1977/2024 , 5 de Mayo

Entrevista
Endika Guarrotxena
Athletic Clubeko jokalari ohia

«Ezkerretik zerbait proposatu behar dugu futbolaren negozioari mugak jartzeko»

1984ko maiatzaren 5eko Kopako finalean, Maradonaren Bartzelonaren aurka egindako golak Athleticen ikur bilakatu zuen Endika Guarrotxena (Bilbo, 1961). Batez ere talde zuri-gorriak 40 urte itxaron behar izan duelako gabarraren gainera berriro igotzeko. Apirilean belaunaldi berri batek ordezkatu ditu, eta jada ez dira gehiago azken txapeldunak izango.

Endika Guarrotxena, Getxoko Arrigunaga hondartzaren parean.
Endika Guarrotxena, Getxoko Arrigunaga hondartzaren parean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Futbolari ibilbidea amaitu ostean, Endika Guarrotxena gorputz hezkuntzako irakaslea izan da Ander Deuna ikastolan hainbat urtetan. Erretiroa hartu duen arren, ezin du geldirik egon eta ahal duen ekimenetan laguntzen du. Zaporeak elkartearekin Lesbosen errefuxiatuei jaten ematen izan daiteke edo Kubaren blokeo egoera apurtzen saiatzen kirol proiektu baten bidez. Era berean, EH Bilduren zerrendan egongo da Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Horrez gain, euskal selekzioen ofizialtasunaren alde lan mordoa egindakoa da, eta ideiak argi dituen pertsona: futbola kirol bezala maite duen arren, uste du ezkerreko pentsamoldea aintzat hartuta zerbait proposatu beharra dagoela gaur egungo negozioari mugaren bat ezartzeko.

Nola hartu duzu Athleticen Kopako garaipena?

Alde batetik, asko poztu naiz, gehiengoa bezala. Izan ere, jende asko Athletic titulu bat irabazten ikusi gabe zegoen, eta garaia zen horrelako Kopa bat altxatu eta ospatzeko. Bestetik, Clementek esan izan duen moduan, soinean generaman nolabaiteko zama hori kentzeko gogoa neukan: azken txapeldunak izatearena. Azken urteetan, Athletic hainbat finaletara iritsi da, eta elkarrizketa edo erreportaje guztietan gogoratzen gintuzten. Hori historiara pasatu da dagoeneko, orain zerotik hasten gara berriro, eta ea hurrengoa noiz datorren.

Hainbesteko pisua zen?

Agian, pisuarena esatea gehiegi da. Baina egia da final bat hurbiltzen zen bakoitzean hainbat dei jasotzen nituela, eta astuna bihurtzen zela. Erantzukizun hori, behintzat, gainetik kendu dugu.

1984ko maiatzaren 5ean zure bizitzako gola egin zenuela esan daiteke?

Nik uste dut horrela dela. Ziur nago jende gehien poztu zuen gola izan dela. Kontuan izan behar da garaipen horrekin lehen taldea izan ginela Estatu mailan hiru titulu irabazten, gero Bartzelonak famatu egin duen 'tripletea'. Hain zuzen ere, Liga lortu genuen Reala gaindituta azken jardunaldian, hurrengo asteburuan Kopa altxatu genuen Bartzelonaren aurka, eta automatikoki Superkopa lortu genuen. Horrekin batera, ezin daiteke ahaztu Bartzelona hartan munduko jokalaririk onena zen Maradona zegoela. Faboritoak ziren, eta gola egiteko zortea izan nuen. Hori gutxi balitz, gero ospakizunak etorri ziren gabarrarekin, eta memorian betiko geratzen den gola izan zen.

Bartzelona zela faborito diozu, baina zuek zineten ligako txapeldunak bigarren urtez jarraian.

Faboritoa Bartzelona zen, eta hamaikakoa begiratzea besterik ez dago: Espainiar estatuko selekzio erdia bertan zegoen: Marcos, Carrasco, Alexanco, Julio Alberto, Victor... Eta horiekin batera munduko jokalaririk onena zen Maradona, eta Schuster. Faboritoak eurak ziren, nahiz eta gu ere oso onak ginen, burugogorrak eta indartsuak. Nolabaiteko oreka bat lortu genuen denboraldi osoan zehar, eta horrela irabazi genituen ligak.

