Egun beltza da abenduaren 26a, hiru urteko tartean Lurrak egun hori aukeratu zuen gizateria ikaratzeko. 2003an Irango Bam hiria txikitu zuen lurrikara izan zen, 26.000 bat hildako eragin zituen. 2006an Taiwanen izan zen beste lurrikara bat, kasu honetan azpiegitura garrantzitsuetan eta etxeetan kalteak eragin zituena, baina ia hildakorik ez (bi baieztatu zituzten agintariek).
Abenduaren 26rik ilunena, ordea, 2004koa izan zen, gutxienez 230.000 hildako eragin zituen Indonesiatik gertu itsasoan izandako lurrikarak. Momentu magnitude eskalan 9.1ekoa izan zen, sismografoa asmatu zenetik izan den bigarren handiena (Txileko 1960koa da handiena). Iraupenari dagokionez ere bigarren luzeena izan zen, baina ez zen 10 minutura iritsi. Lur planetari zentimetro bateko dardara eragin zion, gizateriari hildako bakoitzak adina.
2004ko lurrikarak itsasoan izan zuen epizentroa, Indiako Ozeanoan, lurrikarak itsasikarak eragin zituen eta dozenaka metrotako olatuek inguruko kostaldean izugarrizko txikizioa eragin zuten. Indonesiaz gain, Sri Lanka, India, Thailandia, Malaysia, Maldivak eta Bangladeshera iritsi ziren olatuak.
Tsunami: portura iristen den olatua
Japoniarrez «portura iristen den olatua» esan nahi du tsunami hitzak (tsu: portua, nami: olatua), eta 2004ko honetan hori izan zen ezaugarri nagusi eta bortitzena. Kostara heldu eta bera gainditu zuten olatuak izan ziren aldi honetako tsunamiak. Egun hartako orduz ordukoak agerian uzten du lurrikarak eragindako ikara:
Abenduaren 26ko 7.58an (tokiko ordutegian) jaso zuen Yakartako Zentro Geofisikoak 9.1eko lurrikara Sumatraren kostaren ipar-mendebaldera. 8.13an erregistratu zuen Hawaiin Ozeano Bareko Tsunamien Alertarako Zentroak.
8.17 eta 8.27 artean iritsi zen 30 metrotik gorako olatuak zeramatzan tsunamia Indonesiako Banda Aceh kostaldera. Erabateko txikizioa eragin zuen.
9.28an, lurrikaratik ordu eta erdi igaro zenean iritsi ziren olatuak Thailandiako hegoaldeko hondartzetara. Milaka hildako eragin zituen han ere.
9.58an tsunamia Sri Lankara iritsi zen, dozenaka milaka hildako eragin zituen han ere. Indiaren ekialdeko kostaldera ere iritsi zen tsunamia, beste dozenaka milaka hildako utziz han ere.
13.00etan oraindik ez zen eten olatu erraldoien errenkada. Maldivetako uhartedia jo zuen, hiriburuaren bi herenak urak hartuta geratu ziren, eta baita dituen zientoka irletako gehienak ere.
16.00. Tsunamia Afrikara iritsi zen eta beste 300 bat hildako eragin zituen Somalian, Tanzanian eta Kenyan.
18.00etan olatu handiak nabaritu zituzten Maurizion, eta kalte materialak izan ziren.
Guztira 230.000 hildako eragin zituen gertakarik hark, gutxienez, dozenaka milaka hildako gehiagoren berri ematen duten iturriak ere bai baitira.
Lurrikaren historikoa
Lurrikaren historiarako geratu zen 2004ko hura. Mende bat pasatxo aurretik izandako Krakatoa sumendiarena gogoratu zuten askok, baita GARAk ere, «36.400 pertsona hil zituen 1883ko abuztuan izandako itsasikara errenkadak. (…) 40 metroko olatuek Java eta Sumatrako kostaldeak txikitu zituzten».
Abenduaren 27ko GARAn irakur zitekeen historiako lurrikara hilgarrienen zerrenda beltza. Azken mendera etorrita, Txina da lurrikarek gehien kolpatu duten lurraldea, 1920an 180.000 hildako eragin zituen lurrikara izan zuen, 200.000 hildako eragin zituena 1927an, 70.000 hildako 1932an eta 240.000 1976an.
Azken mendeko lurrikara hilgarriena 1905eko Kangra-koa (India) izan zen, 357.000 hildakorekin. 1950ean Indian bertan 30.000 hildako eragin zituen beste lurrikara bat izan zen, 35.000 hildako eragin zituen beste bat 1993an, eta beste 15.500 inguruko bat 2001ean. Pakistanen, 1935ean 60.000 hildako eragin zituen lurrikara izan zen.
Japonian 1896an izandako tsunami batek 27.000 pertsona hil zituen. 1976an eta 1998an ere tsunami bana izan ziren, milaka hildako eraginez.
Iranen kasuan, 2003ko lurrikaraz gain antzeko beste asko izan ditu azken mende erdian: 1957 (25.000 hildako), 1962 (12.230), 1968 (12.000), 1972 (5.000), 1978 (25.000) eta 1990 (60.000).
Turkian 30.000 hildako utzi zituen 1939ko lurrikarak, eta beste 35.000 Istanbul inguruan izandakoak 1999an.
1998an Armenian izan zen 25.000 hildako eragin zituen lurrikara. Yemenen 3.000 pertsona hil ziren 1980an .
Afrika iparraldean ere lurrikara txikitzaileak izan dira. Aljerian 1954koak 1.400 hildako eragin zituen, eta 4.500 1980koak. 2003an beste 2.000 hildako eragin zituen beste lurrikara batek. Eskualdeko lurrikara larriena Marokon izan zen, 1960an, 12.000 hildako izan ziren.
Amerikan, aurrez aipatutakoaz gain, Txilek 1939an ere beste lurrikara larri bat izan zuen, 30.000 hildako eragin zituena. Argentinan 1944an izan zen larriena, 10.000 hildakorekin. Hildako gehien eragin dituen lurrikara kontinente honetan 1970ean izan zen, Perun, 75.000 hildako izan ziren. 1976an Guatemalan beste 22.836 hil ziren. Mexiko DF-n 10.000 eta 35.000 hildako artean izan ziren 1985eko lurrikaran. 1906an izan zen AEBetako San Frantziskoko lurrikara, 8,3ko magnitudea izan arren 700 hildako eragin zituena.
Europan Italiakoak dira bi lurrikara garrantzitsuenak. 1908an Sizilian 80.000 hildako eragin zituena eta, gertuago, 1980an, penintsula hegoaldean izandakoa, 5.000 hildakorekin.