1977/2024 , 8 de Junio

GURE ESKU DAGO

Herri libre bat erabakitzeko bidean

2013ko ekainaren 8an aurkeztu zen Gure Esku Dago gizartearen aurrean. Urtebetera Euskal Herria zeharkatu zuten giza-kate baten bidez. Kate hori gaur egunera arte luzatzen da. Atzera zein aurrera begira eginez, Artefaktuarekin kolaborazio bat dakar ekimenak.

Jaizkibel, Gure Eskuk argiztatuta, 2022an Pirineo guztia bete zuen ekimenaren baitan.
Jaizkibel, Gure Eskuk argiztatuta, 2022an Pirineo guztia bete zuen ekimenaren baitan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hamaika urte igaro dira Gure Esku lehen pausuak ematen hasi zenetik, pixkanaka erabakiaren bidean lanean hasi eta herri osoa subiranotasunaren inguruan mugitu zuenetik. Hamaika urte lanean aritu da, eta hala dihardu gaur egun ere. Herri libre bat nahi dugu. Elkarrekin eraikitako herria, nolakoa izango den erabakiko duena. Mugimendua sortu nahi dugu, eta herria martxan jarri elkarlana bultzatuz.

Sinergien beharra dugu, martxan jarri eta lurraldeen arteko, zein eragileen arteko elkarlanak sortu behar ditugu. Horretarako une hau egokia dela uste du Gure Eskuk, hainbat mugimendu gertatzen ari baitira gure inguruan. Abagune egokia zabaltzen ari da Euskal Herrian, burujabetza prozesuan aurrerapausuak emateko eta horren baitan Herri Libre Bat kanpaina jarri dugu martxan.

Dinamika honetan, bi urtetan zehar une edo ekimen ezberdinak izango dituen plana osatu dugu. Subiranotasunaren auzia agenda politikoaren erdigunean kokatu nahi duen plana izango da. Herria ilusiotik mugituko dugu, herritar bakoitzaren laguntzarekin Euskal Herri anitz bat irudikatzea lortuko dugu.

Hasiera eman genion kanpainari korrikan zehar gure ikurrak zabalduz, Irundik Baionarako tartean herri harro bat erakutsiz. Aberri Egunean ere zabaldu genituen ikurrina eta nafar banderak, gure aberriaren ikurrak.

Hurrengo ekimena apirilaren 13an izan genuen. Etxarri Aranatzen elkartu ginen egun osoan zehar lehen herri galdeketaren urteurrenaren baitan. Euskal Herriaren etorkizuna herri galdeketen bidez erabaki daitekeela erakutsi bai ziguten egindako galdeketa horiek, beraz, bertan egindako lana omendu genuen eta aurrera begira martxan jarri ginen.

Orain, Euskal Herria irudikatzera goaz. Herri bakoitzeko berezitasunak bildu nahi ditugu, gure herria zerk egiten duen erakutsi nahi dugu. Herri nortasuna, kultura, hizkuntza zein beste hainbat eta hainbat ezaugarri bildu nahi ditugu. Denak bideo kate batean. Maratoi hibrido bat sortuko dugu, bideoz zein zuzenekoz osatutakoa. Euskal Herria eta bere baitan dauden herriak irudikatuko dituena.

Erabakiaren bidean, aurrerapausuak emateko elkarrekin egin behar dugu bidea. Lurraldeen, eragileen zein taldeen arteko elkarlanak sustatu, herria martxan jarri eta subiranotasunaren alde egin behar dugu. Datozen hilabeteotan antolatuko ditugun mobilizazio eta ekimenetan parte hartzera deitu nahi zaituztegu. Norabidea argi bultza dezagun. Denon artean posible egingo dugu. Herri Libre bat nahi dugu, eta erabakiaren bidea elkarrekin egin!