Kazeta, gure taldean
Maite Ubiria ‘Kazeta’ agerkari digitaleko sortzaileetariko bat izan zen 2008an eta, gaur egun, hedabide bereko arduraduna da. Urte askotan GARAn izan dugu ardura ezberdinetan. Berari eskatu dio Artefaktuak artikulu hau.
2008ko urriaren 1ean sareratu zen lehenbizikoz Kazeta.info Ipar Euskal Herriko hedabide %100 digitala. Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa eremu gisa hartuz, euskal lurraldetasuna bere egin zuen egungo distantziatik begiratuta aski aitzindaria izan zen mediak.
Egiari zor, egitasmoa 2007an hasi zen forma hartzen. Agus Hernan garaiko 'Le Journal du Pays Basque'-ko kudeatzaileak hauspoturik, euskal atari digitala sortzeko proiektuak euskara sustatzeko Ipar Euskal Herriko herriarteko sindikatuaren laguntza jaso zuen. Era berean, Bidasoa muga baino zubi gisa irudikatuz, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteak (EKHE) babesa eman zion proiektuari. Hala, Donibane Garazi eta Bilbo artean lotura egin zuen, sortu aitzinetik ere, Kazeta.info-k.
Hedabide horren sorreran ekarpena egiteko parada izan nuen, Gaxuxa Arrambide ondoan nuela.
Anekdota gisa. Google, Amazon edota Facebook bezalako erraldoiek garaje moduko batean jaio zirela erratea dute gustuko, mundu globalizatuan metatu duten alimaleko botereari eite erromantikoa eman nahian. Zuen esku utziko dut sinesgarritasuna ematea edo ez. Nire kasuan, ordea, herri honek aspaldi ezagutzen dituen kazetariak ahal nituzke lekuko gisa aipatu, norbaitek zalantza izango balu Iparraldeko lehenengo euskarazko agerkari digitala garaje xume batean sortu zela-eta.
Jojo, Marie-Agnes, Pantxika... eta garai hartan Irulegiko Irratian ibiltzen ziren bertze hainbat lagun jaiotze horren lekuko –baita konplize ere– izan ziren. Zeren eta, bai, Donibane Garaziko Jai-Alai etorbidean bere egoitza duen irratiaren garajean hasi ginen lehen albisteak sareratzen.
Barnealdearen eta kostaren arteko desoreka historikoari teknologia berriekin erantzun berri bat ematea izan zen, hastapenetik, Kazetaren xedeetako bat.
Gisa berean, han, ofiziala ez den eremuan, euskarak behar duen indar metaketa berezia posible egitea izan zen gure buruari agindu genion bertze misioetako bat.
Hala, aniztasunaren aldeko apustua irudikatu zen hasieratik, euskarak blaitzen dituen alor ezberdinetan alea utzi duten lagunei leihoa eskainiz.
Horietako zutabegile anitz oraindik ere gurutzatzen ditut, gaurkotasunarekin solasean segitzen dutelako. Ez ditut, beraz, banan-banan aipatuko. Izen bat emanen dut soilik. Horretarako arrazoi bi mahai gainean emanez. Lehena, bistan dena, Kazeta.info errailetan ezartzeko garaian emandako laguntza ez dudalako ahantzi. Bigarrena, lankidetzan aritzeko zuen gaitasuna gogoan izan dudalako beste hainbat abagunetan. Zure bitartez, Aitor Renteria 'Txato', eskertuko ditut Kazeta.info-k bere lehen urratsak egiteko atzeman zituen bidaide guztiak.
Handik aurrera, zer esan, ordenagailutik eta smartphonera arteko ibilbide zoragarrian joan-jinak ez dira falta izan, ez da patarrak ere.
Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten eragileek sarri adierazi dutenez, egiturazko hizkuntza politika plantan eman ezean, nekez ahal dituzte hegalak guztiz zabaldu gurea bezalako egiturek.
Ezagutza ofiziala ez duen hizkuntza batean aritzeari dagozkion ajeak –zein jasangarritasun ekonomikoari loturiko buruko minak– pairatu dituzte Kazetan aritu diren ekipo guziek.
Iparrorratza tinko eutsita, irakurleak merezi duten proiektua hobetzeko profesionaltasunaren eredua izan dira.
Oztopoz oztopo, Urruñako Zokoa auzoan bere egoitza duen Hedagunera salto egin zuenetik, euskarazko hedabide elektronikoak berrikuntzaren bidean sakondu du, baita elkarlanaren aldeko engaiamenduan ere.
Beste euskarazko hedabideekin batera 'Aho bilorik gabe' emankizuna ekoiztu genuen Kazeta abian eman eta lehenengo urteetan. 15. urtemuga gainditurik, 'Lau haizetara' izena du auzolan horren emaitzak.
Are, uzta ez da kazetarien lanera mugatu. Hala, publizitatea euskarazko hedabideetara erakartzeko egitura komertzial amankomuna sortu da.
Ekosistemaren logika barneratuz, GARA-NAIZ-eko hedabide ezberdinek 'Mediabask'-ekin partekatu duten lan eremuan plantatu eta, eskutik helduta, «eus» komunitatearen parte bilakatu zen Kazeta.
'Mediabask'-en egitasmoaren parte izanik, euskararen alde urrunago joateko engaiamenduaren eramaile bilakatu da Kazeta.
Errotze hori zinez garrantzitsua da, baita egunerokotasunean hezurmamitzen den talde lana ere.
Aldaketa handien aroan, gure baitatik ekarpena egin nahi diogulako lurralde honetarako bestelako geroa eraikitzeko erronka partekatuari. Garajearen izpirituari ahalik eta hobekien eutsiz. Anitz urtez, Kazeta!