltzeko esan ziguten, kotxearen kontra jarri, hankak ireki eta eskuak bizkarrera esposatu zizkiguten. Horrela, patroletan sartu gintuzten Igor eta biok, bakoitza batean. Guardia zibil guztiak uniformez jantzita zeuden.

Kotxean sartu eta segidan kolpeka hasi ziren. Aurpegian, ukabilarekin, eskua irekita, buruan, saihetsetan, eskuburdinetatik tiraka, estutuz... Oso gogorra. Erokeria. Nire ezkerrean zihoanak ematen zidan egurra batez ere. Atea irekitzen zuten eta kanpotik ere jotzen ninduten. Batez ere saihetsean, ostikoak eta kolpeak. Bost minutu edo egin genituen kotxe hartan. Martxan hasi ginen eta pista antzeko bat nabaritu nuen. Kotxetik bortizki atera eta maldan behera eraman ninduten. Nik ez nuen ez ezer ez inor ere ikusteko astirik, erritmo bizian ninderamaten. Maldan behera nindoala lurrera erori nintzen eta hantxe beste jipoi bat eman zidaten. Kolpe eta ostiko festa zen. Pistola batekin exekuzio bat ere simulatu zuten. Beldurra, zalaparta, eta kolpeen ondorioz, tiroa entzun nuen, edo ez, ez dut gogoratzerik, ezinezkoa zait. Bost-hamar minutu eduki ninduten lurrean kolpeka. Mehatxuak eta oihuak ere izugarriak ziren: Zabaltzari egin ziotena egingo zidatela, gorriak ikusiko nituela, hasi besterik ez ginela egin... Ez nuen Igor ikusi, ez nekien non zegoen. Patrolean sartu ninduten eta hantxe utzi ninduten bakar-bakarrik. Noizean behin atea irekitzen zuten eta kolpeka aritzen ziren nirekin. 10-20 minutu eduki ninduten bertan.

Ondoren, Intxaurrondora gindoazela esan zidaten. Bidean kolpe gehiago, saihetsetan eta buruan batez ere. Burua beherantz bultzatu eta eskuak goraino altxatzen zizkidaten, eta eskuburdinak gero eta gehiago estutu. Dena mehatxu, irain eta oihuen artean. Jasangaitza zen.

Intxaurrondon gela batean sartu ninduten eta kaleko arropaz jantzitako bi pertsona etorri ziren. Kaputxa jantzita zetozela iruditu zitzaidan eta gazteak zirela. Oinetakoak besterik ezin nizkien ikusi, burua lurreraino makurrarazten zidaten. Kirola egiteko oinetakoak ziren eta galtzak bakeroak ziruditen. Manta bat jarri zidaten burutik behera eta lepo aldean estutzen zidaten. Kolpeak alde guztietatik iristen zitzaizkidan. Galderak eta kolpeak. Saihetsak gaizki ditudala esan zidaten eta hortxe jo ninduten berriz: «Estás en Intxaurrondo», «sabrás lo que es bueno», «nosotros somos los buenos» eta antzekoak oihukatzen zituzten etengabe.

Argazkiak ateratzera eta hatz-markak hartzera beste gela batera eraman ninduten. Hau bukatuta, lehengo gela berera.

Berriro ere pertsona batzuk sartu ziren eta, Lesakara eraman bitartean, tratu berarekin jarraitu zuten. Manta buru gainetik, kolpeak, mehatxuak…

Azkenean auto normal batean sartu ninduten. Ez dut gogoratzen zenbat pertsona gindoazen kotxean, baina bi gutxienez banituen ondoan. Nik ezin nuen ezer ikusi, burua makurtuta eramatera behartu ninduten. Bidaia horretan ez ninduten jo, baina mehatxuak eginez jarraitzen zuten: Etxekoei ezer ez kontatzeko, ezertxo ere ez egiteko, etxekoek ordainduko zutela bestela... Miaketa bukatu eta berriro auto normal batean sartu ninduten, ez dakit lehengo kotxe bera zen edo ez. Handik Donostiara joan ginen. Han bi mediku zeuden gela batera sartu ninduten. Bi neska gazte ziren. Tratuari buruz ez nien ezertxo ere kontatu. Anaia atxilotuko zutela esan zidaten Guardia zibilek. Epaileak aske utziko zuela, baina bost egun edukiko zutela anaia euren eskuetan eta torturatu egingo zutela. Anaiarena zen guk genuen kotxea eta ustez erraza izango zitzaien atxilotzeko agindua lortzea.

Hortik berriro kotxean sartu ninduten, aurreko Guardia Zibilekin, eta Madrilera bidean jarri ginen. Ezkerrean zihoanak dagoeneko minduta neuzkan saihetsetan jotzen zidan etengabe. Eskuinekoak eskularru bat jarri zuen eta barrabiletatik tiraka ibili zitzaidan. Jo, estutu, tira, bira... Tarteka arnas pixka bat hartzen uzten zidaten, baina oso denbora laburrez. Oso tentsio eta erritmo altua zeramaten. Eta nik beste hainbeste.

Madrilera iritsi eta zuzenean ziega batera sartu ninduten eta «eskubideak» esan zizkidaten: Zutik egon behar nuen, pareta ukitu gabe, eta norbait sartzen zenean antifaz bat jarri behar nuen eta lurrera begiratu. Antifaza telazkoa zen, baina gogorra.

