1977/2024 , 12 de Junio

Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ez ziren suzko erroberak lehertu Estatu espainiarra EEEn sartu zenean

Ekitaldi dotorea hartu zuen Madrilgo errege-etxeak Estatu espainiarra Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen egunean, baina hortik kilometro gutxira, odol putzu batzuek festa zikindu zuten. Odoletan utzi zuten Ina Zeberio ere, urte batzuk beranduago.

'Egin'-en biharamuneko azal gazi-gozoa: Estatu espainiarra EEEn eta atentatu bikoitza Madrilen.
'Egin'-en biharamuneko azal gazi-gozoa: Estatu espainiarra EEEn eta atentatu bikoitza Madrilen. (EGIN)

Estatu espainiarraren irudiari ez zion batere lagundu, Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE) sartzeko ituna sinatu zuen egun berean, Madrilgo errege-etxean kontinenteko herrialde garrantzizkoetako ordezkari entzutetsuak jaso behar zituen ekitaldia baino ordu batzuk lehenago, apenas bost kilometrora, hiru pertsona –bi militar eta polizia bat– hil zituen atentatu bat pairatzeak. «Espainiak bere ahaleginak egingo ditu Europako bakearen eta justiziaren idealak eraikitzeko, eta irmoki diot inork ezingo dituela oztopatu bortxa edo indarkeriaren bidez Europako eraikuntzan laguntzeko ditugun asmoak», adierazi zuen ekitaldi diplomatikoan Felipe Gonzalez Espainiako presidenteak. 1985eko ekainaren 12a zen.

Egun «historikoa» zen, Gonzalezen hitzetan. Han ziren Wilfred Martens Belgikako lehen ministroa, Poul Schlueter Danimarkakoa, Bettino Craxi Italiakoa, eta egun berean EEEra sartuko zen Portugalgo lehen ministroa, Mario Soares, beste batzuen artean. Eguna hasterako, Madrilgo garabiak inoiz baino lan gehiago egiten ari ziren, nazioarteko ordezkari hauek guztiek zeharkatuko zituzten kaleak kotxez hustuz. Denak txukun behar zuen.

Zilarrezko hiru idazluma eta 1.200 orriko ituna marmol, jade, agata eta lapis lazulizko taulak eusten zituen brontzezko sei esfingerekin apaindutako mahai gainean. Gerora Europako Batasuna (EB) sortzeko oinarri izan zen EEEaren parte bilakatzeak ez zuen gutxiago merezi. Europara zabaldu zen Estatu espainiarra eta gustura ziren sindikatuak, patronala eta Jose Antonio Ardanza lehendakaria, Estatuaren «modernizazioa» ekarriko zuen pausuarekin.

Dokumentua sinatu ostean, handiki afaldu zuten errege-etxean 132 gonbidatuek, hurrengo eguneko 'Egin'-ek jaso moduan: curryz lurrindutako porruaren krema hotza, Kantauri itsasoko otarraina hostorean, oilaskoa patatarekin betea eta mugurdizko krepeak, Jerez eta Rioja ardoak, cavak eta brandy espainiarrak lagunduta.

Alta, festa ez zen uste bezala amaitu, Madrilgo atentatuen ondorioz bertan behera utzi baitzuten suzko erroberen ikuskizuna.

Denak txukun behar zuen

Hiru hildako atentatu batean, Estatu espainiarrak zilarrezko bolalumaz EEErako sarrera sinatu zuen egunean, hirian sei lehen ministro eta hamaika kanpo-arazoetako ministro europar zirenean. 5.000 polizia-agente zabaldu zituen Gobernuak Madrilen segurtasuna bermatzeko. Ez zen giro suzko erroberak botatzeko.

Vicente Romero Armada espainiarreko koronela eta haren txoferra, Juan Garcia Jimenez, tiroz hil zituen hiru pertsonaz osatutako komando batek 09.50ean. Atentatuaren egileek kotxez egin zuten ihes, eta handik bi ordura aurkitu zuten poliziek auto hutsa, ETAk 10.00etan egin zuen dei batek haren kokapena zehaztu ostean. Barruan utzi zuten pakete batek agenteen susmoak piztu zituen, eta teknikariek egiaztatu zuten baietz, lehergailua zela. Bonba desaktibatzen saiatu zen Tedax-eko Esteban del Amo, baina eztanda egin zuen lehergailuak, eta bertan hil zen.

Denak txukun behar zuen eta, beraz, 'Egin'-eko hurrengo eguneko azalak garbitzaile batzuen argazkia erakutsi zuen, errege-etxetik bost kilometrora dagoen Salamanca auzoan, odol putzuak garbitzen.

Ina Zeberio: «24 zulo eta eskuak lotuta»

Zenbateko odol putzua egin dezake 24 zuloz jositako gorpu batek? Ekainaren 5eko goizaldea zen. Ertzaintzaren elite unitateko agenteak Inaxi Zeberio beste bi kiderekin –Patxi Marques eta Iñaki Bilbao– gordetzen zen Gernikako etxera tiroz sartu ziren, 'Bizkaia komandoa' desegin nahian, haien esanetan. Gutxi-asko, ehun ertzain ikusi zituztela esan zuten lekukoek. Baltasar Garzonen mandatua jasota, agente horiek guztiak Gernikako Pablo Picasso kalean zen lau pisuko eraikinaren parean kokatu ziren, eta hiru militanteak zeuden etxebizitzako atea lehertu zuten gero. Marques eta Bilbao atxilotu zituzten, eta Ina Zeberio, Lizartzako 35 urteko gaztea, tirokatuta hil zuten.

1998ko ekainaren 13an gaude, 'Egin' hartu berritan, azalari so: «24 zulo eta eskuak lotuta». Autopsiaren lehenengo emaitzak argitu ziren bezperan, eta heriotza bat eta 24 tiro gutxi ez balira, polizia-operazioaren egokitasuna zalantzan jartzen zuen beste detaile batek eman zuen arreta: eskuburdinak jarrita zituen Zeberiok. Iñaki Iriondo kazetariak bi hipotesi egin zituen: bizirik zegoela jarri zizkioten eskuburdinak eta gero hil zen, edo gorpua mugitu zuten eta, beraz, legez kanpo manipulatu, epailea iritsi baino lehen. Oraindik ere argitzeke dago inguruabar hau, eta ardurak hartzeke dituzte operazioa agindu zuten ordezkariek eta gauzatu zuten poliziek.

Juan Mari Atutxa Barne Saileko sailburuak onartu zuenez, aspaldidanik zuten 'Bizkaia komandoa' kontrolpean, baina, hala ere, ertzainek indar guztia erabiltzea erabaki zuten. 2000. urtean, Gernikako epaitegiak Ina Zeberio akabatu zuen polizia-operazioari buruzko kasua artxibatu zuen, eta bertsio ofiziala onartu: ertzainen aurretik, Zeberiok egin zuela tiro. «Bere jarrerak eraman zuen hilkutxara», baieztatu zuen Atutxak. Alabaina, 1998az geroztik, ekain oro jendetza batzen da Lizartzan Inaxi Zeberio oroitzera eta haien bizilagunari egin ziotenaren inguruko «egia osoa» argitu dadin eskatzera.