Zazpi seme-alaba izan zituen, tartean Iñaki eta Josu. Euskal Herriko gatazkaren gordinak ekarri zuen lehen lerrora, eta bizitza osoan ez zen borroka lerro horretatik apartatu. Ama adoretsua izatetik adorearen ama izatera pasatu zen. Euskal preso politikoen eskubideen alde egin zuen borroka bizitzaren azken egunera arte eta hamaika amaren sinbolo bilakatu zen urbinarra. Gorputz txiki horretan gainezka egiten zuten kemenak eta maitasunak. GARAko heriotza-oharra
Errealitateak emandako zartakoek eraman zuten pentsatu gabeko tokira. 2010ean GARA egunkarian eskainitako elkarrizketa batean azaldu zuenez, «nik ez neukan ideia handirik errealitate honi buruz, ez nuen denborarik izan. Zazpi seme-alaba hazi behar nituen, senarra osasunez makal zegoen eta familiako taberna aurrera eraman behar nuen. Goizaldeko ordu bietan oheratzen nintzen eta zortzietan altxatu. Ez neukan ezta egunkari bat irakurtzeko astirik ere». Elkarrizketa 2010. urtean
Lehen kolpea 1936ko gerran jaso zuen, hamabi urte zituela. Ederki gogoratzen zuen nola uztailaren 18an bertan Urbinan soldadu pila bat agertu ziren, «jendilajea». «Etxeak lapurtu zizkiguten, eskola itxi zuten... Albertiako bataila hastera zihoanean, denak bota gintuzten herritik. Idi gurdietan atera ginen, trasteak atzean hartuta. Guk zortea izan genuen, Gasteizen zegoen baserri batera joan ginen eta ganadua eramateko modua izan genuen. Han egon ginen 1936ko urritik 1937ko maiatzera bitartean». Hamabi urteko neskato hark ederki ikasi zuen erortzean berriz altxatzen, gerora bere bizitza osoan erakutsi zuen bezala.
1976ko martxoaren 3an Gasteizen Poliziak bost langile tiroz hil zituen eta ehun herritar baino gehiago zauritu, tartean Josu Ormaetxea. 18 urteko gaztea tiroz zauritu zuen poliziak, eta egun hartan sentitu zuen lehen aldiz Anteparak seme-alaba bat galtzearen bertigoa. «Eguraldi zoragarria zegoen, 'ze ondo grebarako', pentsatu nuen. Pozik nengoen grebarekin, jendearen onerako zela uste nuen. Josu eskolatik atera eta protestara gerturatu zen. Polizia tiroka hasi zenean atari batean sartu ziren eta han jaso zuen tiroa. Balak atea zeharkatu zuen, sudurraren alde batetik sartu eta lepoan geratu zitzaion. Jende ona zeukan inguruan eta haiek eraman zuten erietxera, etxebizitzetako patioetan barrena. Ikusi nuenean sekulako nahigabea sentitu nuen, zein gaizki zegoen... Inguruko jendeak ez balu erietxera hain azkar eraman, egun horretan hilko zen Josu».
1984ko maiatzaren 8an Guardia Zibilak Josu eta Iñaki Ormaetxea atxilotu zituen. Josuren bila agertu ziren Urbinako etxera –26 urte zituen–, baina 17 urteko Iñaki ere eraman zuten. Bi anaiek tortura latzak sufritu zituzten. «Iñaki anaia presionatzeko atxilotu zuten, haiek nahi zutena ateratzeko, eta 19 egunez eduki zuten, birrintzen, etengabeko oinazean. Etxera itzuli zenean erabat aldatuta zegoen, lur jota», kontatu zuen Anteparak, 2003ko abuztuan GARAko Igandeko Geltokian.
