NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko Lakua institutuan planto egin diote errebalidari berriro

Gasteizko Lakua Bigarren Hezkuntzako institutuan errebalidari planto egin diote gaur ikasle, familia eta langileek. «Ebaluazio inposatuari ezetz borobila» emateaz gain Lomce/Heziberri ez aplikatzeko aldarrikatu eta hezkuntza eredu «duin» baten aldeko konpromisoa berretsi dute.

Lakuako institutuan elkarretaratzea egin dute errebalidaren aurka.
Lakuako institutuan elkarretaratzea egin dute errebalidaren aurka.

Gasteizko Lakua institutuan gaur zuten egitekoa errebalida, baina ikasle, familia eta langileek, Hezkuntza Plataformen Topagunearekin eta ikasle mugimenduekin batera, «ebaluazio inposatuari ezetz borobila» ematea erabaki dute.

Ohar batean azaldu dutenez, iaz ere Lakua institutua errebalida egiteko aukeratu zuten zentroetako bat izan zen, eta planto egin zuten. Aurten berriro tokatu zaie eta uko egin diote azterketa egiteari, azken hilabeteotan beste hainbat ikastetxek egin bezala.

Salatu dutenez, errebalida eta PISA azterketak «kanpo» azterketak dira, «ikastetxearen ibilbide eta planen arabera kanpotik ezartzen direnak, ikastetxeen ezaugarri eta ikasleen errealitateak kontuan hartu gabe inposatzen direlako».

«Ikasturteko dinamika hausten duten azterketak dira. Madrilen erabakitakoak», nabarmendu dute.

Cristina Uriarte Hazkuntza sailburua kritikatu dute: «Isilpean, informazio eza eta trikimailu ezberdinak erabiltzen betearazi nahi digu Lomceren euskal inposizioa». Horren aurrean, «ikasleok, familiak eta langileok benetako Ebaluazio Sistema Propioa» aldarrikatu dute, «kalifikazio eta ikasleriaren etiketatzeak baztertuko dituen Ebaluazio Hezitzailearen alde baikaude».

Lomce/Heziberri ez aplikatzeko eskatu eta «gure hezkuntza eredu duin baten alde urratsak emateko konpromisoa» berretsi dute Lakua institutuko ikasle, langile eta familiek.