«Ez dadila inor poztu. Merkatuaren eta mundializazioaren aurrean, giza eskubideek edo asilo eskubideak ez dute ezer balio». Didier Rouget abokatuaren hitzak dira, 1996ko abenduaren 17an ‘Egin’-en jasoak.
Ikasleen batzordeetan hasi zuen militantzia Didier Rougetek eta, harrezkero, bere konpromiso politikoan ez zuen etenik hartu. Correosen hasi zuen bide profesionala, eta bertan edan zuen sindikalismoaren borroketatik. 1974an, Peugeotek Lillen duen fabrikan hasi zen lanean, defendatzen zuen langile klasean mantentzeko hautuz.
Grina antikapitalista eta antiinperialistak inarrosita, hainbat borrokatan sartu zen, besteak beste, talde antinuklearretan, paperik gabeko migranteen defentsan, antifaxismoan edo askatasuna borrokatzen ari ziren herri zapalduen aldean, Vietnam, Palestina eta Kurdistanekin kasu.
Hala egin zuen bat Euskal Herriko egoerarekin ere. Zehazki, Burgosko Prozesuaren kontrako protestekin destatu zuen begirada hona.
1985ean, fabrika utzi eta Zuzenbide ikasketei heldu zien berriz. Montrealera mugitu zen, giza eskubideetan espezializatzeko, eta tortura prebenitzeko baliabide eta hitzarmenen inguruan ondu zuen doktore tesia; 1990eko hamarkadan cum laude doktore izendatu zuten.
1998an Uztaritze hartu zuen bizileku eta, geroztik, Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta zeuden euskaldunen abokatu gisa aritu zen lanean. Bitartean, Tortura Prebenitzeko Batzordearekin harremanetan aritzen zen, eta lehen aldiz, 1997an Kepa Urra torturatu zuten hiru guardia zibil kondenatu zitzatela lortu zuen.
Hainbat helegite aurkeztu zituen Giza Eskubideen Europako Auzitegian, eta horiekin erdietsi zituen garaipenen artean, berebiziko garrantzia izan zuen batek: 'Parot Doktrina'-ren ezabatzea, 2013an. Amaia Izko abokatuarekin batera eraman zuen auzia Estrasburgora.
Ines del Rio izan zen 197/2006 doktrina aplikatu zioten euskal presoetako bat. Rougetek bururaino defendatu zuen haren kasua, baita irabazi ere. Horri esker, del Rio eta beste 70 preso inguru askatu zituzten berehala. Garaipen hau mugarria izan zen, agerian utzi baitzuen euskal presoei eragiten dieten legeen aplikazioaren politizazioa.
Didier Rouget 2015eko urtarrilaren 6an hil zen, gaixotasun luze bat pairatu ostean.