Gaurkoa bezalako egun batean hil zen, 1987an, Jose Afonso abeslari portugaldarra. Izenak ezer gutxi esaten badizu, agian ezagunagoa eginen zaizu 'Grandola Vila Morena' abestia, 1974an Krabelinen Iraultza martxan jartzeko pasahitza. Urte hartako apirilaren 25ean, Radio Renascenza irrati katolikoan kantua noiz entzun zain zeunden militar iraultzaileak, Salazar diktadorearen agintaldia bertan behera utziko zuen gertaera-soka martxan jartzeko. Gaueko 23.00etan izan zen. Ordutik, mundu osoko ezkertiar iraultzaileen ereserki ederrenetakoa da.
Zapore mingotsa dauka, ordea, 'Egin'-ek eskaini zion heriotza-oharrak, Afonsoren heriotza Krabelinen Iraultza haren gainbeherarekin lotu baitzuen. «Ikurrik gabeko zapi gorri batek estalitako hilkutxa batean lurperatuko ditu gaur Portugalek Jose Afonso abeslaria eta hilzorian dagoen iraultza», zioen lehenengo paragrafoak, lakonikoki.
Aurreko egunean, Anibal Cavaco Silva lehen ministroak laborantzaren eremuan iraultzak egindako erreforma bertan behera utzi zuen, eta martxan zegoen konstituzio apurtzailearen enegarren berrikuspena.
Afonso hiltzerako, iraultza haren protagonista guztiak politikako lehen lerrotik baztertuta zeuden dagoeneko, 'Egin'-en errepasoaren arabera. Vasco Lourenzo kapitaina kuarteletan bueltan zen; Otelo Saraiva de Carvalho, iraultzaren aurpegia, preso zegoen, terrorismoa egotzita; Rosa Coutinho 'almirante gorria' ahanzturan galduta zegoen, Vasco Gonzalves, Vitor Alves edo Galvao de Melo bezala.
Bitartean, 1987 hartan, Europan biztanleko diru sarrera baxuena zuen herria zen Portugal. Populazioaren %35 pobrezian bizi zen, garaiko estatistiken arabera.
Dolurik ez, heriotzan
Inor doluz ez janzteko eskatua zuen Afonsok, eta horrela errespetatu zioten, 1982an diagnostikatu zioten alboko esklerosi amiotrofikoak hil eta gero. «Ziur nago benetan sendatuko nindukeena beste apirilaren 25 bat izango zela, nire arazo eta min guztiekin bukatuko luke», esan zuen bere azken urteetan Zeca izenarekin ere ezaguna zenak, aurten 50 urte beteko dituen iraultza abiatu zen eguna gogoan.
Jon Odriozolak komentario txiki batean jaso zituen Afonsok bere abeslari karrera azaltzeko erabiltzen zituen hitzak: «Bizitza guztia eman dut abestiak baldintza prekarioetan egiten, komunikazio indartsu bat lortzea izan da nire kezka, lanak perfekzionatzea baino».
Lortu zuen, lerro hauek dira ebidentzia. Afonso hil zen, eta krabelinen iraultza zatika eraitsi zuten kapitain matxinoen ondorengoek. Baina iraultza egin, egin zuten, eta diktadurarekiko kateak apurtu zituzten. Espainian auzia frankismoaren erreforma beste ireki izan den bitartean, Portugalen iraultza bat bertan behera uztea izan da establishmentaren zioa azken mende erdian. Bada aldea.
Eñaut Elorrietak euskarazko hitzak jarri zizkion, mendi erdi eta gero, askori oraindik oilo ipurdia jartzen dion ereserkiari.