Semeak hain birrinduta ikusteak arrasto sakona eragin zion Blancari. Baina lurrera erori eta berriro zutitu zen, bizitzan aurretik egin zuen eran. «Bi semeak eraman zituztenean, onena hiltzea zela pentsatu nuen. Baina gero konturatu nintzen justu kontrakoa egin behar dela; ahalik eta urte gehien bizi eta ez zaitzatela ahul ikusi, ea beren buruaz lotsatzen diren. Otseme bati kumeak kentzen badizkiote, guztiaren kontra matxinatzen da. Niri hori egin zidaten».
1991ko abuztuaren 17an beste zartako bat, bere bizitzako latzena. ETAko hiru militante hil ziren Morlansen (Donostia), Guardia Zibilaren tiroen ondorioz; Iñaki Ormaetxea, Patxi Irizar eta Jokin Leunda. 'Egin' egunkariak argitaratu zuenez, tiroak distantzia motzean izan ziren eta, auzitegietan ikerketa abiatu bazen ere, azkar artxibatu zuten auzia. Guardia Zibilak dezente luzatu zuen gorpuen identifikazioa eta familien angustia. 1991ko abuztuaren 19ko 'Egin' egunkariaren azalean Blanca Antepara eta beste senide batzuk ageri dira Polloeko hilerriko atetik ateratzen. Arima birrinduta baina pauso sendoz, Anteparak dagoeneko erakutsi zuen giza eskubideen aldeko erabakitasuna.
«Kartzelan egon den urteotan –20 urte–, inoiz ez dut negarrik egin Josuren aurrean. Negar egin dudan aldi bakarra Iñaki akabatu zutela esatera joan nintzenekoa izan da. Astelehenean lurperatu genuen Iñaki eta ostegunean Cartagenako kartzelan nintzen Josurekin. Biok egin genuen negar asko egun hartan».
Hala ere, ez zion bere buruari baimenik eman negarretan itotzeko, berak aitortua da maiz esaten ziola ondoan falta duen Iñaki semeari akaso ez diola nahikoa negar egin, agian merezi zuela negar gehiago. Mina eta desesperantza energia emari bihurtzen asmatu eta bere indar osoa preso politikoengan irauli zuen. Ramon Solak bere heriotza-oharrean idatzi zuenez, «Antepara ama, amona, zaintzailea, sukaldaria, laguna, isil-mandataria, zaindariaren aingerua, defendatzailea, sinboloa... izan baita. Nabarmentzeko inolako asmorik gabe, Blanca behar zen tokian egoten zen: EHren Europako Parlamenturako hautagaia, errepresaliatuen konferentzietako testigantza bizia, mobilizazioen bultzatzailea, Korrikaren lekukoaren eramailea, Iñakieneako anfitrioi solidarioa... Lelo batekin: 'Beti aurrez aurre begiratu behar da, begiak jaitsi gabe. Eta duintasuna izan behar da beti, hori baita daukagun armarik indartsuena'».
Josu Ormaetxea semeak 2009ko apirilean sakabanaketaren inguruko GAUR8ko erreportaje batean honakoa kontatu zuen: «Orain, kalean zaudela, ikusten duzu nola ibiltzen diren familiak eta benetan konturatzen zara nolako ahalegina egiten duten. Gai honi buruz hitz egiten dugunean, nire amak beti gogoratzen ditu Arzalluzen hitzak. Arzalluzek esan zuen egoerak gutxi iraungo zuela, preso politikoen familiak ahalmen ekonomiko txikikoak zirelako eta ez zutelako jasango sakabanaketa denbora luzez. Ama sutan jarri zen eta handik gutxira Anoetan izandako ekitaldi batean mikrofonoa jarri zioten aurrean. 'Lotsagarria da gure seme-alabak diru faltagatik bakarrik utziko ditugula pentsatzea. Ibaitik hortzekin harriak atera behar baditugu, egingo dugu', esan zuen».
Bada, horixe Blanca Anteparak utzitako mezua. Ez zuen nagirik presoentzat erroskillak kiloka egiteko, eta gai zen, beharrezkoa izanez gero, ibaitik harriak hortzekin ateratzeko. Hori guztia kabitzen zen Urbinako otsemearen barnean.