«Prozesu autonomikoak aurrera jarraituko du». Hauxe izan zen 'Egin'-ek 1980ko otsailaren 2ko alea zabaltzeko erabili zuen titular nagusia, Espainiako Gobernuak bezperan Ispasterren izandako ekintza armatu bortitzari eman zion erantzunaren berri emateko idatzia. Titular berak ere balio zezakeen 25 urte geroago, horixe izan baitzen Juan Jose Ibarretxek bere «plana» azaldu zuenean Madrilgo Diputatuen Kongresuak emandako erantzuna. «Espainiako Kongresuak bere egiten du euskaldunon erabakitzeko ahalmena» izan zen GARAk beste gordetzeko egun horietako bat laburbiltzeko hautatu zuen izenburua. Historian zehar etengabe errepikatu den zerbait da euskaldunon autodeterminazio eskubideari mugak eta trabak jartzearena, otsailaren 1ak ondo azaltzen duen eran.
Ispasterko ekintza jauzi militarra izan zen erakunde armatuaren historian; lehendabiziko aldiz bi komando desberdinek bat egin zuten ekintza –gerrilla eraso bat– burutzeko, eta ordura arte indar armatuen kontra hildako gehien eragindako ekintza izan zen. Erasoaren helburua Markinako Esperanza y Cia armagintza enpresatik irtendako konboi bat zen, astero legez Lagako hondartzan armategia probatzera zihoana. Arma horiek lapurtzeko asmoarekin, ekintzaileek segada bat prestatu zuten Ispasterko mendi errepide batean, eta armategia zaintzeko ardura zeramaten sei Guardia Zibil hil zituzten eta arma fabrikako langile ikaratuak mendian behera bidali zituzten, inori abisurik ez emateko aginduarekin. Plana, ordea, ez zen nahi bezala atera, eta Goio Olabarria Bengoa eta Xabier Gorrotxategi Agote etakideak ere hilik suertatu ziren, lehenari ezustean granada batek eskuan eztanda egin ostean.
Ekintza gogor hau ezin da 70eko hamarkadako azken hilabeteetako eta 80ko hamarkadako lehenengoetako giro korapilatsu eta gogorretik at ulertu. Espainiako trantsizioa bezala ezagututako prozesua bere azken fasean zen, eta Euskal Herria zuen diktaduraren homologazio demokratiko horretan oztopo nagusia. «Erreforma edo haustura» garaiak ziren. Ispasterko ekintza baino bi hilabete lehenago EAEko estatutua onartu zen erreferendumean, eta hilabete eskas falta zen Eusko Legebiltzarrerako lehendabiziko hauteskundeak egiteko. Marko berri hori errotzea ekiditea zen ETAren jauzi militarraren zio nagusia.
Espainiar Estatuaren erantzuna ere tamainakoa izan zen, eta bi aurpegikoa. Alde batetik, honek beste jauzi militar batekin erantzun zuen. Lehen erabaki bezala, Espainiako Poliziaren jeneral bat, Jose Antonio Saenz de Santamaria, Segurtasunerako Gobernuaren Ordezkari Berezi izendatu zuen EAEn. Haren ondoren etorri ziren hainbeste sufrimenduren iturburu izan ziren GEO, UAR edo GEO, Euskal Herrian lur hartu zuten elite unitateak.
Txanpon beraren beste aldea izan zen erantzun politikoa. «Prozesu autonomikoan» are indar handiagoz aurrera egitea izan zen Estatuaren ihardespena. Ofiziala behintzat, zeren bere estolderietatik euskal herritarren aurkako erasoak ugaritu eta gogortu ziren, Ispasterko atentatuaren erantzun gisa, edo aitzakia gisa hartuta.
Ibarretxeren saiakera antzua
Garai hartan egonkortu zen marko autonomikoa eraitsi, edo gutxienez gainditzeko, Gasteizko Parlamentuaren mandatuarekin joan zen, 2005eko otsailaren 1ean Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria Madrilgo Gorteetara, berak bultzatutako planaren barnean, «euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea» aldarrikatzera. GARAk hurrengo eguneko bere editorialean jasotzen duen moduan, EAEko gehiengo politikoak, «hitz edo, nahi bada, aldarte desberdinekin» erantzun bera jaso zuen Espainiako bi alderdi nagusietatik. Jose Luis Zapateroren arabera, «euskal herritarrek Espainiako gainerakoekin duten harremana euskal herritar guztiek erabakiko dute, ez erdiek; euskal herritar guztiek eta espainiar guztiek». Askoz argiagoa izan zen Mariano Rajoy: «Ez dago espainiar guztiena ez den beste burujabetzarik, hauek erabakiko dute zein den euskal herritarren erabakitze ahalmena». Gauza bera esateko bi modu: «Ez zaitezte engaina, gehiago gara eta guk erabakiko dugu».
Editorialaren izenburuak ezin hobeto laburbiltzen duen moduan, espainiar Estatuak «bere gehiengo demografikoa inposatzen du». Eta hori guztia argi gera dadin, argi utzi zuten eurak direla agintea, legeak eta armada barne, 78ko erregimena sostengatzeko beharrezkoak diren elementu guztien jabe direla. Ia beste 20 urte geroago, ezer gutxiago dakigu «Ibarretxe planaz», eta haren bultzatzailea ere ostrazismora kondenatu dute haren alderdikide askok.
Ezbehar ugari
Gainontzean, lurra neguko lozorrotik esnatzeko izaera duen otsailaren lehenak euren artean oso desberdinak diren zenbait ezbehar ere ekarri zizkigun; esaterako, 1993an euskal mendizaletasunak bere egunik tristeenetako bat bizi izan zuen, Pirinioetan jazotako bi ezbeharretan lau mendizale –Juan Carlos Espis Agirre, Aureo Emilio Rodrigo, Josean Iturbe Maiz eta Eva Lasa Aierra– hil baitziren. 2003an Columbia transbordadorea izan zen Texas lehertu zen, barruan 7 astronauta zituela. Denboran hurbilera etorrita, 2018an etenik izan ez duen lan ezbehar kopuruak beste lau bizitza eraman zituen egun bakar batean. Goizeko lehen orduan, kamioi batek eta autobus batek istripu latza izan zuten eta bi gidariak bertan geratu ziren. Arratsaldean Loiun beste bi langile hil ziren, gas toxikoak arnastuta. Laurek 31 eta 41 urte artean zituzten.