1977/2024 , 12 de Agosto

Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Gernikako Arbola Euskal Herriko ereserki gisa berreskuratzeko deia

2020ko abuztuaren 12an, Jose Maria Iparragirreren jaiotzatik 200 urte bete zirenean, 'Gernikako Arbola' Euskal Herriko ereserki ofiziala izan zedila eskatu zuten 80 musikari esanguratsuk. Ideia bera nabarmendu zuten iaz Urretxun.

'Gernikako Arbola' Euskal Herriko abesti ofiziala izan zedila eskatu zuten hainbat musikari esanguratsuk Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
'Gernikako Arbola' Euskal Herriko abesti ofiziala izan zedila eskatu zuten hainbat musikari esanguratsuk Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Duela 204 urte, 1820ko abuztuaren 12an, Urretxun jaio zen Jose Maria Iparragirre Balerdi. Olerkaria, abeslaria eta musikagilea izan zen. Beste abesti eta olerki batzuen artean, bereak dira 'Agur Euskal Herriari' eta 'Gernikako Arbola' kantuak. Azken hau proposatu zuten 2020an ereserki gisa berreskuratzeko.

Zazpi lurraldeetako hainbat musikarik, kantarik eta orkestra, abesbatza eta bandetako zuzendarik, «Euskal Herriaren batasuna» gorpuztu zuen abestia ereserki ofizial gisa berreskuratzeko manifestua aurkeztu zuten Iruñeko Takonera parkean.

Haien artean ziren Joseba Irazoki, Erramun Martikorena, Anje Duhalde, Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Niko Etxart, Gontzal Mendibil, Eñaut Elorrieta, Jose Angel Irigarai (Ez Dok Amairu), Josu Zabala (Hertzainak), Amaia Zubiria, Xabier Saldias eta Gorka Knorr.

«Nahikoa dugu oroimenean pixka bat arakatzea, ikusteko badugula ereserki eder bat, gaur arte elkartu gaituena eta, ulertezina bada ere, baztertua», nabarmendu zuten manifestuan.

Izan ere, lehen aldiz jo zenetik, 'Gernikako Arbola' izan da, sinatzaileen iritziz, «euskal herritarren ereserkia», eta halaxe idatzi zen literaturan, kantutegietan eta partituretan. Horrez gain, izaera ofiziala izan zuela gogoratu dute, baina, batez ere, «herriaren babesa».

Egun horretako kronika lotura honetan irakurri daiteke, baita PDFa deskargatuz ere.