1977/2024 , 11 de Noviembre

Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / Jefa de redacción de contenidos

Lurrazpiko lehen bidaia Bilbon

Bilbo eta inguruko biztanleek lehen aldiz bidaiatu zuten lur azpitik gaurko egunez, orain dela 29 urte. Bilboko Metroaren inaugurazio eguna izan zen, protokoloz eta ikusminez inguratua. Martxan jarri zen modernizazioa zekarren garraio publikoa.

Bilboko Metroaren instalazioak, jendez lepo.
Bilboko Metroaren instalazioak, jendez lepo. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Gaur egun ohikoa dena arreta berezia bereganatu zuen gertakari bihurtu zen gaurko egunez Bilbon. Larunbatez abiatu zen lehenengoz metroa Bizkaiko hiriburuan, 1995eko azaroaren 11n. Bilbotar eta bizkaitar askoren egunerokoan aldaketa sakona suposatuko zuen garraiobide berriak, eta askok ez zuten lehen bidaia hura galdu  nahi izan. Biharamuneko 'Egin'-eko azalak jasotzen zuenez, «politikarien hitzaldiak, musika eta zenbait bilbotarren haserrea izan ziren protagonista lehendabiziko makina ibiltzen hasi aurretik, baina arratsaldeko lehen ordurako metroa bera bihurtu zen errege».

Azaroaren 11ko goizeko hamaikak. Ez lehenago ezta beranduago ere, orduantxe jarri zuten hitzordua. Erlojuak atzera kontua egiten duen bezala, ezinegon berdinarekin itxaron zuten herritar askok momentua. Azkenean. Bilboko Metroa errealitate bat zen. Inaugurazio ekitaldi luze baten ondotik, milaka herritarrek gertutik ikusi ahal izan zuten hogei metroko sakoneran, lur azpitik, batetik bestera eramango zituen garraiobide berria. Metroaren galeriak kuriositatez begiratzen zuen jendez bete ziren. Poza eta protesta batu zituen irekialdiak, Ertzaintzaren indarrezko interbentzioa barne.

Goizeko hamaikak eta erdi aldera abiatu zen estreinaldiko bidaia, Moyuako geltokitik Sarrikora joan zena. Ertzaintzako bandaren emanaldia, ordezkari politikoen adierazpenak... Ekitaldiaren alderdi ofizial horretatik gertu ikusi genuen jendea lasterka, urduri eta, mugikorrera itsatsita bizi ez ginen garai batean, argazki kamerarekin unea betikotu nahian. Baina ezin esan dena ospakizuna zenik. Txanponak beti dauka beste alde bat, eta kasu honetan, azpiegituraren proiektuak kaltetutako herritarrak bertan izan ziren, euren kezka eta haserreak adierazteko. Ertzaintzak kolpeka erantzun zuen hainbat tokitan, eta Getxon hiru zauritu utzi zituela jaso zuen hurrengo eguneko 'Egin'-eko kronikak.

Arratsaldetik aurrera hasi ahal izan zuten herritarrek normaltasunez bidaiatzen. Orduz geroztik, ezinbesteko bilakatu da metroa askorentzat. Milaka lagun igarotzen dira bertatik egunero: bilbotar petoak, ingurukoak eta atzerritarrak. Zenbakitan adierazte aldera, 2023an jasotako azken datuen arabera, urte horretan 92 milioi bidaiari baino gehiago izan zituen, lau milioi kilometro baino gehiago eginez.

Bilbok bizitako eraldaketaren protagonistetako bat da, nahitaez, metroa. Urte hauetan guztietan erakunde publikoek egindako inbertsioen bitartez hedatu da egun dituen 42 geltokietara. Kanpora begira, Europako beste hiriburu batzuekin parekatu du Bilbo. Barrura begira, modernizazioa eta erosotasuna bultzatu ditu. Urte hauetan guztietan ikusi ditugu matxurak, langileen borrokak, kolapsoak, artelanak nasetan, musukoarekin eta ezohiko baldintzetan egindako bidaiak... Zenbat istorio gordetzen ote ditu metropoliko trenak kontatzeko...