«Iragarritako heriotza izan da, 'etxeko indarkeria' epigrafean bildutako beste hainbat bezala. Gehiegitan, eraso sexisten inguruan hartutako prozedura judizialak paper busti bihurtzen dira, horiek betetzeko mekanismo eraginkorrik ezartzen ez delako, eta biktimei berehalako babesa emango dieten prebentzio-neurriei lehentasuna ematen ez zaielako. Badirudi mehatxuak ez duela balio, eta biktimaren heriotzak bakarrik balio duela froga gisa. Horrelako erasoetan gertatzen diren heriotzen ehuneko handi bat aurretik erasoak eta mehatxuak salatu dituzten emakumeenak izan dira», jaso zuen GARA egunkariaren editorialak duela 22 urte.
Bezperan, haurrak eskolan utzi eta gero, autobus geltoki batean zegoela, senar ohiak labankadaz akabatu zuen Atarrabian Alicia Aristregi. 37 urte zituen, eta beldurra hezurretaraino sartuta. Lagun batekin zegoen, aspaldian beti inguratzen zelako lagunez, beldur zelako. Autobusa hartzera zihoan gurasoenera joateko, azken asteetan gurasoekin bizi baitzen, beldur zelako. Jarriak zituen hogei salaketa baino gehiago. Senar ohiak urruntze agindua zuen. Baina Alicia Aristregi beldur zen, oso garbi zeukan bere bizitza arriskuan zegoela eta epaileak ezarritako neurriek ez zutela babestuko. Lagun bat zeukan alboan, laguna saiatu zen bera babesten, baina erasotzaileak ileetatik tira egin zion eta labana sartu zion bihotzean. Labankada «hilgarria nahitaez», autopsiaren arabera.
2002. urtea zen, Aristregiren heriotzaren parekoak 'gertaeren' atalean sailkatu ohi ziren hedabide askotan, eta politikariak eztabaidan ari ziren «indarkeria matxista» edo «genero indarkeria» ote zen biolentzia hori izendatzeko modu egokiena. «Etxeko indarkeria» deitzen zitzaion garaiak oso gertu zeuden artean. Etxeko trapu zikinak etxean garbitu behar zirela gehiegitan entzuten zen, eta salatzeko pausoa ematen zuten emakumeak ez ziren asko.
Zaila da zenbakiak topatzea, estatistika gehienak 2003. urtetik aurrerakoak baitira. Zenbakien faltan, datuek kontatzen dute Aristregik salaketa jarri zuela, behin baino gehiagotan; Atarrabiako udaltzainek bere senar ohia «gertutik» zaintzen zutela; epaileak urruntzeko agindua eman zuela, baina ez zuela agindu hori betearazteko biderik zabaldu; etxekoak eta lagunak inguruan zituela, bazekitelako zer-nolako arriskuan zegoen. Eta sare hori guztia ez zen nahikoa izan. Alicia Aristregik bizia galdu zuen Atarrabiako autobus geltoki batean, kale erdian, jendartearen begien aurrean.
Haserretu egin zen jendartea, amorratu. Uharteko Andre Mari Emakume elkarteko kideek Uharteko plazan bota zuten galdera, «zenbat salaketa behar dira Alicia Aristregirena bezalako heriotzak saihesteko? Seguru zerbait gehiago egin zitekeela. Norbaitek heriotzarekin mehatxatzen badu epaile bat, epaile baten alaba edo emaztea, zein izango litzateke erantzuna? Seguru ez zela urruntze agindu bat izango. Nor izango ote da hurrengoa? Errealitateak esaten diguna da tristeki Alicia bezala hilko diren emakumeak gehiago izango direla, politikariek eta epaileek beraiei gertatu dakieken zerbait bezala sentitu eta pentsatzen duten arte».
Egun horietan egunkarietan agertu ziren albisteetan igarri daiteke zeintzuk ziren garaiko jendartearen kezkak. Zenbait ahotsek eskumuturreko magnetikoa proposatzen zuten prebentzio-neurri eraginkor bezala. Katalunian, adibidez, emana zuten horren aldeko pausoa. Baziren bestelako neurriak ere. Adibidez, Errioxan, herriko udaltzainek biktimaren etxebizitzako giltzak zituzten, beharrezko ikusten zutenean zuzenean etxera sartzeko. Eta GPSaren aukeraz ere mintzo ziren polizia indar desberdinak, «emakumea eta Polizia» konektatuta egoteko. Proposamen horietan guztietan jendartean ahoz aho zebilen kontua nabarmentzen zen: Zeinen gainean jarri behar du arreta poliziak, biktimaren gainean edo erasotzailearen gainean?
