1977/2024 , 24 de Julio

Artefaktua

Espetxean guraso izateko erabakia

Amatasuna eta aitatasuna berez badira korapilatsuak eta pertsonalak, zer esanik ez esperientzia hori kartzelan bizi izan dutenentzat. 2021ean, egoera hori bizitzea egokitu zitzaien bi pertsona, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga, elkarrizketatu zituen GARAko Ainara Lertxundi kazetariak, errealitate horren atzean dauden ertz zorrotzei neurria hartzeko.

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga preso zeudela bilakatu ziren guraso.
Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga preso zeudela bilakatu ziren guraso. (Gorka RUBIO | FOKU)

Elkarrizketa mamitsu horretan, Urangak kontatzen du, esaterako, nolatan bihurtu zituen zaurgarriago espetxean guraso izateak, funtzionarioen aurreko jarrera aldatzeraino: «Edozein arazoren aurrean ezin genuen berdin jokatu, ondorioak kaltegarriak izan baitzitezkeen umearentzat, ez guretzat bakarrik».

Xuaren aita zen Uranga, baina astean bi orduz ikusten zuen. Aita zen, baina «askotan sentitzen nuen ez nintzela kontziente: ez nuen ikusten, ez nuen ukitzen». Xuak hiru aste zituen lehen aldiz ikusi zuenean.

Aitatasuna konplexua bada, zer esanik ez amatasuna. Gizonentzat pentsatutako kartzeletan kateatzen dituzte ama eta haurra: «Oso jarrera paternalista dago, badirudi han egote hutsagatik ez zarela gai zure seme edo alaba behar den bezala hezteko», adierazi zuen Lasagabasterrek.

Hala ere, bakarrik egiten diote aurre haurdunaldiari, erditzeari eta heziketari. Hiru urtez, 24 ordu haurrarekin. «Eta bat-batean erauzi egiten dizute. Oso gogorra da. 2020ko urtarrilaren 19a nire bizitzako egunik okerrenetako bat izan zen», ziurtatu zuen.

Familia moduluak birpentsatzeko aldarria helarazi nahi izan zuen Lasagabasterrek, baita bestelako alternatibak frogatzekoa ere, zaintzapeko pisuak, esaterako. «Irtenbidea litzateke amei kalerako irteerak erraztea», ebatzi zuen, haurraren eskubidea ere badelako amaren altzoan egotea.

Elkarrizketa osoa hemen daukazue irakurgai.