Eneko Goiaren Udal Gobernuak aurreko EH Bilduren taldeari egotzi dio Kortxoenearen eraistea eragin duen proiektua onartzea. Egungo Udalak aitortzen du uztailean berak eman zuela eraisteko baimena, baina Juan Karlos Izagirre buru zuen Gobernuak onartutako proiektu baten ondorioz egin zuela dio.
EH Bilduk salatu egin du eraistea, berak gidatutako gobernuak baimena emateari uko egin ziola gogoratu du, gainera albernatibak bilatu zituztela bertako gazteekin adierazi du. EAJ eta PSEk gobernura iritsi eta berehala Kortxoenea eraisteko baimena eman dutela salatu du EH Bilduk.
Koalizioa abertzaleak salatu du «bere burua zuritzeko» egotzi diola berari egungo Udal Gobernuak ardura eta «lotsagarria» dela jarrera hori. Aurreko legealdian eraisteko baimen eskaria jaso zutela gogoratu du EH Bilduk, baina ez zuela halakorik eman eta gazteekin alternatiba lantzeari ekin ziola. Kortxoeneako partaideei alternatibarik eskaini gabe, informaziorik ere eman gabe, eraistea agintzea salatu dute eta nabaria dela, beraz, «beren borondate politikoa».
Legez kanpoko eraistea
Borondate politiko makurra egozteaz gain, legez kanpoko eraistea izan dela ere salatu dute abertzaleek. EAJk eta PSEk onartu duten eraiste baimenak ez dituela ezarritako baldintza administratiboak betetzen salatu dute. Batetik ingurunea hesitu beharko zutelako eta gainera eraikina husteko agindurik gabe egin delako. «Beraz, erakina botatzeko gaurko saioa legez kanpokoa da».
Oharraren amaieran Kortxoeneako proiektua txalotu du EH Bilduk eta Udalaren jarrera salatu, «Eneko Goia eta Ernesto Gasco pozik egon daitezke: badute-eta beren ‘Kukutza’ Donostian».