1977/2024 , 28 de Mayo

Entrevista
Aizpea Goenaga
Etxepare Institutuko lehen zuzendaria

«Atzera begiratu eta pentsatzen dut, zenbat ordu, zenbat lan... Eta batzuetan, zein bakarrik!»

Etxepare Institutuko lehen zuzendaria izan zen Aizpea Goenaga, erakundea abian jarri zuena. Duela 14 urteko kontuak dira horiek, baina orduan egindako esfortzu eta lanak gogoan ditu Goenagak, baita lortutakoagatik sentitzen duen harrotasuna ere.

Aizpea Goenaga.
Aizpea Goenaga. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Berria zabaldu zenerako Aizpea Goenagak denboratxoa zeraman Etxepare Institutu sortu berriaren zuzendari lanetan. Izan ere, proposamena onartu eta berehala heldu zion erronkari, 2010eko maiatzaren 28ko izendapen publikoari itxaron gabe. Krisialdi ekonomiko bete-betean instituzioa zerotik eraikiko zuen taldeko buru izatea egokitu zitzaion eta, egun, ezin dio hasperenari eutsi garai horien inguruan galdetzen zaionean. Lan ugari eta are neke handiagoko uneak izan ziren, aktore, zuzendari eta beste pila bat gauza ere baden Goenaga zuzendari lana ez zen oro alde batera uztera behartu zutenak.

Harrotasunez mintzo da orduan lortutakoaz eta gaur egun Etxepare Institutua denaz. Izan ere, lortu zuen erakundea ez ezik, euskara eta euskal kultura mundura ateratzea, gaurko egunera arte dirauen txokoa zabalduz.

Etxepare Institutuak izan zuen lehen zuzendaria zara. Nolakoa izan zen abian jartzea?

Oso gogorra, orokorrean. Atzera begiratuta, erokeria bat izan zen. Etxepare Institutua sortzeko legea bazegoen eta, berez, sortuta zegoen, baina lanpostuen zerrenda atzera botata. Bi aukera neuzkan hasteko, zerrenda horiek berreskuratu edo lanpostu berriak diseinatzea, eta bigarrena iruditu zitzaigun errazena. Bazegoen txosten bat eginda egin beharreko lanaren inguruan, batez ere arlo akademikoaren ingurukoa. Baina, kulturaren alorra eraiki eta bestearekin bateratzea falta zen.

Zerotik hastea izan zen. Batetik, jendeari erakustea Etxepare Institutua zer zen. Niretzat erronka bat izan zen; gure kultura oso potentea da, gure hizkuntza oso potentea da, nik sinisten dut benetan kanpora atera gaitezkeela eta atera garela, eta jendeak eraiki dituen bide horietatik beste jende bat ere joan daitekeela.

Obrak ere bukatzeko zeuden, bidaiatu eta harremanak sortu behar ziren sektoreekin... Nire estrategia zen eginez erakustea, eta hori egin nuen. Horrela hasi ginen gure antzeko erakundeekin harremanak sortzen, adibidez, Cervantes Institutuarekin edo Ramon Llull Institutuarekin.

Eromen horretan guztian, oso pozgarria izan zen niretzat estrukturalki horren txikiak izanda zer-nolako oihartzuna lortu genuen eta kanpoan zer-nolako errespetuarekin hartzen gintuzten ikustea.

Zeintzuk izan ziren hasierako urteetan izan zenituzten helburuak?

Hausnarketa oso sakona egin nuen eta Mari Jose Olaziregik egin zuen txostenak lagundu zidan. Bera zen euskara zerbitzuaren eta unibertsitateen arduraduna, eta literaturan aditua da, eta lanera sartu zen bera ere. Ikaragarrizko lana egin zuen, bera izan zen bidelagunik garrantzitsuena. Baina ez geneukan Kultura zuzendari bat, nigan erortzen zen lan hori. Eta hori disparate bat zen, atzera begiratu eta pentsatzen dut, zenbat ordu, zenbat lan... Eta batzuetan, zein bakarrik!

Nire helburua izan zen, batetik, gure irudia kanpora ateratzea munduan ibili den jendearen babesa eskatuz. Eta bestetik, barne antolaketa behar genuen, oso ondo eraiki behar genuen Kultura Sailarekin geneukan muga, lanari zegokionez. Horrez gain, dirulaguntzak antolatzeko prozesua oso luzea eta oso sakona izan zen. Dena guk egitearena politika bat zen, eta harro nago horretaz.

Gainera, azaldu behar genuen zergatik euskal kultura eta euskara altxorra diren. Horretarako, liburuxka batzuk egin genituen, oso baliagarriak direnak. Kanpora ateratzeko ikuskizun bat prestatu genuen, aitzakia eman zezan gure artisten eta kanpoko erakundeen arteko ezagutza sustatzeko.

Helburu horiek lortuta, unibertsitateekin zeuden hitzarmenak indartu eta berriak egiteko lanean hasi ginen, hainbat jaialditan euskal presentzia bermatu genuen, estrategikotzat jo genituen hainbat tokitan ekimenak sortu genituen...

Ramon Llull Institutua eredu gisa hartuta sortu zen Etxepare. Begiratzeko ispilu hori izatea abantaila ala desabantaila izan zen?

Haiekin bildu eta neukan aurrekontuaz galdetu zidaten. Erantzun nienarekin, esan zidaten ez neukala ezer egiterik. Beraien eredua bestelakoa zen, beste antolakuntza bat zeukaten, delegazioak zeuzkaten...

Guretzat mugarria izan zen Europako Kultur Etxeen Sarean sartzea. Ez iezadazu galdetu nola egin genuen, garbigailu bat basamortuan saltzea bezain zaila baitzen gure burua saltzea, baina lortu genuen.

Ezarri genuen egitura bat gero Miren Arzallusek eta Irene Larrazak mantendu dutena. Ondo eraikita dago eta mantentzeak poza ematen dit, nahiz eta bide berriak zabaldu behar diren eta zabaldu diren.

Etxepare Institutuaren buru izateko, zure beste ofizioak alde batera utzi behar izan zenituen.

Ezin nuen beste lanik egin, ez zidaten uzten, karguarekin ez zelako bateragarria, ezta kobratu gabe eginda ere. Horrez gain, denborarik ere ez neukan, 14-15 ordu ematen nituen lanean, ez nuen lorik egiten...

Aurrekontua oso txikia zen eta jende gutxi ginen lanean. Horrek zekarren bidaietara ni joan behar izatea. Nik ume txikia neukan orduan, eta esaten nuen, buff... Baina harro nago. Behazuna bidean utzi nuen eta estresa handia zen. Zorionez, taldeak ikaragarri lagundu zidan.

Gainera, kanpora joateaz gain hemen egiten ari ziren gauzak ikusi behar nituen, zer zabaldu izateko. Nire autoexijentzia hori ikaragarria izan zen.