NAIZ
DONOSTIA

Istripua izan dute Jaengo espetxera bidean preso baten senideek

Premin Sanpedro presoaren bi anaiek eta gurasoek auto istripua izan dute goizean Jaengo espetxera bidean. Aranda de Duerotik gertu izan da ezbeharra, Etxeratek jakinarazi duenez, autoak kalte arinak izan ditu eta bideari ekin ahal izan diote berriz. 

«Urteko lehenbiziko istripua» salatu du Etxeratek ohar bidez. Jaenen preso dagoen Premin Sanpedro presoaren gurasoek eta bi anaiek izan dute goizean Aranda de Duerotik gertu. Aurretik zijoan kamioiaren gurpila lehertu eta honen aurka jo dute kotxearekin. Autoak kalte arinak izan ditu eta bideari berrekin ahal izan diote senideek. 

Etxeratek euren senideen urruntzea salatu nahi izan du istripu honen ostean, «presoak bisitatzeko eskubidea bermatzearren bidaia luze bezain arriskutuak egitera behartuta» direla gogoratuz. Bidaia hauen ondorioz 16 hildako eta hainbat zauritu izan direla ere gogoratu du salaketa oharrean.