1977/2024 , 19 de Septiembre

Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Hamaika Telebista jaio da

2006ko irailaren 19an aurkeztu zen jendartean Hamaika Telebista. Euskal Herriko sei enpresa (CMN, EKHE, EKT, Euskaltel, Elkar eta Bainet) batu ziren euskarazko telebista bultzatzeko helburuarekin. Bilbon, Kale Nagusiko Euskaltelium egoitzan egin zuten ekitaldia proiektu erakargarriaren berri emateko; bertan, euskaldunok telebista euskaraz ikusteko aukera izateko eta, bereziki, eskualde bakoitzean euskarazko telebista sustatzeko asmoa azaldu zuten.

 Euskal Herriko sei enpresa (CMN, EKHE, EKT, Euskaltel, Elkar eta Bainet) batu ziren Hamaika Telebista bultzatzeko.
Euskal Herriko sei enpresa (CMN, EKHE, EKT, Euskaltel, Elkar eta Bainet) batu ziren Hamaika Telebista bultzatzeko. (FOKU)

«Euskaldunok telebista euskaraz ikusteko aukera izan dezagun» sortu zen Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea, Bilboko aurkezpena jarraitu zuen Kepa Petralanda kazetariak GARAn jaso zuenez. Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea (EKHE), Corporación Multimedia del Norte (CMN), Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT), Euskaltel, Elkar argitaletxea eta Bainet batu ziren proiektuan.

Talde berriaren lehenbiziko urrats zehatza aipatu zuten: «Tokiko telebista digitalaren lizentziak banatzen dituzten lehiaketetara aurkeztea izango da gure lehen urratsa eta helbururik behinena. Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan lizentziak banatzeko deialdia egiten duenerako, prest izango da Hamaika tokian-tokian berarekin parte hartu nahi duten eragileekin proiektuak prestatzeko. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ez ditugu ahaztuko, nazio bokazioa baitu proiektu honek, nahiz eta tokian-tokian txertatu», adierazi zuten.

Euskarazko telebistak sustatu nahi zituen proiektu horiekin, euskaldunen arteko komunikazioak euskaraz egiteko aukerak areagotu egingo zirela aurreikusi zuen Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak. «Euskaraz telebista egitea posible da; zaila da, garestia da, denon esfortzua eskatuko du... baina posible da. Ez da ezinezkoa», adierazi zuen Joanmari Larrarte EKTko kontseilari-ordezkariak.

Egitasmo sendoa zen hura. Euskal Herriko eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat sustatzeko asmoz jaio zen. «Gero eta telebista kate gehiago sartzen dira gure etxeetan, eta horietatik gehienak Euskal Herritik kanpo ekoitzitakoak dira», adierazi zuen Gorka Altunak, EKHEko kontseilari ordezkariak. Bere iritziz, proiektuak «gure izatearen funtsarekin bete-betean egiten du bat».

Eta aurkezpen ekitaldi hura jomuga horren erakusgarri izan zen. Euskal gizarte eragileen ordezkaritza zabala batu zen ekitaldian, ekimena «oso interesgarritzat» eta «beharrezkotzat» jo zutelarik.

«Hamaika» hitzak euskaraz duen zentzu mugagabea zela-eta hartu zuen izena egitasmoak. Sei enpresarekin abiatu arren, askoz ere gehiago biltzeko jomugarekin.

«Alarderik gabe»

Sei enpresa horiek batuta ikustean, GARA-ko kazetari Joseba Vivancok horrela titulatu zuen: «Esku emate historikoa». Iritzi ezberdineko sektoreen batasuna suposatzen zuen proiektu berri hark. «Ilusionagarria» izan zen aurkezpen hartan gehien errepikatu zen hitza.

«Alarderik eta artifiziorik gabe» egin zen aurkezpen ekitaldia, kazetariaren hitzetan. «Formato tradizionalean» izan zela onartzen zuen Altunak. Agur eta elkarrizketa artean, Benito Lertxundiren musika atzean zutela, hizlariak oholtzara igo ziren eta, banan-banan, hamabost minutu pasatxo iraun zuten hitzaldiak egin zituzten.

Euskalteleko negozio garapenerako zuzendari zen Mikel Astorkizak «egitasmo berri eta eder» moduan definitu zuen Hamaika Telebistaren jaiotza, eta bere enpresaren inplikazioak «telekomunikazioaren arloan euskararen alde egiteko duen kezka eta ardura» erakusten zuela nabarmendu zuen. «Ez bakarrik euskararen alde egin nahi dugulako, baizik eta komertzialki ere ezinbestekotzat ikusten dugulako».

Batasun hark, Altunaren esanetan, «euskarazko komunikazio talderik sendoena» osatzen zutela adierazi zuen. CMN-ko kontseilari-ordezkari zen Iñaki Alzagak, berriz, aurreikuspen handiak defendatu zituen. «Gero eta hedabide gehiago izatea da gure helburua, eta kontuan izanik multimediak eskaintzen duena, baita etorkizunari begira telebistak, egunkariak eta beste hainbat integratzea ere».

Aurkezpen ekitaldiari bukaera emateko, parte hartzen zuten enpresetako ordezkariak bat eginik eta eskuak lotuta agertu ziren Euskaltelium-eko taula gainean. Batasun irudi hori nabarmendu zuten askok biharamunean.

Norbanako ugari

Sindikalista, kirolari, musikari eta telebista munduko hainbat aurpegi ezagun bildu ziren. Kepa Junkera musikariak honakoa adierazi zion GARAri: «Interesgarria iruditzen zait, eta erakusten du pixkanaka-pixkanaka gauzak egiten ari direla. Gure denbora behar dugu, baina proiektu horrek batu egiten gaitu, euskarari laguntza emango dio, gauzak normalizatuko ditu, siglen gainetik batasun bat baitago, eta nik horretan sinesten dut. Eta, batez ere, gazteak izango dira proiektu honen onuradun handienetakoak».

Han izan zen Andoni Ortuzar ere, orduan EITBko zuzendari nagusia zena. Hau izan zen, behin ekitaldia amaituta, alde egiten azkenetarikoa. Lehena, berriz, hitzartzeak amaitu bezain azkar alde egin baitzuen, Bizkai Buru Batzarreko presidente zen Iñigo Urkullu.

Enpresa haiek denak elkarrekin ikusteak kezka ere sortu zuen Espainiaren erreferentziari eusten zioten talde mediatiko handien artean, Euskal Herriko taldeen elkarlanerako aukera bat erakusten zutelako. Beste tamaina bat hartuko zuen beldur ziren. Hemezortzi urte bete dira urrats hura egin zenetik, eta Hamaikak bide bat egin du, baina elkarlanerako aukera hura ez da behar beste garatu. Komunikazioaren euskal esparrua osatzeak ahalegin gehiago eskatuko du.