1977/2024 , 7 de Julio

Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Joaldunak Palestinan, Armada sionistaren aurrean

Gasteizko joaldun talde batek ekitaldi ikusgarria egin zuen duela 18 urte Palestinan. Ramallahtik gertu, soldadu israeldarren aurrean beren joareak entzunarazi zituzten Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Israelgo Armadak gomazko balekin eta gasarekin sakabanatu zituen.

Joaldunak soldadu israeldarren aurrean
Joaldunak soldadu israeldarren aurrean (Roberto SERRANO)

Joaldunek Malerreka dute leku naturala, Ituren eta Zubieta, hain zuzen. Haien zeregina inauteriak iragarri eta basapiztiak uxatzea da. 70eko hamarraldiaren hasieran, ordea, beste inguru batzuetara ere gerturatzen hasi ziren; beraz, ohikoa izan da aspalditik hainbat ekitaldi kulturaletan edo aldarrikapenekin lotutakoetan ikustea. Haien irudiko, zenbait talde osatu ziren Nafarroan bertan eta Nafarroatik kanpo; esate baterako, Gasteizko Judimendi auzoan, Judimendiko Momotxorroak izenarekin. Normala zen, beraz, auzo horretako jaietan, sanjoanetan, horiek agertzea, baina bitxi samarra izan zen 2006ko San Fermin egunean joareak Palestinan entzutea.

«Zanpantzarrek aurre egin diote Israelgo Armadari Bil'inen» izenburuarekin nabarmendu zuen GARAk bere lehen orrialdean, barrikada baten atzean babestutako soldadu israeldarren aurrean joaldun gasteiztarrak ageri diren argazki batekin: «Gasteizko zanpantzar talde batek ekitaldi ikusgarria egin zuen atzo Ramallahtik gertu, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Israelgo Armadak gomazko balekin eta gasarekin sakabanatu zituen. Bitartean, Gazan, atzo bederatzi palestinar hil zituen erasoak jarraitu zuen».

«Borroka berezia» izan zen egun hartan Bil'inen, Ramallah ondoan, joaldun gasteiztarren eta Israelgo Armadaren artean. GARAk zioenez, ez zen ez hildakorik ez atxiloturik izan, «egunero nazioarteko axolagabekeriaren erdian erasandako herri baten esker oneko adierazpenak baino ez». Ehunka lagunek lagundu zieten joaldunei, ikurrinak eta bandera palestinarrak zeramatzatela. Martxaren buruan, alboka, eta haien zain, israeldarrak leporaino armatuta.

«Palestinara begira dezaten»

Protesta bitxi haren egileek testu bat prestatu zuten palestinarrei beren ekintzaren zentzua azaltzeko: «Gure arbasoek uste zuten lurra esnarazten zutela beren zintzarrien soinuarekin neguko lozorro luzearen ondoren, eta espiritu gaiztoak uxatzen zituztela zaldi buztana [isipua] astinduz. Gaurko ekitaldi honekin zanpantzarrak menditik jaitsi dira munduari dei egiteko, esnatu eta Palestinara begiratu dezaten, gureak eta munduan beste askorenak bezala, desagertzeari uko egiten dion herri honetara».

Hainbat palestinar joaldunekin (Roberto SERRANO)

Bil'inen Nazioarteko Elkartasun Mugimenduak ostiralero antolatzen zituen Israel Zisjordanian eraikitzen ari zen «Apartheid Harresia»-ren aurkako ekitaldiak, eta Israelgo soldaduek protestetan nazioarteko parte-hartzea ikusten zutenean, ez zuten hain modu oldarkorrean jokatzen, nahiz eta joaldunei eta haiekin zihoazen guztiei gasak eta kautxuzko balak jaurti zizkieten.

«Gure joareen soinua 'Lotsaren Harresi' hau eraisteko bezain ozen eta indartsua izan dadila, haizeetan astindutako zaldi-isatsak herri noble eta duin honen etsaiak uxa ditzala. Palestinan eta Euskal Herrian bakea, lurra eta askatasuna», amaitzen zen Judimendiko Momotxorroen testua.

Joaldun gasteiztarrek urtero egiten den jaialdi batean parte hartzeko asmoz antolatu zuten Palestinarako bidaia. Urte hartan han topatu zituzten gertaera latzak zirela-eta, jaialdia bertan behera utzi zuten, eta hasierako asmoa elkartasun eta salaketa ekintza bihurtzea erabaki zuten.

Orduan ere, gaur egun bezala, erakundeei Israelekiko harremanak hausteko eskatzen zitzaien. Judimendiko joaldunak Palestinan agertu ziren egun berean, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean zenbait lagunek elkarretaratzea egin zuten «hiltzaile sionistekin» harremanak eteteko eskatzeko. Biharamunean, berriz, Bil'ineko erasoa salatzeko martxa bat egin zuten Bilbon.