1977/2024 , 7 de Noviembre

Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Aimar Olaizola, aro baten amaiera

43 urte bete zituen egunean bertan, 2021eko azaroaren 13an, agur esan zion Aimar Olaizola pilotariak ibilbide oparo bati. Aurreko igandean, hilaren 7an, ZAZPIKAk bere azalera eraman zuen Jon Ormazabalek gure kirolaren mito honi egin zion elkarrizketa sakona. Argazkiak Jon Urbek sinatu zituen. Eta agur honi aro baten amaieraren itxura hartu zion NAIZeko kirol-kazetariak, Artefaktuarentzat idatzitako artikulu honetan azaltzen duenez.

Aimar Olaizola Beasainen egin zen argazki saioan.
Aimar Olaizola Beasainen egin zen argazki saioan. (Jon URBE | FOKU)

Bokaziozko ogibidea omen kazetaritza. Nire kasuan, kantxan eta futbol-zelaian 'karrerarik' egingo ez nuela ohartzen joan nintzen eran, nahiko azkar, egia esan behar bada (elikatutakoa izan zela esango nuke), eta profesioaren miserien erdian, izan ditudan pribilegioez hausnartzeko ere balio izan duen memoria ariketa izan da Artefaktuarena.

Aimar Olaizolaren despedidaren elkarrizketa hau, esaterako, pilotaren historiako urrezko aroetako bat, barru-barrutik ez bada oso gertutik bai behintzat, bizi izanarena.

Eta Aimar Olaizolaren izenak ia ezinbestean Juan Martinez de Irujorena dakar atzetik. Ziur aski Oinatz Bengoetxea, Abel Barriola, Xala, Titin eta enparauekin oso justua ez izatearen arriskuarekin, esango nuke goizuetarraren eta Iberokoaren arteko lehiek sortutako pasio eta ikusminak nekez izango dutela parekorik hurrengo urteetan.

Zuri ala beltzezko garaiak izan ziren, «Aimarista» eta «Irujisten» artekoak, grisetarako eta ñabarduretarako marjina handirik gabekoak, nahiz eta etsaitasun hau zaleen artekoa izan zen askoz gehiago pilotarien artekoa baino. Jokoz, izaeraz eta ibilbidez hain desberdinak izanik, antzekotasunak ere handiak topa genitzake bien artean, gurekiko tratuan, esaterako, beti esku zabalik hartu izan gaituzte-eta proiektu honen une zailetan ere, bata zein bestea prest agertu ziren esku bat botatzerako orduan.

Eta hori, kirol izarretara heltzea gero eta zailagoa den garaiotan, eta bi hauek izarretan izarrenak izan dira, oso da eskertzekoa.

Eta agurrez ari garen honetan, bi hauen agurrak ere erabat desberdinak izan ziren. Aimar Olaizolak nahi izan zuenean eta nahi izan zuen bezala, kirol maila bikainarekin, agur esateko pribilegioa izan zuen. Juan Martinez de Irujori, ordea, bihotzeko gaitza topatu zion medikuak oraindik ere bikainagoa izan zitekeen kirol ibilbidea izorratu zion, baina bizia salbatu zion eta bigarren horrek ikaragarri pozten gaitu.

Eta bizi dugun futbolaren zapalkuntzaren aurrean, ez da une txarra Iberokoak agurrean egindako aldarria berreskuratu eta «Gora euskal pilota!» oihukatzeko, momentuz beste izar handiren batekin gozatzeko aukera izan badugulako, baina etorkizuna ez delako horren distiratsua ikusten. Aro berriez gozatzeko aukera ez dezagun gal.