1977/2024 , 24 de Octubre

Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Arriaran, Ziluaga eta monsinore Laboa, hiru izen handiren agurra

Pakito Arriaran nazioarteko elkartasunaren ikurraren heriotzaren berria duela 40 urte iritsi zen Euskal Herrira. Halako egun batean hil zen, 2002an, Josetxo Laboa Vatikanoko enbaxadorea ere, pelikuletako bizitza baten ostean. Azkenik, 2012ko urriaren 24an zendu zen Txomin Ziluaga ezker abertzaleko buruzagi historikoa.

Pakito Arriaran, bi sanitariok artatuta, 1982an La Lagunan zauritua izan eta gero.
Pakito Arriaran, bi sanitariok artatuta, 1982an La Lagunan zauritua izan eta gero. (SALPRESS | BARRICADA)

Urriaren 24a hileta-oharren eguna izan da, 'Egin' eta GARAren hemerotekari erreparatuz gero. 1984. urtean iritsi zen lehenengo heriotzaren berria, ETAk jakitera eman zuenean Pakito Arriaran Hego Amerikako lekuren batean «herri zapalduen askapenaren alde borrokatzen» hil zela.

Heriotza, gerora jakin zenez, irailaren 30ean gertatu zen Salvadorko Chalatenango eskualdeko mendietan, baina Euskal Herrira 1984ko urriaren 24an iritsi zen, ETAk zabaldutako ohar baten bidez. Familiak egun batzuk lehenago jaso zuen heriotzaren albistea.

Arriaran ziztu bizian bihurtu zen euskal internazionalismoaren ikur, FMLN Frontearen gerrillan borrokan utzi baitzuen bizitza. Bi urte lehenago iritsi zen Erdialdeko Amerikako herrialdera, 1982an, Nikaragua sandinistan eskala txikia egin eta gero. Aurretik, Venezuelan beste bi urte inguru eman zituen errefuxiatu gisa. Bertan ezagutu zuen Caracasen, Managuan eta Salvadorko gerrillako kanpalekuetan bikotekide izan zuen Miren Odriozola azpeitiarra, gaur elkarrizketatu duguna.

Lehenago, Arriaran gazte hasi zen militatzen, Arrasateko familia abertzale batean hazi eta gero. 1975ean Espainiako kartzelak ezagutu zituen. Amnistiarekin kalera atera zen, eta urtebetera Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen. Handik, Atlantikoa gurutzatu eta Venezuelara joan zen. BVEk bertan hildako Espe Arana eta Jokin Etxeberriarekin harreman estua izan zuen, eta bera ere tirokatua izan zen.

Caracasen Odriozolarekin eta beste lagun batzuekin entzundakoek eta ikusitako dokumental batek piztu zioten Salvadorko gerrillaren borrokarekin bat egiteko grina. Euskal Herritik berriz pasatu eta gero, 1982an iritsi zen Chalatenangoko mendietara, 'Juan' ezizenarekin.

Gerraren lehenengo urteak ziren Erdialdeko Amerikako herrialdean, eta asko zegoen oraindik ikasteko, besteak beste, osasunaren alorrean. Bereziki zaurituen artatzearen inguruan. Urriaren 28an gerrillak La Laguna herria hartu zuen, eta borrokan, Arriaran hankan zauritu zuen Armadak. Ez zen zauri bereziki larria, baina ez zuten ongi artatu, eta hanka gangrenatu zitzaion. Laban suitzar batekin moztu behar izan zioten, eta orduz geroztik «Juan sin pata» bezala sinatu zituen bere eskutitzak.

Pakito Arriarani omenaldia aurtengo irailaren 30ean, heriotzaren 40. urteurrenean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Pakito Arriarani omenaldia aurtengo irailaren 30ean, heriotzaren 40. urteurrenean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Ez zitzaion erraza egin egoera berriari aurpegi ona erakustea, ez emozionalki ezta fisikoki ere, are gutxiago mendietan ezkutatuta, baina denborarekin aldartea irauli zuela eta betiko Arriaran izaten jarraitu zuela diote garaian ezagutu zutenek. Ez zuen Gurutze Gorriaren bidez gerrilla utzi nahi izan, eta paper garrantzitsua bete zuen logistika militarraren arloan.

Horri buruzko informazio asko zeukan, eta garbi zuen ezin zutela bizirik harrapatu. Horrela gauzak, 1984ko irailean, Zapotal mendiaren inguruan, Armadaren oldarraldi betean, Arriaran, mandoa galdu, makuluak apurtu, eta ondoan zituen bi kideei ospa egiteko agindu eta gero, soldaduen zain geratu zen. Miren Odriozolak tiroketa distantziara sumatu zuen, Pakitoren azken uneak zirela jakin gabe. Egun batzuk beranduago, beste kide batzuekin topatu zituzten gorpuzkiak lurperatu eta 'Eusko Gudariak' eta 'Internazionala' abestuz agur esan zioten. «Bi herri ditut maitatzeko eta mundu bat bere alde borrokatzeko», utzi zuen esanda eskutitz batean.

Txomin Ziluaga, ezker abertzaleko buruzagi historikoa

Arriarani hilabete beranduago egin zioten hileta, eta manifestazioa jendez lepo agertu zen Arrasaten. Bertan hitza hartu zutenen artean zegoen Txomin Ziluaga, garaiko HBko buruzagia, urriaren beste 24 batean hilko zena, urte askoren buruan. Zehazki 2012an zendu zen, duela dozena bat urte, ezker abertzaleko militante historikoa.

