1977/2024 , 19 de Octubre

Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Euskara, berriro jomugan

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zituen orain urtebete Lakuako Gobernuak euskararen erabilerari lehentasuna emateko sortutako dekretuko hainbat zati, PPk ezarritako helegiteari bide emanez. 48 ordutan euskararen aurka egindako bigarren aldia izan zen, aurretiaz Voxek ezarritako salaketa partzialki onartu ondoren.

Kontseiluak manifestazioa deitu zuen egun gutxira euskararen kontrako oldarraldiari aurre egiteko.
Kontseiluak manifestazioa deitu zuen egun gutxira euskararen kontrako oldarraldiari aurre egiteko. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen erabilera murriztearen aldeko bi erabaki hartu zituen 48 orduko epean iaz, orain urtebete. Hain zuzen, euskararen erabilerari lehentasuna ematen zion dekretuaren hainbat zati indargabetu zituen, PPk eta Voxek ezarritako helegiteei bide emanez.

Izan ere, Lakuako Gobernuak bultzatutako 179/2019 dekretuak alor instituzional eta administratiboetan hizkuntza ofizialen erabilera bultzatzea zuen helburu, eta arau horren hainbat zati baliogabetu egin zituen, euskara berriro jomugan jarriz.

Auzitegiaren arrazoiak antzeko ildotik joan ziren bai urriaren 19an hartutako erabakimenean, baita bi egun lehenago hartutakoan ere. Lehenengoan, Vox alderdiaren errekurtsoa hartu zuen aintzat; bigarrenean, PPk ezarritakoa. Hartara, indargabetutako artikuluen artean zegoen «euskara zerbitzurako eta lanerako hizkuntza ohiko eta orokor gisa» ahalbidetzen zuena.

Baliogabetasuna adierazteko, Auzitegi Konstituzionalak aurretiaz erabilitako argudioak bere egin zituen. Hau da, ez dela «juridikoki onargarria» hizkuntza ofizial baten erabilera inposatzea «gaztelaniaren kaltetan», ezta «tokiaren determinazio linguistikoaren arabera hizkuntza autonomiko baten erabilera esklusiboa inposatzea» ere.

Esaterako, Auzitegiak baliogabetutako 18.1 artikuluak jasotzen zuen herrietako dokumentazio administratiboa euskaraz idatzita egon zitekeela, «tokiko entitate bakoitzak onartutako araudiaren arabera». Halaber, honela zioen artikulu berberak: «Dokumentu horien idazketan euskara edo gaztelania erabiltzeak entitate horretako kide baten eskubideak urratuko balitu eta adieraziko balu eskatzen zaion hizkuntza horrengan ezezagutza duela, beste hizkuntza ofizialaren itzulpena eskainiko zaio».

18.2 artikuluan, indargabetua berau ere, adierazten zen herri bakoitzeko barne dokumentazio munizipala hizkuntza ofizial batean sortua izango zela, euskaraz edo gaztelaniaz, baina horrek ez ziola kalterik sortuko komunikazioak eta jakinarazpenak jasoko lituzkeen pertsona interesatuari.

Euskararen aldeko politika ausartak

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) euskararen aldeko «politika ausartak» plantan emateko tenorea zela ohartarazi zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia jakin zen egun berean. Euskalgintzako ordezkariek adierazi zutenez, «lurralde hizkuntzen aldeko lege koadroa eskasa bada ere, aitzinamendu berriak egitea posible da, borondate politikoa erakutsiz gero». «Gaur egungo erritmoan eta gaur egungo baliabideekin segitzea euskara epe ertainean hiltzera kondenatzea» litzatekeela ohartarazi zuten.