1977/2024 , 20 de Mayo

Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Entrevista
Oier Sanjurjo
Osasunaren kapitaina 2018-2019 denboraldian

«Egun horretatik hona, Osasunaren bilakaera ederra izan da, eta Arrasatek erru handia izan du»

Bost urte atzera egin eta egun «berezia, zoragarria» gogoratzen du Oier Sanjurjok. Egun horretan ez zuten partidarik, ez behintzat zelaian. Sadarreko bulegoetan elkartu ziren Albacete eta Granadaren artekoa ikustera. Andaluziarren garaipenak Lehen Mailara itzularazi zuen Osasuna. Gaua luzea izan zen Iruñean, eta ongi gogoan du Lizarrakoak.

Oier Sanjurjo, Gaztelu Plazan, 2019ko igoera zaleekin ospatzen.
Oier Sanjurjo, Gaztelu Plazan, 2019ko igoera zaleekin ospatzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

2019ko maiatzaren 20a, Osasuna Lehen Mailara azken aldiz igo zen azken eguna. Jokatu gabe igo zen Osasuna. Egun bat lehenago Cadizen aukera galdu zuen talde gorritxoak, ezin izan baitzuen garaipena lortu. Andaluziako beste talde batek, baina, lagundu zion biharamunean, Albaceteri irabazita. Orduko kapitaina zen Oier Sanjurjorekin gogoratu ditugu une horiek.

Nola bizi izan zenuen egun hura?

Jokatu gabe jakin genuen Lehen Mailakoak ginela berriz ere. Partida hori ikusteko Sadar zaharreko bulegoetan elkartu ginen talde osoa, senideak, entrenatzaileak... denak. 90 minutu horiek kristoren urduritasunarekin ditut gogoan: Granadak gola sartu zuenean guztiak eztanda egin zuen, ospatzen hasi ginen, eta epaileak amaiera adierazi zuenean... eromena. Zoragarria izan zen hori bizitzea. Saltoka, algaraka, oihuka, abestuz... Oso momentu berezia eta polita izan zen. Han bertan trago bat hartu eta berehala atera ginen zaleekin behar den bezala ospatzera. 

Askotan esaten da urduritasun handiagoa pasatzen dela zelaitik kanpo zaudenean zelaian baino.

Bai, bai. Zelaian, behin lehen lasterraldiak egiten dituzunean urduritasun horiek aldendu egiten dira. Baina zelaitik kanpo zaudenean desberdina da, eta urduritasunak 90 minutuz jarraitzen du zure gorputzean sartuta. Adibide argiena, nire kasuan, Sabadellen kontrako partida hura da: 2.B Mailarako jaitsiera arriskua genuen, arriskua baino gehiago, azken minutuan berdindu genuen-eta. Nik ezin izan nuen partida hori jokatu, txartelarekin zigortuta nengoelako, eta harmailatik ikusi behar izan nuen partida hura. Eta oso-oso-oso gaizki pasatu nuen. Taldeak laguntza behar zuen, nik ezin lagundu, eta ezintasun hori... Hil ala biziko partida zen, kluba desagertzeko zorian egon zen eta oso egun latza izan zen.

Itzuliko gara, ba, egun alaiago horretara. Esan duzu zelaian ez, baina zaleekin Iruñeko kaleetan ospatu zenutela duela bost urteko igoera.

Hori da, Sadarretik zaleekin ospatzera joan ginen. Halakoetan egin ohi den moduan, Gaztelu Plazara, Iruñeko leku esanguratsuenetariko batera. Ikaragarri polita izan zen, jendea gure zain zegoen. Gainera, oker ez banago, astelehen bat zen eta asteguna izateko kristoren jendetza gerturatu zen gurekin une hori konpartitzera. Polita, erabat.

Gogoangarriak dira Brandonek euskaraz bota zituen hitzak eta Arrasateren bertsoa. Baina seguru badagoela publikoak ezagutzen ez duen anekdotaren bat...

Brandon tipo xelebrea eta jatorra da, bai. Kar,kar,kar. Horrelako gauzak bazituen. Bestalde, igual Bittorrek (Alkiza, bigarren entrenatzailea) akabatuko nau, baina gogoan dut ordu txikitan gertatutako zerbait. EH Sukarra zale amorratua da, eta ospakizuna egin genuen tabernan jarri genuen. Eta hor ibili zen Bittor besoz-beso, airean ibili genuen.

Egun batzuk geroago, Sadarren zaleekin ospatu ahal izan zuten. (Iñigo URIZ / FOKU)

Orduan, igoera horrekin jaio zen gaur egun Lehen Mailan egonkortuta dagoen proiektua. Arrasate gabe aro berri bat hasiko da edo izango du segida?

Bai, nolakoak diren gauzak. Badakigu Arrasatek ez duela segituko. Ordutik honako Osasunaren gorakada, Arrasateren eskutik, oso polita eta ederra izan da. Arrasatek erru handia dauka bilakaera handi honetan. Osasunak historikoki izan dituen urte berezi eta oparoenetarikoak izan dira. Zaila izango da honek segida izatea, eta, segida baldin badu, izango da asmatu dutelako orain ekartzen duten entrenatzailearekin.

Arrasate bezalako entrenatzaile bat ekartzea, bere ezaugarriekin, zaila izango da. Horrelako entrenatzaileak gutxi dira.

Handik hiru urtera, 2022ko maiatzaren 19an, agurra eskaini zizun Sadarrek.

Hunkigarria izan zen momentu hori ere. Jendeak urte hauetan guztietan nik Osasunan egindako ibilbidean pilatutako maitasuna erakutsi zidan, eta bueltan eman zidan agurrean. Azken partidan ere jokatu nuen, eta hor ere izan nuen motzez jantzita jendearen berotasuna. Eta azken agur horretan jendeak erakutsi zidan maite ninduela eta eskertzen zidala nik egindako ahalegina eta Osasunari emandako guztia. Betiko eskertua egongo naiz jendearekin, haien berotasuna eta maitasuna gertutik sentitu izan dudalako.

Oier Sanjurjo, hunkituta, Osasunarekin azken partida jokatu ostean. (Iñigo URIZ / FOKU)