1977/2024 , 15 de Junio

Artefaktua

Iheslari eta deportatuen itzulera hauspotu zuen ibilbidea, bideoan

Euskal iheslari eta deportatuak sorterrira itzultzeko sortu zen «Herria dugu arnas» prozesura iristeko bidea, eta hark gerora ekarri zuena laburtzen duen bideoa egin zuen NAIZek 2014an. Hemen berreskuratuko dugu ikus-entzunezkoa.

Iheslarien itzulera Zarautzen, 2014ko martxoko azken ostiralean.
Iheslarien itzulera Zarautzen, 2014ko martxoko azken ostiralean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) Biarritzen etxera itzultzeko garaia zela esan eta urte eta erdira, ordurako ehun iheslari eta deportatu politiko etxeratu zituen ibilbidearen errepasoa egiten zuen bideoa argitaratu zuen NAIZek 2014ko abenduan.

Biarritzen 2013ko ekainaren 15ean aurkeztu zen itzulerarako bide-orria, euskal gatazkaren konponbide izateko konpromiso aktiboa ere jasotzen zuena. Hala ere, etxerako bidea ez zen oztoporik gabekoa izan. Jokin Aranalde iheslarien kolektiboko bozeramaileetako bat atxilo hartu zuen Poliziak, baita Beñat Atorrasagasti erbesteratua ere.

Errepresioak ez zituen EIPKren asmoak atzerarazi. Biarritzen hasitako bidea Arrangoitzen berretsi eta indartu zen, 2014ko martxoaren 12an, «Herria dugu arnas» prozesuarekin. Ion Telleria eta Asier Burgaletak ekoitzitako bideoak azaltzen duenez, denbora tarte horretan ehun iheslari inguruk egin zuen Euskal Herrira itzultzeko urratsa. «Gaurko egunetik aurrera, gure sorterrietako kaleak betetzen hasiko gara», zin egin zuten orduan.

Ordutik aurrera, saldoka –2014ko martxoko azken ostiralean bezala– edo tantaka –Asun Arana bezala, kasurako, 40 urtez deserrian izan zena– Euskal Herriratu ziren euskal iheslari eta deportatu politikoak, gehienak jada Ipar Euskal Herrian bizi zirenak.

Asun Arana, 1974tik deserrian izan ostean, Euskal Herrira itzuli berritan. (Jon URBE/FOKU)
Asun Arana, 1974tik deserrian izan ostean, Euskal Herrira itzuli berritan. (Jon URBE/FOKU)

Hainbeste zorion malko eta zirrara eragin zituen prozesu horren nondik norakoak jasotzen ditu NAIZen bideoak, iheslarien testigantza eta bizipenekin eta garaiko irudiekin. Hamar urte edo gehiago dituzte irudiok, baina ez dira oraindik iraungi, erbesteratu guztiak ez baitira etxean.