1977/2024 , 30 de Julio

Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«1.000.000.000 baietz!», gure kode komunitarioen erakusle

'Egin' itxi eta hamabost egunera, ekimen herritar berria jarri zen abian, egunkari berri bat kioskoratzea xede. «1.000.000.000 baietz!», herritar ezagun eta ezezagunek, sektorez sektore, eskualdez eskualde, garatu zuten. Eta hilabete batzuen bueltan GARAren oinarri materiala ziurtatu zen.
«1.000.000.000 baietz» ekimenaren aurkezpena Donostian.
«1.000.000.000 baietz» ekimenaren aurkezpena Donostian. (EUSKADI INFORMACION)

Sortze beretik, etenik gabeko eraso baten pean egin zuen bidea: publizitate boikota; iragarleei egindako mehatxuak; erredaktoreak kartzelatzea; zenbatu ezinak diren isun, salaketa eta sumarioak... Independentea, ahotsik gabekoen ahotsa, herri hau askatasunean justuago eta solidarioago eraiki nahi zutenentzako ezinbesteko tresna.

Hori guztia eta gehiago izan zen 'Egin'. Proiektu ilusionagarri komun horretan beren burua errekonozitzen zuten eta bertan bat etortzen ziren borondateen bilgunea zen. Deserosoa Espainiako Gobernuarentzat, ezkerreko herri abertzalearen komunitatea trinkotzen zuen, bertsio ofizialaren monolaborantzaren aurrean sendagai egokia zen.

Memoria bat metatu zen, eskola bat izan zen, komunitate baten gainean sustraitu zen proiektua, autosufizientzian. 'Egin' beti izan zen amildegiaren ertzean lan egitea, oztopoak gainditzea, proiektuari kosta ahala kosta eustea. Oro har, herriaren bultzadak, iraunak eta asmamenak salbatu zuen.

Baina, azkenean, okerrena etorri zen. Batzuentzat pentsaezina, askorentzat bizitzak emandako kolpe gogorra. Jose Maria Aznarrek itxi zuen, EAJk alfonbra gorria jarrita. Orduko Barne sailburuak, Juan Mari Atutxak, «goizeroko 30 gramo amonal leherkari» hitzekin definitu zuen, eta Ardanza lehendakariarentzat 'Egin' ixtea «higiene demokratiko» ariketa izan zen. Memoria kolektiboan betikotu beharreko «perlak» dira, demokraziaz eta adierazpen askatasunaz batzuek izan zuten ideiaren oroigarri.

'Pertsiana Operazioa' agindu eta zuzendu zuen Baltasar Garzon epaileak berak, bere eguneroko pertsonala liburu batera eraman zuenean, 'Egin' itxi zuten egunean bertan, Juan Mari Atutxaren telefono deia jaso zuela onartu zuen: «Oso maitekor, erabakiagatik zorionak eman dizkit. 'Neurri hori aspaldi hartu behar zen. Erabat ados nago'».

1998ko uztailaren 15ean 'Egin' eta Egin Irratia itxi zituzten, armen indarrez zapuztuak. 7.200. zenbakiarekin batera. Kolpea izan zen, ikaragarria, baina ikaragarriagoa izan zen ikustea nola eman zitzaion buelta. Orduan erakutsi zirelako, beste behin, gure herriaren neurria eta kodeak, bere txikian Euskal Herriaren handitasuna.

'Egin' itxi eta hamabost egunera ekimen berri bat aurkeztu zen Donostian, 1998ko uztailaren 30ean, Euskal Herriko hainbat artista, intelektual, militante, kirolari, sindikalista eta beste bildu zituena. Josu Txapartegik eta EHUko irakasle Koldo Gorostiagak aurkeztuta, Txaro Garate, Esteban Muruamendiaraz, Ainhoa eta Asier Gozategi, Fernando Larruquet, Endika Guarrotxena, Juan Gorriti, Aratz Gallastegi, Martin Zabaleta, Alberto eta Felix Iñurrategi, Eva Forest, Jose Mari Esparza, Abelin Linazisoro, Jakes Abeberri, Xabier Cunchillos, Evaristo, Jon Maia, Laura Mintegi, Txillardegi, Pepe Rei, Ramon Agirre eta Joxerra Gartzia bertan egon ziren, beste askoren artean.

Egunkari berria bultzatzea zuen xede, hilabete batzuen bueltan kioskoratzeko desafioa bere gain hartu zuen, «udazkenerako, asko jota gabonetarako, eta ordurako kioskoetan ez bada, jaiotzear egon behar du». Eta, hartara, lehen helburu bezala, 1.000 milioi pezeta batzea proposatu zuen. Ez zirudien erronka makala, baina itxaropentsu, erabateko konbentzimenduz, azaldu ziren, «gure herriak erantzungo du, horrela erakusten duelako gure historiak».

