22 urte ditu, eta bera lehenengo Buruz Buruko txapela jantzi du. Horrez gain, gainera, denboraldi berean Buruz Burukoa eta Lau t'erdikoa jantzi dutenen taldera sartu da. Jokin Altuna da bera, Aimar Olaizolari Buruz Buruko finala irabazi dio amezketarra.
Sekulako finala jokatu dute, gogorra, tanto gogoangarriez betea. Markagailuak, baina, uste baino alde handiagoa erakutsi du (14-22), partidaren bigarren zatian amezketarrak erakutsi duen sendotasunari esker hein handi batean.
Izan ere, 8-8ko berdinketa bitartean pareko joan da finala. Hasieratik izan dira baina tanto luzeak (18koa lehen tantoan, 22koa 2-1ekoan, 20koa 4-3koan), eta horrek bere eragina izan du neurketaren azken zatian.
Orokorrean, gehiago asmatu du Altunak, gehiago mugitu du kantxan aurkaria. Sakearekin ere hobea izan da, eta defentsan ahal izugarria erakutsi du. Hala, 8-14 aurreratu da markagailuan, lehenengo alde nabarmena eskuratuz.
Olaizolak ez du etsi, eta 13-14 gerturatzea lortu du. Sekulako ahalegina egin behar izan du horretarako baina, amezketarraren defentsa sendo agertu baita neurketa osoan zehar. Goizuetarra berdinketa lortzear zela, amezketarrak egin du tantoa, neurketa erabat hautsiz.
13-20 jarri da aurretik Altuna, baina ordurako erabakita zegoen jada neurketa. 14. tantoa ere egin du Olaizola II.ak, baina horrek esperantzarik eman badio segituan uxatu zaizkio guztiak. Sendo agertu da amezketarra azken tantoetan, eta ez dio inolako aukerarik eman goizuetarrari (14-22).