Nola gogoratzen duzu gola? aurretik beste aukera argi bat izan zenuen, ez?

Argotek eskuinarekin egin zuen erdiraketa, ezkertia izanik, eta nik ezkerrarekin errematatu nuen barrura. Bigarrenean asmatu nuen, eta hor bai kendu nuela zama bat gainetik. Izan ere, aurreko jokaldian jokoz kanpo nengoela pentsatu nuen, eta baloia atezainaren gainetik pasatzen saiatu nintzen. Ez nuen lortu, eta bueltak ematen ari nintzen, finaletan ez delako erraza aukerak izatea.

Patxi Salinasekin batera ezustekoetako bat izan zinen hamaikakoan.

Clementerekin ez genekien inoiz nork jokatu behar zuen. Partida hasi baino bi ordu arinago esaten zuen hamaikakoa. Taldean bost jokalari geunden goian jokatzeko –Sarabia, Dani, Argote, Noriega eta ni–, eta inoiz ez genekien nor aterako zen. Batzuk, Argote esaterako, ohikoagoak ziren, ezkerti bakarra eta oso ona zelako. Dani ondo bazegoen, normalean bera egoten zen, baina gero ez genekien nork jokatuko zuen. Final hartan hamaikakoan hiru berritasun egon zirela esango nuke. Izan ere, Txato Nuñez ezker lateral gisa aritu zen, fisikoki oso ondo baitzegoen, eta Maradona jarraitzeko agindua zeukan. Gabarra egunean Clementek komentatu zuen fisikoagoak ginelako aukeratu gintuela. Barrezka esan zigun indar hori behar genuela egun horretan, eta horrela erabaki zuen.

Nola prestatu zenuten partida?

Egia esan, justu-justu iritsi ginen, liga irabazi berri. Kontua da Clemente oso motibatzaile ona izan dela beti, eta gu gogotsu geundela partida aurretik. Hala ere, ez dut ondo oroitzen taldeari zer esan zion edo nola antolatu zuen. Partida aurretik gogoratzen dudan bakarra da Schuster ondo zaintzea eta ondo eustea agindu zidala. Baloia hartzen zuenean jokoa antolatzen ez uzteko eskatu zidan, Bartzelonaren jokoaren hasiera ezin zutela alemaniarrarekin egin. Horrela, nire ardura izan zen Schusterren gainean egotea defentsan, eta erasoan aurrera joatea aukera neukanean.

Clemente izan zen talde horren arrakastaren gako nagusia?

Nik uste dut baietz. Kontuan izan behar da talde horretan geunden hainbat jokalari gazteen mailatik berarekin egon ginela eta bere eskutik igo ginela lehen taldera. Era berean, sekulako gaitasuna zeukan jokalariak konbentzitzeko, gaur egun modan ipini diren coach horietako bat zen. Hori bai, berari naturalki ateratzen zitzaion, berezkoa dauka dohain hori. Horren adibide, gogora ekartzea besterik ez dago lehen liga irabazi zutenean –nik ez bainuen irabazi soldaduskan nengoelako–, denboraldia hasi aurretik esan zuela txapeldunak izango zirela. Jendeak barrezka hartu zuen, baina berak jokalariek sinistea lortu zuen.

Harritzekoa da aipatu duzuna, futbolari profesionala izan arren, soldaduska egin behar izan zenuen?

Garai horretan hori gertatzen zen. 1980an egin nuen debuta Athleticekin, baina bi urte beranduago soldaduska egin behar izan nuen Ceutan. Horregatik jokatu nuen Bigarren B mailan talde horretan. Gogoratzen dut Urtubi Mallorcan egon zela, eta uste dut Zubizarretak Bilbon edo Gasteizen egin zuela. Gaur egun hori pentsaezina edo ulertezina da jendearentzat. Athletic saiatu zen hona ekartzen, Iñaki Saez baitzegoen Lezamako arduradun. Era berean, Ceutatik Xerezera mugitu nahi ninduen, baina ezinezkoa zela erantzun zioten.

«Maradona gelditzeko aurkariek egurra erabiltzen zuten, eta gaur egun jokalariak babestuago daude»

Athleticen eta Bartzelonaren artean ere giro nahasia zegoen finalaren atarian Goikoetxeak Maradona lesionatu zuenetik, eta Menottik berak gogor erantzungo zutela esan zuen atarikoan.

