1977/2024 , 11 de Febrero

Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

«Baina ze demontre egiten duzue hemen?»; 'Egin' lau espetxetan sartu zenekoa

1983ko otsailean 'Egin'-ek argitaratu zituen bost gehigarri bereziak (hogei orrialde guztira) balizko euskal kazetaritzaren museo batean egoteko modukoak dira. Euskal presoen errealitate gordina barrutik erakutsi ahal izan zen estreinakoz... eta azkenekoz.

Aurpegi serioak Puertoko patioan, 'Egin'-ek egindako erreportajean. 1983ko otsailean gaude, PSOE agintera iritsi berri.
Aurpegi serioak Puertoko patioan, 'Egin'-ek egindako erreportajean. 1983ko otsailean gaude, PSOE agintera iritsi berri. (Javier Gallego | EGIN)

Kazetaritzaren aldetik, eta ikuspuntu historikotik ere bai, aparta da 'Egin'-ek 1983ko otsailaren 11n zekarren eranskina. Bost egunez jarraian Espainia aldeko lau espetxetan bertako euskal presoekin eginiko erreportajeak argitaratu zituen egunkariak. Nolatan? PSOEk hilabete batzuk lehenago Gobernu espainolean agintea hartu ostean, gatazka iturri etengabea zen kartzelen espazioan nolabaiteko irekiera irudikatu nahi izan zuen, hortik aurrera gardentasunez jokatuko zutela aditzera emanez.

Espetxe Zuzendaritzak horretarako aukera eman bezain laster, erronkari heldu zion 'Egin'-ek. Baimena beste edozein hedabidek baino lehenago lortu zuen eta errepidera atera ziren Xabier Arzelus kazetaria eta Javier Gallego argazkilaria. Ostegun batean Puerton egon ziren, urrutien han izan ziren; ostiralean, Yeseriasen eta Alcalan; eta larunbatean, Carabanchelen.

 

Lau kasuetan lorturiko lekukotasunak eta ateratako irudiak oso bereziak dira, garai baten isla. Gainera, honelakorik ez da berriz lortu. PSOEko Gobernuak berehala aldatu zuen jokabidea eta 'ezkutukeria' berrezarri zuen arlo honetan, are gehiago sakabanatzea abiatu zuenean. Geroztik gure hedabideek ezin izan dute lan bera errepikatu, ateak zeharo itxita egon direlako. Mexikon edo Belgikan preso egon diren euskal hiritarrak elkarrizketatu ahal izan ditugu tarteka telefono bidez, baina Estatu espainolean inoiz ez.

Orduko agertokia osatzeko, gogoan hartu behar da 1977ko amnistiaren ondorioz euskal preso politiko guztiak kalera atera zirela. 1983 hartan berriro 300 baino gehiago ziren espetxeratutakoak, baina «beteranoenek» bost urte baino ez zeramatzaten preso, ez 20, 25 edota 30 urte, gero, oraintxe arte, gertatu den bezala.

Patioetan batzartuta

Hasteko, izugarrizko harridura hartu zuten presoek, patioetan 'Egin'-eko bi kazetari hurbildu zitzaizkienean. «Baina ze demontre egiten duzue hemen?», galdetu zieten Puerton. Alcalan, oraindik mesfidantza handiagoz, sinetsi ezinean gelditu ziren. Agiri profesionalak eskatu zizkieten, baina sarreran utzarazi zizkieten funtzionarioek, ez zuten identifikatzeko ezer patriketan. Orduan, Bilboko 'Egin'-eko ordezkaritzako buru nor zen galdetu zioten Arzelusi, eta izen-abizen egokiak eman zituen arte ez ziren presoak lasaitu eta ez zioten elkarrizketari ekin. Hala ere, behin baino gehiagotan zalantzak antzematen zitzaizkien: Gobernu espainola, ate-irekitze horrekin, bere burua garbitu nahian zebilela sumatzen zuten.

Erreportajeetan nabarmentzen denez –argazkiak aski esanguratsuak dira–, egunean zehar denbora gehien patioetan batzartuta ematen zuten euskal preso politikoek. Puerton 56 gizonezko ziren jada, eta Yeseriasen, 21 emakumezko. Jantokian edo ziegetan ere presoekin egoteko baimena jaso zuten bi kazetariek. Muga bakarra (Yeseriasen ez ezik) elkarrizketak funtzionarioen aurrean egitea eta gaztelaniaz izatea zen, euskara alboratuz.

Detaile batzuk ezin gogorragoak ziren: Puerton, isolamendu zigorra jasoz gero, sei minutura murrizten ziren senideen bisitak, 2.000 kilometroko joan-etorriaren ostean!

