1977/2024 , 27 de Junio

Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Historiaren Errege Akademia espainiarra: «Arrazismoa eta loturen esklusioa sustatzen dute ikastolek»

Euskal Herriaren eta euskaldunon kontra jaurtitzeko arma izan da gure hizkuntza. 2000ko ekainaren 27a zen Gonzalo Anesek, Historiaren Errege Akademia espainiarreko zuzendariak, ikastolek arrazismoa eta loturen esklusioa sustatzen zutela salatu zuenean.

Makina bat aldiz jarri dituzte jopuntuan ikastolak, euskara eta euskal kultura.
Makina bat aldiz jarri dituzte jopuntuan ikastolak, euskara eta euskal kultura. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aspaldi esan zuen Ruper Ordorikak: «Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den». Gure historia da horren lekuko. Historia urruna zein hurbila. Makina bat eraso jasan ditu euskarak eta euskal kulturak. Eta ez du etenik.

Euskararen aurka epaitegietatik azkenaldian izan diren epaiak dira horren adibide. Kate luzearen beste begi bat besterik ez dira. «Gaurko euskaltzaleok zerbait bagara, nekezia handi, sakon eta etengabekoen aurkako zaintza erraldoi baten emaitza gara», adierazi zuen Idurre Eskisabel Euskararen Kontseiluko idazkari nagusiak iazko azaroaren 4an Bilbon deitutako manifestazio jendetsuan. Ordorikaren 'Zaindu maite duzun hori' abestiko hitzak bere egin zituen.

Euskara Euskal Herriaren eta euskaldunon kontra jaurtitzeko arma izan da. Ikastolak dianaren erdigunean egon izan dira maiz. «Arrazismoa eta loturen esklusioa sustatzen dute ikastolek». Hauek izan ziren Gonzalo Anesek, Historiaren Errege Akademia espainiarreko zuzendariak, esandako hitzak. 'Irakaskuntza ertaineko historia-testuei buruzko txostena'-ren aurkezpenaren harira egin zituen adierazpenak. 2000ko ekainaren 27a zen.

Historiaren irakaskuntzan ikusitako «desitxuratzeaz» ardura agertu zuen. «Euskal Herriko ikastoletan Historiaren gaineko ikuspegi partziala eta alderdikoia zabaltzen da, arrazakeriaren eta lotura komunen bazterketaren aldeko ideia nazionalistetan oinarrituta», salatu zuen.

Oro har, Historiaren Errege Akademia espainiarraren iritziz, urritasun eta desitxuratze interesatuak nabarmentzen ziren Estatu osoko irakaskuntza ertaineko ikastetxeetan, eta bereziki hizkuntza propioa daukagun autonomia-erkidegoetan.

Gonzalo Anes, Historiaren Errege Akademia espainiarraren zuzendaria. (FDV | WIKIMEDIA)

«Modu objektiboan eta independentean gure iritzia publiko egitea da akademiako kideon nahia», gaineratu zuen Anesek. Txostena aurkeztearekin batera, egoerari konponbidea emateko beharrezko neurriak hartzeko eskatu zion Hezkuntza eta Kultura Ministerioari.

Hautsak harrotu zituzten adierazpen hauek. Haserrea eragin zuten. Eta hurrengo egunetan erreakzioak etengabeak izan ziren Euskal Herrian. Iñaki Etxezarretak, Ikastolen Federazioko zuzendaritzako kideak, txostenaren zorroztasuna ezbaian jarri zuen. «Garai zaharrak faltan ditu agian Akademiak» esan zuen. «Krisian dago historiaren irakaskuntzaren eredu bat, denok sufritu duguna», ohartarazi zuen.

Jarraipen zabala

GARAk jarraipen zabala egin zion gaiari. Ekainaren 29an «Madrilek zehazten ditu ikasgai bakoitzaren jarraibideak» izenburuko informazioa irakur zitekeen. «Hezkuntza erreformaren ondotik, gutxieneko edukien %55 Ministerioak finkatzen du eta gainontzeko %45 autonomia-erkidegoen esku geratzen da», zehaztu zuen.

Lore Errondok, EHUko Pedagogia Fakultateko irakasleak eta Euskal Herriko ikastetxeetako curriculum-en gaineko ikerketaren egileak, are gehiago, adierazi zuen «EAEren eta Nafarroako Gobernuen kasuan –Ipar Euskal Herrian frantziar Estatuaren esku dago %10ean–, %45 urrunetik ere ez zela betetzen». Errondok «erabat politikoa, euskal antinazionalista, espainiar nazionalista eta guztiz monolitikoa» bezala definitu zuen txostena.

2003ko ekainaren 25ean, Hik Hasiren Topaketa Pedagogikoan, Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia eta Karmele Perez Urrazak 'Euskal testu liburugintza XXI. mendearen atarian' izenburupean hirurek egindako ikerketen berri eman zuten. 11 eta 12 urteko ikasleen liburuak aztertuta, honakoa ondorioztatu zuten: «Euskal Herriaren eta euskal kulturaren lanketa oso ahula da, gero eta eskasagoa da». «Euskara hizkuntza zaharra da, lurraldeka banatua dago Euskal Herria eta euskal kultura folkloreari lotutako kontuetara mugatzen da, liburuen arabera», azpimarratu zuten.

