1977/2024 , 17 de Agosto

Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Guardia Zibilak Patxi Itziar, Iñaki Ormaetxea eta Jokin Leunda hil ditu

Duela 33 urte Guardia Zibilak Patxi Itziar, Iñaki Ormaetxea eta Jokin Leunda hil zituen Donostiako Morlans auzoan. Txosten forentsearen arabera, berbertatik tiro egin zieten, 25 zentimetro baino gutxiagora.

2003an Morlansen hildako hiru euskal militanteen omenez egindako ekitaldia.
2003an Morlansen hildako hiru euskal militanteen omenez egindako ekitaldia. (Imanol OTEGI | FOKU)

1991ko abuztuaren 17an, duela 33 urte, Guardia Zibilak ETAko militanteen aurkako operazio zabala abiarazi zuen Donostialdean. Iñaki Egaña historialariak 2021ean GARAn azaldu zuenez, goizeko 4.00etan, hasi zen operazioa Oreretako etxebizitza batean. Guardia Zibilak uste zuen ETAko «ilegalen» talde batekin topo egingo zuela, baina militante «legalekin» egin zuen topo, armaturik zegoen bikote batekin. Hortik aurrera, atxiloketak izan ziren bata bestearen atzetik, eta goizeko 9.00etan kalez jantzitako agente talde bat Morlansera iritsi zen, auto baten eta haren jabearen bila.

Tolaretxea izeneko etxebizitzan, operatiboaren hasieran bilatzen ari ziren komandoa zegoela ikusi zuten. Tiroketa hasi zen eta errefortzuak laster iritsi ziren. GAR-en hamabost ibilgailu heldu ziren bertara. Erasoak lau ordu eta erdi iraun zuen. Guardia zibilek granada negar-eragileak, ultrasoinukoak eta su-eragileak jaurti zituzten; eta Udaltzaingoak ingurua itxi zuen. Ez zen lekukorik egon, eta liskarra geldiarazten saiatu ziren pertsonei ez zitzaien sartzen utzi.

Hiru militante independentista hil ziren Luis Roldanek eta Rodriguez Galindo teniente koronelak zuzendutako operazio horretan. Debako Patxi Itziar, Urbinako Iñaki Ormaetxea eta Beasaingo Jokin Leunda. Egin-ek hildakoen izenen berri eman zuen, baina ofizialki identifikazioa berandu egin zen, senideen sufrimendua areagotuz.

Donostiako Instrukzioko 1. zenbakiko Epaitegiak eskatutako txosten forentsearen arabera, berbertatik tiro egin zieten, 25 zentimetro baino gutxiagora. Dena den, Fernando Andreu epaileak eginbideak artxibatzeko agindu zuen, kriminalitate zantzurik ez zegoela adieraziz.

‘Egin’ egunkariak eman zuen Morlansen hildakoen izenen berri.
‘Egin’ egunkariak eman zuen Morlansen hildakoen izenen berri.

«Estrategia baten emaitza»

‘Egin’-ek gertatukoaren berri eman zuen igandeko egunkarian. Hauxe izan zen azalean argitaratutako titularra: «Guardia Zibilak galarazi egin zuen Donostian hiru gazteren aurka egindako ekintza hilgarrian lekukoak egotea».

Azalean agertu zen Koordinadora Abertzale Sozialistaren erantzuna ere. «Erabateko irmotasunez» salatu zituen hiru euskal militanteen heriotzak, eta «ondo diseinatutako estrategia baten emaitza» zirela esan zuen. «Estrategia hori euskal militanteen likidazio fisikoan datza», nabarmendu zuen KASek, greba orokorrera deitu zuenak hildakoen herrietan.  

‘Egin’-en azaldu zen bezala, dozenaka ekimen izan ziren hiru militanteen hilketa salatzeko. Bilbon, esaterako, manifestazio jendetsuak zeharkatu zituen txosnagunea eta Alde Zaharreko kaleak. Martxa horietan aldarrikatu zuten egun horretako operazioan atxilotuak izan ziren herritarren askatasuna ere.