9.000 akziodunen enpresa

Ikusmin handia piztu zuen ekimenak. Eta babes herritar handia artikulatu zen. Herriz herriko arduradunekin bilera jendetsua egin zen Lasarten. Egunkari berria finantzatzeko ekimenak ugaritu ziren udaran zehar. Kamisetak, kontzertuak, txosnetan ateratzen zen dirua borondatez ematea… Eskualdez eskualde, akzio kopuru zehatz baten helburua finkatu zen. Eta hiriburuetan zailxeagoa izan bazen ere, gainerako eskualde eta merindadeetan aise gainditu ziren aurreikuspenak, batzuetan bikoizteraino.

Azkenerako, GARA egunkari berriaren enpresa editorea, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea (EKHE) sozietate anonimoa, gutxienez 100.000 pezetako titulu batekin harpidetu ziren 9.000 akziodunek baino gehiagok osatu zuten. «1.000.000.000 baietz!» kanpainaren aurreikuspenak urtarrilerako beteak ziren, proiektu komunikatibo berriak ia 1.200 milioi pezetako kapitalarekin sortu baitzen.

EKHEren organo nagusiak Akziodunen Batzar Orokorra eta Administrazio Kontseilua izatea erabaki zen, Kepa Anabitartek eta Josu Txapartegik, bazkide fundatzaile bezala, eta Gorka Altunak, kontseilari aholkulari gisa, osaturikoak. Altuna, baikor, 'Egin'-etik egunkari berriraino zubi lana egin zuen 'Euskadi Informacion'-en aipatu zuenaren arabera: «GARAk arrakasta izateko baldintza ezin hobeak ditu, euskal gizartearen sektore garrantzitsuenen sostengua dugu, gure akziodunek apustu sendoa egin dute gure alde eta bertan lan egiten duten profesionalak oso onak dira. Ez dago gehiago eskatzerik».

Izan ere, egunkariaren eta irratiaren itxieraren trauma herritarraren artean oraindik ere oso presente zegoen, larritasuna hain zen handia eta sentitua ezen paralisia ekarriko zuela pentsatzen baitzuten batzuek. Ez zen horrelakorik izan. «1.000.000.000 baietz! Euskal proiektu komunikatibo berri baten alde» manifestua irakurri zenean, izugarrikeriari ahalik eta sendoen erantzun behar zitzaiola aldarrikatu zen, eraikiz, hondatzen besterik ez zekitenen aurrean eraikiz. «Gure joko zelaia proiektuak eraikitzea da. Zapuzten badituzte, behin eta berriz eraikiko ditugu, horixe egin baitu gure herriak historian zehar».

Herri bezala ahots gabetze eta Euskal Herriaren duintasunaren kontrako atentatu bezala definitu zuten 'Egin'-en itxiera, euskal indar eta sektore askoren ostrazismoa helburu zuena. Gorka Altunaren hitzetan, «Baltasar Garzonek 'Egin'-en itxiera burutu zuenean, Euskal Herriko gizarteak bere kontrako erasotzat jo zuen. Bide batez, komunikabide propioak izatearen beharraz ohartu ziren sektore asko. EKHE, finean, egun horietan bizi izandako sentimendu eta hartutako erabakien emaitza da».

Inposatu nahi zen pentsamendu bakarraren aurrean erreboltatu eta lapurtutako ahotsa lehenbailehen lehengoratu behar zela uste zuten, guztion hobe beharrez, herri bezala behar eta merezi genuen askatasuna lortzeko. Hartara, euskal gizartearen elkartasuna eta konpromiso aktiboa ezinbestekoak zirela aldarrikatu eta herriz herri, sektorez sektore, artikulatzeko kanpaina jarri zuten martxan. Egunkari berriaren oinarri materialak bermatuko zituzten bitarteko ekonomikoak lortuz, besteak beste.

Horrelakoa izan zen indar polizialek armen bitartez komunikabideak itxi eta hamabost egunera herriari luzatu zitzaion deia. Horrelakoak, GARAren oinarri materialak bermatuko zituzten hauspo herritarra eta diruak lortzeko dinamika oparoa. Hori izan zen herri honetako abertzale, aurrerakoi eta demokraten desafio itzela, diru bilketaren forma hartu zuen auzolan ariketa erraldoia. Diruaz hitz egitea ez zelako inoiz izan hain garbia eta hain noblea.