«Bost mila eta zazpiehun kultura ezberdin desagertu dira historian. (…) Zer gabiltza hainbeste: nor gara gu, zer gara gu, euskotarrak gara gu? Ez baita ahaztu behar kultura guzti horiek zirela traba hutsa delako progreso horrentzat. Ez baita ahaztu behar bost mila kultura desagertu horiek ezin dira okerturik egon», kantatu zuen Ruperrek 'Egin kontu' abestian.

Etxe barruko erasoak

Funtsik gabeko arrazismo akusaziotik, ezkutupeko arrazismora. Beste ekainaren 27 batean, 2019. urtean zehazki, SOS Arrazakeriak beste txosten bat eman zuen argitara. Zaintza lanetan ari diren migratzaileek lan baldintza okerragoak dituzte eta bazterketa eta eraso gehiago sufritzen dituzte.

Gure etxeetako lau pareten artean gertatzen den errealitateari fokua jarri zion ikerketak. Denera 138 etxeko langile elkarrizketatu zituen, horietatik 30 bertakoak. Elkarrizketatuen erdiek irainak jaso zituztela aitortu zuten. Eta %40ek mehatxuak, sexu intsinuazioak edo hitzezko tratu txar sexista/matxistak jasan izana kontatu zuten.

Bilbon 2018an etxeko langileen kolektiboak egindako mobilizapena. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Une hartan 11.559 pertsona zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zaintza beharrean. Etxeko langileen sektorea feminizatua eta inmigratizatua da. Eta okerragoa dena, lan baldintza salagarriak jasaten dituzten emakumeen bizkar utzi dute Europako Estatuek hiritarrei eurek bermatu beharko lieketen zaintza.

«Gure berdintasuna ordezkatzen ari gara, beste emakume batzuk esklabo bihurtuz, beren ukitu arrazista eta xenofoboarekin», izan ziren Isabel Mosquera, Unai Martin eta Isabel Larrañaga EHUko Soziologia saileko kide eta txostenaren egileen hitzak.

Ildo berean, 2019ko martxoan Malen Etxeak egindako ikerketak hauxe ondorioztatu zuen: etorkin zaintzaile egoiliarrak dira sistema publikoaren sostengu ikusezina. «Klase ertainen finkapena lanaren gainean egiten da, gizarte demokratiko batean legezkotzat jo daitezkeen lan-baldintzak izatetik oso urrun dauden baldintzetan», salatu zuen Silvia Carrizok.

«Hemengo emakumeak guri eskerrak ari dira eraikitzen karrera profesionala». Hitz hauek esan zizkigun zaintza lanetan urteak daramatzan emakume migrante batek GAUR8n elkarrizketatu genuenean. Astez aste dozenaka emakumek migrazio esperientzia partekatu zuten gurekin. Familia-ekonomia euren kargu izatearen presioa –hilero euren herrialdera dirua bidali beharra–, seme-alaba propioak milaka kilometrotara izanik besteenez arduratu beharra... ziren orbainetako batzuk. Minak. Oraindik gogoan ditut haietako askoren begiradak.
 
2023ko azaroaren 20an greba orokorra egin zuen Euskal Herriak. Zaintza eskubide kolektiboa zen aldarria. Hogei emakume elkarte «migratzaile, arrazializatu eta ijitok» uko egin zioten mugimendu feminista «zuri eta soldatapekoak» luzatutako deialdiari. «Kanpoan utzi ditu arautu gabeko edo babes sindikalik gabeko sektoreetan lan egiten dutenak, hala nola zaintza eta etxeko lanetan edo kaleko salmentan», salatu zuten.

Etxeko laguntzen pribatizazioa amaitu eta sistema publikoa garatzea, atzerritarrei buruzko legea indargabetzea, etxeko langile egoiliarren araubidea desagertzea, gutxieneko soldata gainditzen duen etxez etxeko lan-prima ezartzea eta zaintza-denborak bermatzea eskatu zuten Euskal Herriko kaleek joan den martxoaren 8an mugimendu feministaren deiari erantzunez. Sindikatuek etxeko langileak eta zaintzaileak jarri zituzten erdigunean. Etxeko langileen prekarizazioa salatu zuen ELAk; zaintza sistema publiko-komunitarioa eskatu zuen LABek.

Etxeko lanetan egoiliar bezala aritzen diren bi emakume migratzaileren testigantza gogorra bezain adierazgarria jaso zuen Aritz Intxustak NAIZen joan den martxoaren 31n, Etxeko Langileen Nazioarteko Egunaren biharamunean. Bizi duten zaurgarritasun egoeraz baliatzen diren nagusien adibideak bata bestearen atzetik bota zituzten. Euren eguneroko errealitateari jarritako ispilua.