1939an Erandion jaioa, 17 urterekin hasi zen militatzen. ETAko kidea zela, 1969an, atxilotu eta torturatu egin zuten. Euskaraz deklaratzen saiatu zen epaiketan, Jose Antonio Etxebarrieta abokatu lanetan izan zuen. Basauri, Burgos, Segovia eta Jaengo kartzelak ezagutu zituen, eta hainbat ihesalditan lagundu zuen.

Txomin Ziluaga, ezkerrean, Santi Brouard-ekin batera, Mikel Goikoetxea «Txapela»-ri 1984ko urtarrilaren 9an egindako omenaldian. (Javier GALLEGO | EGIN-KUTXATEKA)
Txomin Ziluaga, ezkerrean, Santi Brouard-ekin batera, Mikel Goikoetxea 'Txapela'-ri 1984ko urtarrilaren 9an egindako omenaldian Hondarribian. (Javier GALLEGO | EGIN I KUTXATEKA)

1976an aske geratu zen eta HASIren sorreran parte-hartze aktiboa izan zuen. Baita Herri Batasunarenean ere. Parlamentaria izan zen Gasteizen eta Madrilgo Kongresuan.

Militantzia momentu latzenak 80ko hamarkadako bukaeran iritsi zitzaizkion, ziurrenik. Ezker Abertzalearen krisi betean, HASItik kanporatua izan zen beste kide batzuekin batera. Ikasketak berrartu zituen, militantzia utzi gabe. Hurrengo urteetan, Euskal Herritarrok-en, Batasunan eta EH Bildun indarrarekin parte hartu zuen.

Artefaktuaren harira Alexander Ugalde Zubiri EHUko irakasleak Ziluagari buruz idatzitako artikulua irakur daiteke hemen.

Monsinore Laboa, enbaxadore bikoitza

2002an, Arriaranen eta Ziluagaren heriotzen artean, beste euskal pertsonaia bat hil zen, ez dena hain gogoratua agian, baina biografia oparo eta interesgarria utzi zuena, pelikuletakoa. Jose Sebastian –Josetxo, gertukoentzat– Laboa 1923an jaio zen Pasai Donibanen. Herriko apaiza izateko bokazioa zuela zioen, baina ikasketek eta nortasun berezi batek beste misio batzuetara bideratu zuten, beti Elizaren barruan.

Diplomaziarako dohainak zituen Laboak, eta Vatikanoko kanpo harremanak sakontzen eman zuen bizitza, bere jaioterria inoiz ahaztu gabe. 90eko hamarkadaren hasieran, Paraguaiko nuntzioa zela (Vatikanoko enbaxadore), Nafarroa eta Gipuzkoa arteko autobidearen auzian bitartekaritza lanak egiteko eskaintza publikoa egin zuen, esate baterako. Felipe Gonzalezen Gobernuak baztertu zuen bitartekaritza, ordea.

Urtebete lehenago, 1989an, Panamako nuntzioa zen, aliatu deserosoegia bihurtu zen Manuel Antonio Noriega diktadorearen bila AEBek herria hartu zutenean. Marineek abenduaren 20an hartu zuten Panamako hiria, lehenengo bi egunetan 1.200 hildako utzita. Baina Noriega ez zen inondik agertzen. Lau egun beranduago azaldu zuen Laboak Nuntziaturan zegoela gordea, bere babespean. Ez zegoen bakarrik, gainera. Vatikanoko lur zati horretan errefuxiatu ziren Erdialdeko Amerikako herrialdean deportatuta zeuden hainbat euskaldun ere, Laboak gonbidatuta. «Herrikideak dira», azaldu zion protesta egiten saiatu zen Felipe Gonzalezi. Hamar egunez munduko pertsona bilatuena izan zen, eta euskal militante deportatu batzuek etxea partekatu zuten; Monsinore Laboaren etxea.

Laboa monsinorea, Vaticanon, goardia suitzarrarekin batera (Fermin MUNARRIZ)
Laboa monsinorea, Vaticanon, goardia suitzarrarekin batera (Fermin MUNARRIZ)

Kanpoan, AEBetako Armadak Nuntziatura inguratu zuen eta 24 orduz heavy musika jarri zuen bozgorailu erraldoietatik, Noriega entregatzeko eskatuz. Laboak ezetz, diktadorea soilik bizitza bermatuko zion akordio lotesle bat medio eta bere borondatez aterako zela. «Monseñor, tiene usted los cojones bien puestos», esan zion Marc Cisneros Armadako buruak. Abenduaren 3an utzi zuen azkenean Noriegak Nuntziatura.

Laboak misio diplomatiko ugari bete zituen hurrengo urteetan. Adibidez, Libiako lehenengo nuntziatura irekitzea lortu zuen, Gaddafiren onespenarekin. Azken urteak Vatikanoan eman zituen, funtzio diplomatikoari eutsiz –estatuburuei harrera eginez, adibidez– eta Euskal Herriarekin lotura inoiz galdu gabe. «Euskal Herriarengatik edozer egiteko prest nago», esan zion bere garaian 'Egin'-i.

Panaman eta Vatikanoan pertsonalki ezagutu zuen Fermin Munarriz kazetariak detaile eta pasarte gehiago jaso ditu hemen irakurgai dagoen artikuluan.