Oraindik ofizialki publiko egin ez dituen arren, Lakuako Gobernuak Madrilgo irratien eskutan utziko ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako FM lizentzia gehienak.
Irrati elebidunentzat beharko luketen lizentzietan SER kateak hartu ditu bi nagusiak, Gasteiz eta Bilbon. Gainera, Radio Líder Euskadi izenekoak beste hiru lortu ditu EAEko hiru hiriburuetan. Punto Radiok hartuko ditu Bilbon eta Gasteizen lizentzia bana, Radio Bahíak bat Donostian, Onda Cerok Getxon eta Buena Onda Euskadi irratiak Gasteizen.
Onda Vasca kateari bakarra utziko dio Lakuako Gobernuak, Gasteizen. Irrati lizentzien banaketa honetan lizentziarik ez diote esleitu ez GARA irratiari (EKHE) ez eta Bilbo Hiriari, Tas Tas irratiari eta Hala Bediri ere.
Euskarazkoak
Elebidun gisa definitu dituzten frekuentzietan euren egoitza Madrilen duten irratiek jarraituko dute, beraz, nagusi izaten.
Emaitza ofiziala argitaratzean jakingo da zehazki estaldura eremu bakoitzean irrati bakoitzak lortu dituen lizentziak. Honezkero jakina dena bere eskaintza euskara hutsez proposatu zuen Hamaika Irratiak zortzi lizentzia lortu dituela, Araba Irratiak euskarazkoari erretserbatutako lizentzia bat hartu duela eta Getxon gauza bera gertatu dela Justurirekin.
Lopezen Gobernuak lizentzien banaketa hauteskundeak pasa arte atzeratuko zuela espero zen, baina azkenean, 10 egun soilik falta zirenean hartu dute erabakia.