Etxarri Aranatz, Zaldibia, Oiartzun, Kanbo, Elorrio, Itsasondo, Etxarri Aranatz, Lezo, Durango, Soraluze, Urduña, Altsasu, Laudio, Lemoa, Elorrio, Lezo... Gazte Topaguneak, Gazte Danbada edo mendi martxak.... 30 urte bete dituzte udaberri oro, Aste Santuarekin batera, gazte independentisten topaleku bihurtzen diren jaialdi erraldoiek.
Formatu bat edo beste izan, bakoitzak badu bere berezitasuna, bere leloa, bere irudia eta bere abestia, baita bere helburua ere. Auzolana oinarri, gazteriaren indar erakustaldi handi bihurtu dira hitzordu politiko hauek. 'Egin'-ek, GARAk eta NAIZek jarraipen zabala eskaini diete urtero hitzordu hauei, edizio batzuetan bertan ale bereziak banatuz edota NAIZ Guneekin, Lemoan eta Elorrion kasu.
Egin dezagun atzera, ordea. 1994ko martxoaren 31 da eta Etxarri Aranatzen milaka gazte bildu dira Jarrairen deiari erantzunez. Antolatzaileen arabera, batez beste 6.000 gazte inguru izan ziren herrian Topaguneak iraun zituen hiru egunetan, eta ostiral eta larunbateko kontzertuetan 9.000 eta 12.000 lagun bildu ziren, hurrenez hurren.
Bertaratu zen jendetzak aurreikuspenik baikorrenak gainditu zituen, eta dena «ezin hobe» atera zen... eguraldia izan ezik. «Euria, elurra, lokatza eta hotza izan ziren, baina, hala ere, Etxarrin egunotan izan den giroa errepikatzea oso zaila izango da», idatzi zuten 'Egin'-eko kazetariek.
Erronka handia izan zen hura antolatzea, eta arazoak «etengabeak» izan ziren; askok «zoratuta zaudete, hori ezin da egin» esaten zieten, baina «antolatzea lortu genuen eta irakaspen bat izan zen», adierazi zien NAIZi prestaketa lanetan aritu ziren Ana Lizarraldek eta Ruben Nietok, Gazte Topaguneen ibilbidea aztertzeko egin genuen erreportaje honetan.
Orduko Jarraiko bozeramaile Mikel Zubimendik ere Gazte Topagunearen arrakasta nabarmendu zuen 'Egin'-i eginiko adierazpenetan, eta «Etxarri Aranazkoa etorkizunean erreferente» izango zela adierazi zuen, gazte mugimenduaren «aro berri baten konfirmazioa».
Eguraldi makurraz gain, Topagunearen azken egunean beste traba bati aurre egin behar izan zieten gazteek: Renferen Madrilgo zuzendaritzak uko egin zien gazteak Etxarritik Iruñera joateko bi tren jartzeari, hitzartuta zuten arren, eta irudimena astindu behar izan zuten Nafarroako hiriburura Aberri Egunera iritsi ahal izateko.
Topaguneari bukaera emateko Iruñean Jarraik antolatu zuen azken ekimena ere moldatu egin behar izan zuten. Iruñeko kartzelaren aurrean intsumisioaren aldeko ekitaldia egiteko asmoa zuten, baina espetxe ingurua poliziaz josita agertu zen, eta horren ordez, Antoniuttitik Golem-etara martxa bat egin zuten.
Polizia indar desberdinen jazarpena eta kontrolak ohikoak izan dira hurrengo urteetako edizioetan.
Mendi martxak
Hasierako urteetan Topaguneak mendi martxekin tartekatu ziren; lehenengoa 1995ean egin zuten, Beratik Donibane Garazira, bi estatuek ezarritako mugak etengabe zeharkatuz. «Martxa horretan, nazio bat ginela irudikatu nahi genuen, eta iparraldeko zein hegoaldeko gazteak elkarlanean aritu behar ginela nazio horren eraikuntzan. Beraz, inposatutako eta barneratutako mugak gainditzeko ekimen praktiko bat izan zen», kontatu zuen Ana Lizarraldek.