Atxilotuak Antiguako kuartelera eraman zituzten. Guztiek salatu zituzten torturak, elektrodoak, poltsa, bainuontzia... Gehienek berretsi egin zituzten salaketak geroago, Lakuako Gobernuak abian jarritako ikerketan.

Iñaki Egañak GARAn gogoratu zuenez, Antiguatik Intxaurrondoko kuartelera eraman zituzten, eta, salatu zutenez, agenteen senideen kolpeak jaso zituzten «harrera-korridore» batean. Intxaurrondotik Madrilgo Tres Cantoseko kuartelera eraman zituzten. Atxilotu eta bost egunera Carabanchelen sartu zituzten, eta ondoren, gizonak, Mecon espetxeratu zituzten.

Espetxean sartu zituzten 17 lagunak gazteak ziren. Maria Eugenia Muñagorri Tolaretxea etxearen jabeak izan ezik, gainerakoek 25 urte baino gutxiago zituzten. Horietatik hamarrek 24 eta 25 urte arteko espetxealdia bete zuten. Urruntzea, lehen gradua, gose-grebak eta isolamendua pairatu zituzten.

‘Egin’ egunkariak 1991eko abuztuaren 29an argitaratutako azala.
‘Egin’ egunkariak 1991eko abuztuaren 29an argitaratutako azala.

Senideen erantzuna

‘Egin’-ek hildakoen senide eta lagunei eman zien hitza hurrengo egunean. Leundaren lagunek eta anaiak, Patxik, nabarmendu zutenez, Jokinek kuadrillan eta etxean «aitaren» papera betetzen zuen. «Herri kirolak zituen gogoko, bertsolari munduan laguntzeko beti prest zegoen, eta baita auzoko jaiak antolatzerakoan ere».

Patxi Itziarren kasuan, gertukoek oso alaia eta parte-hartzailea zela adierazi zuten. «Dinamika iraultzailea beti onartu zuen, eta guk jakin gabe horretan sartuta zegoen», zioen bere anaiak.

Gazteena Iñaki Ormaetxea Antepara zen, 24 urte zituen, 25 egin behar zituen 1991ko abenduan. Bere anaia Josu 1984an atxilotu zuten. Iñaki ere atxilotua izan zen Josurekin batera, eta hamaika egun pasatu zituen bakartuta. Ondoren, Carabanchelera eraman zuten. Bertan egun batzuk pasatu zituen, aske gelditu arte. Bi urte geroago, 1986an, erbestera joan zen. «Alaia zen, beti besteei laguntzeko prest zegoen», adierazi zuen bere arrebak.

Iñakiren amak, Blanca Anteparak, egiaren eta memoriaren alde borrokatu zuen. Jarraibide ederra izan zen. GARAri 2010eko maiatzean eskainitako elkarrizketa batean Iñakiren erailketa gogoratu zuen: «Berrehun urte bizi banaiz ere, ez diet barkatuko... Askotan esan diet: ‘Ez zaituztet barkatzen’».

Dena den, argi dago operazioan parte hartu zuten guardia zibilek ez dutela barkamena eskatzeko asmorik. 2018ko uztailean haietako bi elkarrizketatu zituen ‘El Español’-ek.  GAR taldeak hiltzeko asmoz egin ohi zuela tiro esan, eta egindakoaz harrotasunez mintzatu ziren.  

Itziar, Leunda eta Ormaetxea «zitalkeriaz balaz josi» zituztela aitortu, eta hormetan 600 bala inpaktu baino gehiago utzi zituztela azaldu zuten. Halaber, hildakoen gorputzak zapaldu zituzten. «Atsegin handiz egin nien ttu ETAkideen tripei», adierazi zuen batek. «Horiek Pedro Sanchezek ez ditu sekula beren etxera eramango», gaineratu zuten bi guardia zibilok.

Iosu Ormaetxeak, Iñakiren anaiak, 2006ko abuztuaren 17an, orain dela 18 urte, GARAri eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu zuenez, senideek argi dute guardia zibilek gazteak hiltzeko agindua zutela.