1992ko uztailaren 21ean, Bartzelonako Joko Olinpikoak hasi baino lau egun lehenago, zorrek eta arazoek itota, 100 kiloko gizon batek bere buruaz beste egin zuen ordaindu ezin zuen etxetik bere burua botata.
Gizon handi hura ez zen alkoholaren atzaparretan eroritako gizon soil bat, ez hori bakarrik gutxienez, amaiera tragiko hura frankismoak nahieran puztu eta handitutako mito baten bukaera izan zen, 70eko hamarkadan Espainia geldiarazten zuen 'Urtain'-en amaia.
49 urte baino ez zituela hil zen Aizarnazabalen jaiotako morroskoa; patuaren kapritxoak, edo agian ez, bere aita hil zen adin berarekin. Eta hura ere ez zen heriotza naturala izan, apustu batean hil baitzen Jose, taberna bateko barratik 15 gizonek bere sabelera salto eginda, gerora Andu Lertxundik bere 'Hamaseigarrenean, aidanez' eleberrian modu bikainean bildutako pasadizoan.
Eta aitarena bezala, hitz batek ederki laburbildu dezake Jose Manuel Ibar Azpiazuren bizitza: gehiegikeriak. Aitaren bidea jarraituz, nerabe bat besterik ez zela, 7.000 pezeta irabaztera heltzen zen harri-jasotze erakustaldiak emanez, aparteko indarra lagun. Ospea eta loria, ordea, beste kirol batek eman zion, boxeoak.
Kirol aldaketa, ordea, ez zen bere kabuz hartutako erabaki bat izan izan, nolabait esateko, bizi zen Zestoatik 500 bat kilometrotara, Madrilen diseinatutako estrategia baten ondorio baino. Kontua da, Franko diktadorea kirolzale amorratua izanda, Paulino Uzkudun berri bat izateko gutizia sartu zitzaiola.
Galiziar tiranoa ez zen boxeozale borrokatua, bai, ordea, bere mediku pertsonala zen Vicente Gil, eta haren eraginez izan zen. Errezildarra pisu astunetan Europako txapeldun izan zen 30eko hamarkadan, eta gerora, faxisten aldean borrokatu zen Gerra Zibilean, miliziano taldeak gidatuz eta errepublikano eta abertzaleen fusilamenduak aginduz.
Eta Francok Uzkudun aipatu zuenez, Euskal Herrian hasi ziren txapeldun berriaren bila, eta Errezildik ez oso urrun topatu zuten haren ordezkoa izan zitekeena, Jose Antonio Lopetegi 'Agerre II'-ak' proposamenari uko egin ostean.
Herri kiroletan marka handiak egindakoa bazen ere, boxeoaz ideiarik ez zuen 'Urtain'-ek, eta Donostiako Orly hotelean inprobisatutako gimnasioan eman zituen lehen pausoak. Askorik ikasteko astirik gabe, 25 urterekin, 1968ko uztailaren 24an egin zuen debuta, Ordiziako Santa Ana jaien barruan, Johny Rodri kantabriarraren aurka borrokatuz. Espainiarrak 17 segundo iraun zituen zutik ring gainean, eta hantxe hasi zen mitoa puzten.
Ezbaian jarritako markak
Boxeoa bezalako kirol gogor batean hasiberri bat baino ez zela, Cordobes toreroarekin batera Espainiako heroi nagusi bilakatu zen, jarraian 27 borrokaldi irabazita. Hedabideek hauspotuta, publiko zabala haren garaipen eta markekin txundituta zegoen, gehien iraun zion arerioak seigarren roundera arte iraun zion.
Boxeoa gertutik ezagutzen zutenek, ordea, beste ikuspuntu bat zuten 'Urtain'-en balentrien inguruan, lorpen haiek guztiak maila oso eskaseko aurkarien kontra lortutakoak izan baitziren. Boxeoaren munduan zebiltzanek argi zuten 'Urtain'-ek ez zekiela borrokan, indar ikaragarriko mutila zen, hori bai, baina teknikoki oso ahula zen eta fisikoki ere hauspo eskasekoa zen, eliteko kirolak eskatzen duen zaintza eta diziplina ere ez zuelako batere maite.