1997an Amezketatik Lekunberrirako bidea egin behar zuten, baina hasi eta bi egunera Josu Zabala 'Basajaun' tiroz hilda agertu zen. Berria zabaldu orduko, mendi martxa bertan behera utzi zuten eta Iruñeko manifestaziora joateko deia egin zuten.
Zaldibia eta Sohüta
Topagunearen bigarren edizioa Zaldibian ospatu zen 1996an, eta hura ere oso arrakastatsua izan zen: guztira 20.000 lagun bildu ziren lau egunetan, Guardia Zibilak ezarri zituen kontrol guztiak gaindituta. Zaldibiako hitzorduak, gainera, jarraipena izan zuen hurrengo asteburuan Zuberoako Sohütan, Gazteriak erakundeak eta Jarraik elkarlanean antolatuta. «Gure herria fisikoki zein mentalki banatzen duen muga hautsi behar dugu», nabarmendu zuten bi erakundeotako kideek.
Haikaren sorrera eta ilegalizazio garaiak
Lau urte beranduago, Kanboko Topagunea baliatu zuten Jarraik eta Gazteriak-ek Haikaren sorrera iragartzeko, nazio izaera zuen lehen gazte antolakundea. 20.000 lagun elkartu ziren Lapurdiko hirian. Erakunde berriak urtebete bakarrik iraun zuen, Baltasar Garzonek 2001ean legez kanpokotzat jo zuelako. Segi etorri zen ondotik, baina hau ere legez kanpo utzi zuen Auzitegi Nazionalak 2002an Hego Euskal Herrian.
Ilegalizazioek, ordea, ez zituzten gazteen udaberriko ekimenak zapuztu. Oiartzungo Haikaldiaren ondoren, Elorrio, Itsasondo, Etxarri Aranatz, Lezo, Durango eta Soraluzeko Topaguneak iritsi ziren, siglarik gabe edo esplizituki adierazi gabe, baina ezkerreko gazte independentisten eskutik.
2013an, Ernai eta lehen Gazte Danbada
2013. urtean beste mugarri bat izan zen Ernairen sorrerarekin eta lehen Gazte Danbadarekin, Urduñan. ZukGua prozesua bukatu ondoren, ongietorri festa handia izan zen antolakunde sortu berriarentzat. Ilegalizazioen ondoren, ezker abertzalearen gazte antolakundeak berriro udaberriko ekimena antolatu ahal izan zuen. «Si no os dejan soñar, no les dejéis dormir», oihukatu zien ekitaldi nagusian Periko Solabarria zenak.
Altsasu (2014), Laudio (2016) eta Lemoako (2019) hurrengo hitzorduak Ernaik eta Aitzinak antolatu zituzten; 2019an Jarrairen 40. urteurrena izan zen, eta horrek bereziago egin zuen Lemoako Topagunea.
Elorrio, hamarkada baten elkargune
Covid-aren pandemiaren eraginez, 2021eko edizioa bertan behera geratu zen, eta iaz, berriro, Elorrio izan zuten topaleku gazte independentistek.
2002an egin zenaren eta 2023koaren arteko zubi bihurtu zen Elorriokoa, «hamarkada oso baten elkargune». Izan ere, Ernaik hamar urte bete berri zituen, eta denbora horretan guztian «hainbat belaunaldiren etxe» izan zela nabarmendu zuten, «militantzia eta konpromiso politikoaren lehen eskola eta herri honen askapenerako erregaiaren ezinbesteko sortzaile». Iraitz Mateoren erreportaje honetan irakur daiteke 2002 eta 2023 urteen arteko Topaguneen errepasoa.
Aurten, izen aldaketarekin etorri da Lezo geltoki izango duen ekimena: «Gazteon eskutik».