@gara_miantzi
Donostia

Ernai eta Ikasle Abertzaleaken arteko «aliantza estrategikoa bertan behera» gelditu da

Ernaiko dozenaka kide bildu dira arratsalde honetan EHUren Donostiako Ibaetako Campusean, honako albisteak emateko: «Zeharo aldendu da Ikasle Abertzaleak antolakundeak eta Ernaik hezkuntzaz eta eremu honetan egin beharreko lanaz duten ikuskera eta praktika politikoa». Horregatik, «bertan behera gelditu» da biek urte luzez garatutako aliantza estrategikoa. «Berau mantentzeko baldintzak sustengatzen zituzten adostasunak hautsi» egin dira. Hortaz, Ernai hezkuntza problematikaz eta ikasle borrokaz ahots propioz mintzatuko da aurrerantzean.

Ernaiko dozenaka kide, egin duten hausnarketaren berri ematen. (Jon URBE / FOKU)
Ernaiko dozenaka kide, egin duten hausnarketaren berri ematen. (Jon URBE / FOKU)

2013an Ernai gazte antolakundea sortu zutenean hezkuntzarekin lotutako erabaki estrategikoak hartu zituzten garaiko Ikasle Abertzaleak antolakundearekin batera, «25 urtez ikasle eremuan antolatzen ari zen mugimenduari zilegitasun eta konfiantza guztia eskainita». Gaur egun, «zeharo aldendu da antolakunde bakoitzaren ikuskera eta praktika politikoa». Horregatik, «hilabeteak dira jada Ikasle Abertzaleak eta gazte antolakundeak urte luzez garatutako aliantza estrategikoa bertan behera gelditu zela».

Hala azaldu dute berria Ernaiko kideek gaur arratsaldean, Ibaetako Campuseko Carlos Santamaria liburutegian egindako agerraldian. Dozenaka lagun elkartu dira «hezkuntza problematikaz eta ikasle borrokaz ahots propioz hitz egiteko beharra» sentitzen dutela adierazteko. Eztizen Artola eta Lur Albizu bozeramaileek agertu dutenez, ikasle borroka hezigunez hezigune garatu behar dela ulertzen dute, tokian tokiko borroketatik egunerokotasuna iraultzeko anbizioarekin. «Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio eta burujabearen aldeko olatua hezkuntza komunitate osoarekin elkarlanean egin behar dela deritzogu».

Hezkuntza ereduaren inguruko eztabaida bizi-bizi dagoela ikusten dute: «Hezkidetzatik hasi eta euskalduntzera, klase edota arraza segregaziotik ikasleok subjektu bezala aitortzen gaituen hezkuntza sistemara». Bertan, «guk geuk izan behar dugu Euskal Herri sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko borrokatzen dugunak».

«Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio eta burujabetzaren eraikuntzan antolatu, dinamikak planteatu eta hausnartzeko konpromisoa» erakutsi dute.