Handik gutxira nire bila etorri ziren eta ondoren askotan errepikatuko zen prozedura beldurgarriarekin hasi ziren. Atea jotzen zuten, nik antifaza jartzen nuen, lurrera begiratu eta milaka buelta eman ondoren galdeketa gelara sartzen ninduten.

Galdua dut zeharo hemendik aurrera gertatutakoaren ordena kronologikoa. Ezin dut zehazki oroitu. Galdeketa hauek hasi zirenetik Audientziara eraman ninduten arte tratu bera jaso nuen, azken egunera arte behintzat. Azken egun honetan lo egin ahal izan nuen pixka bat eta eraso fisikoak bukatu ziren behintzat. Eraso psikologikoak inondik inora ez ziren bukatu.

Galdeketa asko jasan nituen, eta oso luzeak. Oso tarte txikia neukan galdeketa baten eta ondorengoaren artean ziegan «deskantsatu» ahal izateko.

Dena amesgaiztoa zen, jasangaitza. Galderak, oihuak, umiliazioak, kolpeak, poltsa... Kolpeak gehienbat saihetsetan eta barrabiletan izaten ziren.

Beraien artean taldeka banatzen zirela zirudien. Denak ziren txarrak, baina bazegoen talde bat okerrena zena. Euren arteko baten ahotsa ezingo dut inoiz ahaztu, barruraino sartu zait. Nagusia zela zirudien.

Gero eta gogorrago torturatuko nindutela zioten: Poltsa, bainera, elektrodoak... Anaia atxilotuko zutela zioten behin eta berriz, euren esku zegoela erabaki hori hartu ala ez. Senideen aurka ere egiten zuten, ama oso gaizki zegoela, nola egin diezaiekedan horrelakorik maite ditudan pertsonei…

Igor hantxe zegoela esaten zidaten eta nik bere oihuak zirenak entzuten nituen kolpeen artean.

Halako batean, argia joan zen eta orduan esan zuten Igorri elektrodo makina jarri ziotela eta horrek eragin zuela argia joan izana.

Plastikozko poltsak jartzen zizkidaten burutik behera, eta atzetik helduta estutu egiten zituzten arnasarik gabe geratzen nintzen arte. Modu guztietan aplikatu zidaten. Zutik nengoela, eserita, lurrean, eskuak lotuta, hankak lotuta, nire gainean jarrita... Prezintoa eta goma-apar antzeko batzuk erabiltzen zituzten immobilizatzeko. Indarra neukan bitartean poltsa haietako batzuk hautsi ahal izan nituen, baina eskuan zabor-poltsa rollo osoa jartzen zidaten poltsak haustea ahalegin antzua zela ikus nezan. Beti zeuden gehiago. Kirola eginarazi zidaten poltsa buruan nuela. Asma eta antsietate atakeak izan nituen, eta arnasarik gabe geratzen nintzen. Pare bat aldiz konortea galdu nuen.

Ni oso ahul nengoen, eta halako batean, bainera egitera eramango nindutela esan zidaten. Azkenean ez ninduten eraman eta ziegan utzi ninduten, bainera gelan Igor zegoela eta okupatuta zegoela esan zidaten.

Askotan biluztu ninduten. Dutxa batean ere sartu ninduten eta ur hotza eta bero-beroa txandakatuz ibili ziren gora eta behera.

Ziegan nengoela, nekearen eta astinduaren ondorioz, sentsazio arraroak sentitzen nituen. Paretan irudiak ikusten ere hasi nintzen.

Mediku forentsea egunero etorri zen bisitan. Zer moduz nengoen, jan nuen edo ez, eta tratua egokia izan zen edo ez galdetzen zidan. Nik beti gauza bera erantzuten nion. «Trato adecuado». Ahotsa etortzen zitzaidan burura: «Tenemos un trato. Yo lo cumpliré, pero como le digas algo al médico, detendremos y torturaremos a tu hermano. Está en tus manos que toquemos a tu familia».

Hiru polizi-deklarazio egin nituen, denak aurretik ondo-ondo prestatuak. Galdera bakoitzari zer erantzun behar nion memorizatzera behartzen ninduten.

Deklarazio gelan hitzik egin ez zuen abokatua zegoen, gero epailearen aurrean egongo zena, eta bi guardia zibil. Bi horietako bat miaketan egon zela uste dut. Ez nuen torturarik salatu, nabarmena zen beraiek ere bazekitela zer ari zen gertatzen.

Audientziara bidean mehatxuak egiten jarraitu zuten. Esan zidaten froga batzuk egitea falta zitzaidala eta erantzuten nuenaren arabera, berriro euren eskuetara bueltatu behar nuela. Gainera familia kanpoan zegoela eta... Etxean hartu nuen arropa garbia eman zidaten epailearen aurretik pasatzeko.

Epaileak deklaratu nahi al nuen galdetu zidan, eta nik ez nuela deklaratu nahi, eta aurreko deklarazioak mehatxuen eta torturen ondorioz egin nituela esan nion. Berak zein tortura eta zein mehatxu ziren galdetu zidan. Ondoren beste galdera batzuk egin zizkidan, nik une horretan ulertu ez nituenak: ea atxiloketa nolakoa izan zen, ea Igor ikusi nuen (nik erantzun nion ez nuela ikusi, baina bere oihuak entzun nituela) eta atxilotu ondoren eraman ninduten pista antzeko horren inguruko detaileak galdetu zizkidan.