Bere ibilbideko gailurra, ordea, 1970eko apirilean jo zuen, goraino betetako Madrilgo Palacio de los Deportesen Europako txapeldun izatea lortu zuenean. Borrokaldi hark Espainiako eguneroko bizia geratu zuen, herritarrak telebistaren aurrean batu baitziren 'Zestoako Tigrea' animatzeko.
Peter Weiland alemaniarra izan zen 'Urtain'-en aurkaria –pisuz pasata heldu zela esaten da, 105, azken biak Madrilgo egonaldian irabazitakoak–, eta borrokaldiaren aurretik giroa berotu bazuen ere, zazpi roundetan irabazi zion euskaldunak, eta espainiarrek kiroletan ezer gutxi irabazten zuten garai hartan, Francok bazuen bere Europako txapelduna.
Hurrengo egunetan dena izan zen lorea eta alabantza Jose Manuel Ibarrentzat. 'Urtain' izena «indartsu»-ren sinonimo gisa erabiltzen hasi zen jendea, eta zenbait tabernatan 'Urtain' izeneko plater bat ere zerbitzatzen hasi ziren, xerra, arrautza frijitu eta patatez osatua.
Bere garaipen marka 32 borrokalditara luzatu ahal izan zuen 'Urtain'-ek eta abuzturen 1ean bere lehen porrota heldu zen, Donostian, Alfred Vogrigi legez kanpoko kolpe bat emateagatik epaileek zigortu egin baitzuten. Urte hartan bertan bere gerrikoa jokoan jarri zuen 'Urtain'-ek Londresen Henri Cooper britaniarraren aurka, ziurrenik bere ibilbide guztian zehar parean izan zuen prestigiozko lehen aurkaria. Erraz galdu zuen eta horren azkar puztutako globoa husten joan zen.
1971. urtean Europako txapela berreskuratu bazuen ere, 'Urtain'-en ibilbidea hazi zen abiadura berean amaitu zen, Alemaniako Boxeo Federazioak bere aurka aritzen ziren boxeolariei ez zirela erosiak izan hitzemateraino. 1977an erretiratu zen.
Eta boxeoa utzi zuen, baina ez oparoaldi egun horietako gehiegikeria eta ohiturak. Ez zuen bere bizitza ordenatzen jakin eta inguruak ere ez zion askorik lagundu. «Agian 20 lagun biltzen ziren bazkaltzera eta berak ordaintzen zuen dena, gero anaia bakoitzari Mercedes bana erosi zien, eta berak hiru edo lau hilean behin aldatzen zuen bere kotxea», azaldu zuen bere entrenatzaile izandako Manolo Del Riok elkarrizketa batean.
«Diru asko irabazi zuen eta are gehiago alferrik gastatu zuen», gogoratu zuen gertutik ezagutu zuen beste lagun batek. «Borrokaldi baten aurretik bere aldagelara sartzen zinenean, horrek edozer gauza ematen zuen, aldagela bat izan ezik. Emakumez beteta egoten zen, gizonak sartu-irtenean, kopak edanez...».
Negozioetan ere ez zuen aurrera egiteko beharrezkoa den diziplinarik, eta beharrak eraginda, borroka librean probatu zuen, baita zenbait diskotekatako atezain gisa ere, baina alkoholak gaina hartu zion eta ezin zuen autosuntsiketa gurpil gupidagabe hartatik irten.
Espainiak berehala ahaztu zuen bere «heroi nazionala», zer esanik ez berarekin hainbeste parranda partekatu zituzten haiek. Eta gizon itxuraz indartsu haren ahuldadeek bere biziarekin amaitzera eraman zuten 1992an, gaurkoa bezalako egun batez.