1977/2024 , 1 de Mayo

Mitxel Lakuntza

2024ko Maiatzaren Lehena: konfrontatu, eraldatzeko

Maiatzaren Lehenaren harira, Artefakturako, Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiaren iritzi artikulua.

Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusia.
Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Mundu hobe bat irudikatzeko eta haren aldeko konpromisoa berresteko hitzordua da Maiatzaren Lehena. Baita elkartasuna bezalako baloreak, justizia sozialaren aldeko borroka zein bakean bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko ere. Balore horiek defendatzeak esan nahi du kontziente izan behar dugula sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista honek eragiten dituen ondorioez ere.

Aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari da. Hori lortzen da herrialde txiroetako baliabide naturalak esplotatuz, planetaren kutsadura handituz, lanaren banaketa sexuala betikotuz eta, azkenik, baita gerraren bidez ere.

Hain zuzen ere, ELA kezkatuta dago Europan nagusitzen ari den belizismoarekin. Gastu militarra handitzea ekarri du horrek, eta arlo sozialean atzera ere austeritate politikak ezartzea. Arduragabekeria hutsa da hori, armen industriari baino ez diona mesede egiten. Ñabardurarik gabe aurre egin behar zaio horri, irmo.

Maiatzaren Lehen honetan ere ELAk berriro eskatuko du Palestinako su etena eta palestinar herriari aitor diezaiotela estatu bat izateko eskubidea. Gazan eta Zisjordanian Israelgo armada egiten ari den genozidioa Mendebaldeko botere politiko eta ekonomikoen konplizitatearekin gauzatzen ari da.

Botere ekonomikoaren etekinak etengabe ari dira handitzen. Egiaztatzen jarraitzen dugu lotura zuzena dutela bizimoduaren garestitzeak eta enpresa handien zein bankuen mozkinen hazkundeak (2023an, 59.400 milioi euro IBEX 35 osatzen duten enpresetan).

Hori guztia gertatzen da konplizitate politikoarekin. Izan ere, aberastasunaren banaketak eta hori bezalako auziak Gasteizko eta Iruñeko gobernuen akordio eta politiketatik kanpo uzten dira. Gure agintariek politika sozialik egiten ez dutenaren adibide dira osasun publikoko inbertsio urria, etxebizitza bat izateko zailtasuna, zaintza sistema pribatu eta prekarizatua...

ELAk uste du politika horiek salatzea dela gizartearen eraldaketa sustatzeko posizio koherente bakarra. Horretarako, ezinbestekoa da interes patronalen eta botere ekonomikoen aurkako konfrontazio politikoa, soziala eta sindikala. Konfrontazioa baztertzea bada, langile klaseak behar dituen aldaketei iskin egin zaie.

ELAren iritziz, ezkerreko indarren arteko akordioak lortu behar dira egungo politikak salatzeko eta horiei aurre egiteko konpromisoa finkatzeko, alternatiba sozial, feminista eta ekologista defendatuta. Horrenbestez, ELAk berresten du borroka sindikalaren eta sozialaren aldeko bere konpromisoa, eta harro ziurtatzen du grebarako gaitasunari esker sinatzen ditugula hitzarmen gehiago eta hobeak.

Errealitateak erakusten digu langileak antolatu eta konfrontatzeko gai diren lantokietan lortzen dela lan baldintzak hobetzea eta prekaritatearekin amaitzea. Horren adibide dira sektore feminizatuetako grebak eta lorpenak; ELAren borroka sindikal asko eremu horretan izan dira, hain justu.

Azkenik, Maiatzaren Lehen honetan, ELAk aitortu egin nahi du hainbat borroka sozialetan militanteki inplikatzen diren langileen konpromisoa. Borroka horiei esker eutsi egiten zaie gizatasun gabeko kapitalismoaren kontrako alternatibei. Borroka horiek zabaltzen dute etorkizuna, Euskal Herri hobea lortzeko.