 

Izan ere, orduko presoen gaineko kontrola guztiz zorrotza zen. Barne-telefono baten bidez ziegetan egiten zituzten soinu guztiak entzuten zituzten funtzionarioek, senideek eta lagunek bidalitako gutunak goitik behera irakurtzen zituzten, eta zaindari batek txalo egin arte espetxeratuak ezin ziren mahaira bazkaltzeko eseri edo bertatik altxatu («ume ergelak bezala tratatzen gaituzte», kexu ziren euskal presoak).

Puerton, 'Egin'-i azaldu ziotenez, isolamendu ziegen bitartez eragiten zuten presioak «psikosia» sortzen zuen. Eta ez da gutxiagorako, bertan 30, 45 edo 60 egun pasarazteko arriskua zegoelako. Metalezko txapa handi batek estaltzen zituen ziega horiek, eta, ondorioz, eguzki izpi bakar bat ere ez zen sartzen gune horretara; Andaluzian izan arren, hotz handia pasatzen zutela aipatzen zuten presoek.

Saguak eta torturak

Jasandako tratuaren detaile batzuk zinez ikaratzeko modukoak dira. Isolamendu zigorra izanez gero, 20 minutukoak ziren bisitak 6 minutura murrizten zituzten: 2.000 kilometroko joan-etorria, presoa 6 minutuz ikusteko! Garaiko 20.000 pezeta eta hiru egun behar izaten zituzten senideek Puertora heldu eta itzultzeko.

Yeseriasen labezomorroak eta arratoiak bizilagun zituzten euskal presoek. «Arratoiak, ez saguak –zehaztu zioten Xabier Arzelusi–. Nazkagarriak dira». Carabanchelen, etengabe gertatzen ziren istilu eta erasoekin kezkatuta ziren; 2.000 preso zeuden makro-espetxe horretan. Janariarekin ere kexu ziren lau espetxeetan, baina bitxia da ikustea Yeseriasen egunero bi garagardo ematen zizkiotela preso bakoitzari (bertako emakumeek Arzelus gonbidatu zuten egun hartan).

Gizonezkoen aurpegi serioen –eta haserretuen– aldean, alaiago ageri ziren emakumezko presoak Yeseriasen. Tolosako inauteriak ospatzeko prestatzen ari ziren...

 

Antton Garcia del Molino bertan elkarrizketatzeko tartea izan zuen 'Egin'-eko kazetariak, eta oso deigarria da atal hau ere, 51 urte izan arren «preso zahar» gisa aurkezten zuelako, gainerakoak oso gazteak zirelarik. Jasandako tortura latzen berri ematen du preso ordiziarrak: «Bakailao baten antzera zintzilikatuta izan naute». Baina dena naturaltasunez eta umore puntu batez kontatzen zuen...

Emakume presoak, Yeseriaseko kartzelan irrifartsu. (Javier Gallego | EGIN)

Gizatasun hori Yeseriasen irudikatzen da gehienbat. Gizonezkoen aurpegi serioen –eta haserretuen– aldean, alaiago ageri ziren emakumezko presoak. Kazetariei esaten zietenez, euskara klaseak ematen zituzten espetxean eta, une hartan, Tolosako inauterien ospakizuna prestatzen ari ziren, mozorroa eta guzti.

Amnistia eta erakundeak

Puertoko preso batek egonezina azaltzen du erreportajean zehar, uste baitu denbora kontu txikietan ari zaiela joaten, eta bere lagunei ikusarazten die beren borrokaren gainean jarri behar dela fokua. Bost bisitetan, bi aldarri gailentzen dira: bata espero zitekeen, baina besteak gaurko ikuspegitik harrigarria dirudi. Estatuari amnistia berriz urratu behar zaiola nabarmentzen zuten, batetik. Eta bestetik, ez zeudela Gasteizko Legebiltzarrean parte hartzearen alde, Francoren ostean eraikitzen ari zen sistema politikoarekiko «erabateko haustura» aldarrikatzen zutelako.

Ordurako, Andaluziako espetxe honetan jada hiru gose greba egin zituzten azken urte eta erdian. Kazetariei bertara sartzen utzi zieten arren, errepresaliatuek mezu garbia bidali nahi zioten Euskal Herriari: «PSOEk beste irudi bat ematen nahi du, baina hau presoak suntsitzeko espetxea da, ez besterik». Alcalan bereziki tentsio handikoa izan zen bisita, zuzendari gazteak gertutik kontrolatu nahi zuelako, eta horri aurre egiten zioten euskal presoek.