1977/2024 , 11 de Septiembre

Atentatu segida bat boterearen bihotzean, munduari zuzenean emana

New Yorkeko Dorre Bikietako baten kontra jotzen duen hegazkin baten irudiek mundua geldiarazi dute. Ehunka hildako, zaurituak... kaosa nagusitu da hiri boteretsuan. Alerta egoeran daude gobernuak, atentatu segida batek potentzia handienaren bihotzean jo du, mundu osoaren begien aurrean. «Izuaren aurkako» gerra abiatu da.

New Yorkeko Dorre Bikiak ke artean, erasoaren ondoren.
New Yorkeko Dorre Bikiak ke artean, erasoaren ondoren. (Fernando SALAS | ZUMA|EUROPA PRESS)

2001eko irailaren 11 da; goizeko 8.48 dira, 14.48 Euskal Herrian. Albistegiaren ordua da gurean, eta telebistek eskaintzen dituzten irudi beldurgarrietara begira dago mundua, begien aurrean gertatzen ari den hori sinistu ezinik. Ordu horretan jazo zen lehen erasoa, bidaiari hegazkin batek Dorre Bikietako baten kontra jo ondoren, botere ekonomikoen zentroa den New Yorkeko hiriaren bihotzean. Hegaldi komertzialak ziren guztiak.

Hedabide gehienak gertakariaren berri ematen ari dira zuzeneko konexio berezietan, ageri diren irudietan sugar eta ke bolada erraldoiak ikusten dira lehen atentatuaren ondorioz. Atentatu segida baten lehena baino ez zen hura, handik gutxira bigarren eraso baten irudiak helduko ziren. Beste hegazkin bat bigarren dorrearen kontra leherrarazi dute.

Pentagonoa, AEBen botere militarraren egoitza nagusia da atentatu segidaren hirugarren jomuga. Laugarren aireontzi bat erori da Pittsburghen, Pennsylvanian, AEBetako Armadak erorarazita, beste eraso bat saihestu nahian. Kapitolioa zen azken horren jomuga, ikertzaileen arabera.

Ageri da jendea korrika, oihuka, izututa, herrialdeko eraikin enblematikoena lurrera erorita, ke eta hauts boladen artean. Milaka hildako eta zauritu eragin zituzten erasoek. Gerora, beste ondorio asko ere ekarriko zituzten.

Jazotakoaren inguruko xehetasunak

Bere lehen orrialde osoa eskaini zion GARAk aurrekaririk gabeko gertakariari. Barruan, lehen zortzi orrialdeak, atentatuei buruzko xehetasun guztiekin, atentatuen segida erakusten zuten infografiak, munduko lider ezberdinen adierazpenak eta tokian zeuden lekukoen testigantzak.

Ke eta hauts zutabe handi bat dorre erorien erdian erakusten du irudi handi batek, azalean. AEBetako historiako eraso handienaren aurreko munduaren harridura nabarmentzen du lerroburu nagusiak. Mundua aldatu zuten gertakari soka luze bat ekarriko zuten atentatuek.

Lehen uneko informazio haiek bizi zen kaosa deskribatzen zuten, baita lehen uneko alerta egoeraren maila altua ere, AEBetan eta herrialde aliatuetan. Inteligentzia zerbitzuak alerta egoeran, Etxe Zuria, Kapitolioa eta herrialdeko eraikin ofizial guztiak ebakuatuta, AEBen eta aliatuen segurtasun mekanismo guztiak aktibatu ziren berehala.

Atentatuen euren eta eraso berri posibleen aurreko izuarekin, kolapsoa berehala nagusitu zen New Yorken, zirkulazioa eta komunikazioak etenez. Wall Streeteko burtsa eta NBEren egoitza, itxita. Rudolf Giulani alkateak hiriaren hegoaldea ebakuatzeko agindu zuen.

Jasotako datuen artean, nabarmentzen zen nazioarteko 600 konpainiatako milaka lagun ari zirela lanean New Yorkeko dorre ezagunetan, unean egon zitezkeen bisitariak zenbatu gabe. Eraikinaren kontrako erasoak berak dorreetan eragindako heriotzen artean, eraikina lurrera erortzean eragindako biktimenak eta bahitutako hegazkinetako bidaiarienak gehitu behar zitzaizkien.

Kaleko irudiak eta istorioak

Kronikak berak zioenez, gerra eremua zirudien Dorre Bikien inguruak. Odoletan zeuden zaurituak ospitaleetara eramaten zituzten, suhiltzaileak eta poliziak hondakin artean lurperatuta geratu zirenak erreskatatzen ari ziren bitartean. Egitateen sekuentziak une beldurgarri horien segida kronologikoa jasotzen zuen, Abiazio Erakunde Federalak hegaldi baten edo batzuen kontrolaren galera onartzen zuenekoa, kasu.

Orrialde osoko infografiak eman zuen kokapen ezberdinetan izandako gertakarien berri. Kronika latzena, halere, lekukoen artean jasotakoa zen. Manhattanen zabaldu zen «kaos deskribaezin» batekin abiatzen da bizitakoaren kontakizuna, lekukoen testigantza ikaragarrien artean, dorreetatik bere burua botatzen zuen jendea ikusi ahal izan baitzuten lekukoek. Tragediaren erdian, istorio bitxiak zeuden, miraria bailitzan bere burua salbatu ahal izan zuen lekuko batena bezalakoa. Eraikinera sartzen ari zen emakumea, baina sartzear zegoela entzun zen hegazkinaren inpaktuaren danbada. «Korrika hasi gara garrasika, jendea leihotik behera salto egiten saiatzen zen bitartean», kontatu zuen.

Milaka hildako eta zaurituz hitz egiten da balantze zehatzik egin ezinik. Lehen ordu haietan bizi zen kaosaren erdian zaila zen kalte pertsonalen gaineko zenbaki zehatz batera hurbiltzea, baina tragediaren neurria erakusten zuten agintariek hartutako zenbait neurrik. Osasun arduradunek, esaterako, odola emateko eskatu zuten, «AEBetan ezagututako hondamendi handienerako laguntza gisa».

Lehen ordu horietan, ez zuen inork atentatua bere gain hartu, baina AEBetako Estatuko Departamentua Osama Bin Laden saudiaren gertuko pertsonak seinalatzen hasi zen.