Begiratzeko modua aldatzearen garrantzia
Alicia Aristregiren heriotzatik hilabete batzuetara, 2002ko uztailean jarri zen indarrean Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriaren kontra Estatu espainolean aldarrikatutako lehenengo lege espezifikoetako bat. Gaurko begiekin ikusita, legeak akaso ez du arreta berezirik pizten, baina 2002ko begiekin irakurriz gero, klabe garrantzitsuak ikus daitezke.
Indarkeria matxistaren kontrako neurri integralak hartzeko beharraz hitz egiten du legeak. «Indarkeria sexista, etxean eta bikote-harremanetan gertatzen dena barne, arazo publikoa da, eta gizarte osoaren inplikazioarekin eta prebenitu eta saihestu dezaketen baliabide guztiekin heldu behar zaio», nabarmentzen du. Neurriak zabaldu eta egokitzeko beharraz ere hitz egiten du legeak, «neurri juridikoak eta prebentziozko jarduerak» aipatzen ditu, hala nola hezkuntzan, prestakuntzan, informazioa ematerakoan, sentsibilizazio sozialean, arlo soziosanitarioan eta lanaren esparruan. 22/2002 Foru Legeak aurreiritzi sozialez hitz egiten du, emakumeen eta gizonen arteko rol banaketaz eta botere harremanez.
«Genero-indarkeria emakumeen aurkako misoginiaren eta injustizia sozialaren muturreko erakustaldia da», jasotzen du legeak, eta nabarmentzen duenez, «indarkeria-mota horrek ez du mugarik, ez du gizarte-klaserik, ez hezkuntza-mailarik ezagutzen; izan ere, erasotzailea zein erasana hezkuntza-maila altu edo baxukoak izan daitezke, bai eta gizarte-maila guztietakoak ere, azken urteotan egindako estatistika ugarik berresten dutenez».
Indarkeria matxistari begiratzeko modua aldatzea gako garrantzitsua izan da. XX. mende hasieran hasi zen nabaritzen aldaketa, aurretik mugimendu feministak egindako lanari esker. Frankismoak lana majo egin zuen familia eredu patriarkala indartzeko. Estatua bera zen indarkeria, emakumearen zapalkuntza bultzatzen eta betikotzen zuena. Esanguratsua da Frankismoan ez zegoela emakumeen kontrako indarkeria izendatzeko kontzepturik. Diktaduran bertan sortutako mugimendu feminista hasi zen emakumeek, batez ere ezkonduek, jasaten zuten indarkeria horren guztiaren gainean fokua jartzen.
1975. urtean Emakumearen Askapenaren aldeko Jardunaldi Nazionalak eta Lehen Jardunaldi Katalanak izan ziren. Horietan, dagoeneko mahai gainean jarri zen emakumeen menderatzea eta zapalkuntza eta eskubide zibil eta politikoetan berdintasuna aldarrikatzeko beharra. Emakumeak bere bizitzaren eta gorputzaren gainean kontrola hartzeko beharra aldarrikatu zen, antisorgailuen eskariarekin eta abortatzeko eskubidearekin, besteak beste.
Feminismoak aldarrikatu zuen «pertsonala politikoa» dela eta sexuak, ezkontzak eta familiak korapilatzen zituzten menderatze eta zapalkuntzek izaera publikoa zutela. 80ko hamarkadan, emakumeen aurkako indarkeria ez zen ulertzen. Kontzeptu horren garapena, horri lotutako legearen aldaketa eta salaketaren kultura, zalantzarik gabe, mugimendu feministaren lanaren ondorio dira. Mugimendu feministak emakume guztiak defendatzen zituen, patriarkatua zalantzan jartzen zuen diskurtso erradikal batekin; kalean gauez lasai ibiltzeko adina askatasun nahi zen, baina tratu txarrak jasaten zituen edozein emakumeri ere laguntzen zitzaion. Emakumeen aurkako indarkeriak pribatutasunaren hesia gainditu zuen eta arazo publiko bihurtu zen. Ez zegoen etxean garbitu beharreko etxeko trapu zikinik.
Eta horretan segitzen dugu, indarkeria matxista sustraitik erauzteko lanean. Arazoa da zerbait hain sustraituta dagoenean, goraka tira egitean inguruko lurrak harrotzen direla, norbait sustraiei beheraka tira egiten egongo balitz bezala. Alicia Aristregirena bezalako bizitza asko ari da kostatzen iraultza.