Egia esanda, guk horrelako talde bati aurre egiteko beharrezkoa genuen gogor jokatzea. Teknikoki hobeak ziren, eta guk alde geneukan fisikoa. Arautegiaren mugan jokatu behar genuen, eta egia da gogorrak ginela, baina ez dut uste gogorregiak ginenik.

Maradona zoratzea lortu zenuten, behintzat, eta kolpeka amaitu zuen.

Nik uste eragina izan zuela Bartzelonak liga irabazi ezin izanak. Kopa zen titulu bat irabazteko aukera, bakarra, eta ez zuten lortu. Gainera, Nuñezen lana oso ona izan zen, eta ez zion baloia hartzen utzi Maradonari. Gainera, talde bezala oso lan solidarioa egin genuen. Bat ez bazen heltzen, bestea joaten zen lehiara. Gure ezaugarri nagusia zen talde bat ginela zentzu zabalenean, eta horregatik heldu ginen titulu horiek irabaztera.

Borroka hasi zenean ere erakutsi zenuten...

Bai, eta hori ni ez nintzela konturatu. Aldatu egin ninduten azken ordu laurdena geratzen zenean. Sarabia atera zen nire ordez, eta aulkian nengoen. Izkinatik ez nuen ikusi zer gertatu zen zelaian, borroka amaitzean ikusi nuen Miguel Sola odoletan eta lurrean botata. Taldea oso batuta zegoen, eta horrela erantzun zuen segituan.

Aukerarik izan zenuten inoiz Maradonarekin gertatutakoaz hitz egiteko?

Badakit Goikoetxeak zerbait egin zuela bere garaian egoera bideratzeko. Egia dena da, garaiko irudiak begiratzen badituzu, eta gogoan daukat Bartzelona eta Madrilen arteko Kopako final bat, Maradonari egiten dioten sarrerarik garbiena gerriaren inguruan dela. Egur asko jasotzen zuen, gaur egun askoz babestuago daude jokalariak. Gaur egun, Maradona fenomeno bat izango litzateke, eta ukiezina. Berak bakarrik irabaziko lituzke partidak.

Hain ona zen Maradona?

Bai, bai. Maradona gelditzeko aurkariek egurra erabiltzen zuten. Azken urteetan Messirekin edo gaur egun Mbapperekin hori ez da egiten. Orain askoz askeago jokatuko luke, eta ikusgarria izango litzateke.

Nola gogoratzen duzu gabarraren ospakizuna?

Nik 1984koa bakarrik bizi nuen, eta gogora etortzen zaidana da garai hartako iluntasuna. Gure gizartean sufrimendu handia zegoela iruditzen zait alde guztietatik. Gero, ibaia igotzean, langileak ateratzen gogoratzen ditut: labe garaiak, jendea garabietan igota. Hala ere, ni ospatzen aritu nintzen lagunekin, saltoka, aurrera eta atzera, eta ez zara guztiaz ohartzen.

Zaleen poza eta zoramena aurtengoa bezalakoa izan zen?

Ezberdina zen, dena aldatu da: zaleak, futbola, San Mameseko giroa... Athletic beti izan da gizartearen isla eta oso transbertsala, baina esango nuke sentimendu hori hurbilagokoa zela. Gure garaian ez zegoen oraingo distantziarik zaleekin eta komunikabideekin. Lehen, Lezamara joaten zinen, eta gurekin egon zintezkeen; orain, aldiz, baimena eskatu behar da. Agian erratzen naiz, baina iruditzen zait gaur egungo globalizazioarekin zale gehienak gero eta antzekoagoak direla. Abesti berdintsuak entzuten dira, eta ez dago hainbesteko ezberdintasunik zelai batetik bestera.

Zer iruditu zaizu 2024ko gabarra?

Lehenik eta behin, oso ezberdina dela txalupa batean ondoan joatea edo gabarraren gainean egotea. Gu San Antongo zubiraino joan ginen, hortik Begoñara igo eta gero Udaletxera jaitsi. Esango nuke lasaiago edo askeago geundela, denboraldia amaituta baitzegoen eta oporretan baikeunden. Era berean, gure sasoiko alkandorak berreskuratzea ideia ona izan dela uste dut, eta hurrengorako eredu bat izan daiteke. Jon Aspiazu –Athleticen bigarren entrenatzailea– gurekin egon zen 84an, eta alkandora berdina eraman zuen soinean. Berak eta Iribarrek bakarrik errepikatu dute. Bestalde, uste dut Athleticek aukera bat galdu duela beren komunitatearekin bat egiteko eta balore batzuk elkarbanatzeko.

«Athleticeko jokalariak eredu bat dira gazte eta umeentzat, eta euskara gehiago entzutea garrantzitsua da»

Zergatik diozu?

Gu ez ginen iritsi Udaletxeko omenaldira, telebistatik ikusi nuen eta tristura eman zidan. Alde batetik, hizkuntzaren trataera dago. Ez dut ulertzen Athleticek nola ez zuen aurretik landu esatari edo dinamizatzaile bat jartzearen ideia, hizkuntzen erabilpena orekatzeko. Ezin da aste batean Korrikaren lekukoa eraman, eta hurrengoan euskarari lekurik ez egin zure ospakizunean. Horregatik, Asier Villalibrek esandako hitzak nabarmendu nahiko nituzke. Uste dut Athleticeko jokalariak eredu bat direla gazte eta umeentzat, eta euskara gehiago entzutea garrantzitsua da. Bestetik, gizartearekin bat egiteko hitz egitean, generoaren trataera ere kontuan izan behar da, eta zaleen artean emakumezkoak daudela gogora ekarri.

Kopako azken garaipenak zein eragin izan dezake zaleen artean?

Nik uste garaipen hau oso baliagarria izango dela belaunaldi berriekin haria ez eteteko. Gainera, Messi eta Ronaldoren arteko lehia amaitu da Ligan, eta horrek erraztu egingo du gazteak eta umeak Athleticekin errazago lotzea. Hala ere, jakin behar dute, edo irakatsi behar zaie, hiru urte barru maila ez galtzeko borrokan egon gaitezkeela, eta Athletic izaten jarraituko dugula. Zaleak jabetu behar dira Athleticek daukan kirol politikarekin une onak eta txarrak izan ditzakezula, ateratzen diren jokalarien arabera. Berrogei urte igaro dira Kopa irabazi gabe, baina nik nabarmendu egin nahiko nituzke urte mordo hauetan taldeak Lehen Mailan irautea lortu duten jokalariak. Andrinua, Larrazabal, Iraola edo Etxeberria bezalako kapitainen izenak etortzen zaizkit burura, eta sekulako meritua izan zutela azpimarratu nahiko nuke.

Eta klubarentzat zer suposatuko du?

Nik uste positiboa izango dela. Iruditzen zait jokalari askok zama bat kendu dutela gainetik, eta orain lasaiago jokatuko dutela zerbait irabazita daukatelako. Hala ere, uste dut gutxi hitz egin dela garaipen honek dakarrenari buruz. Izan ere, Saudi Arabiara joan beharko da Superkopa jokatzera, eta ez dut entzun kritikarik. Badakit orain dela urte pare bat ere joan zirela, baina iruditzen zait une aproposa dela klubak ekarpen bat egin eta alternatibaren bat bilatzeko. Justu orain, Espainiako Federazioa ikertzen ari dira auzi honegatik, eta uste dut errazagoa dela zerbait esatea.

Futbol modernoa deritzonak hartutako norabidearekin kezkatuta zaude?

Niri futbola izugarri gustatzen zait kirol bezala. Nik gehien ezagutu dudana da, eta balore batzuk transmititzeko oso baliagarria dela deritzot: elkartasuna, norberaren eta taldekidearen mugak ezagutzea eta errespetatzea. Hala ere, azken urteetan negozio izugarria bilakatu da, jokalariak eta klubak erosi eta saltzen ari dira. Cappa argentinarrak esaten duen moduan, futbola lapurtu digute. Ildo horretan, uste dut diru gehiegi mugitzen duela, eta muga batzuk ezarri beharko liratekeela. Ezkerreko pentsamoldea dugunok zerbait proposatu beharra daukagu futbola beste modu batean kudeatzeko. Badakit zaila dela, baina badaude adibide batzuk, Bundesligan esaterako, sarreren prezioen inguruan edo jartzen den publizitateari buruz, balore batzuk lotuz.