Maider IANTZI

Urriaren erdialdean hasiko dira Zubietan hondakinak erretzen

Gipuzkoako Ingurumen Gunea lau plantak osatzen dute. Goialdean, GIG-1 deitutakoan, tratamendu mekaniko biologikoko planta (TMB) eta balorizazio energetikokoa daude (erraustegia bera). Beherago, GIG-2an, biometanizazio planta eta zepak ontzeko bertze planta bat daude. Azken bi hauek bisitatu ditugu.

Biometanizazioko bi biltegiak. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Biometanizazioko bi biltegiak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Duela urtebete pasatxo Zubietako erraustegiaren goialdeko zatia erakutsi zuten, hondakinak erreko dituzten lekua bera eta tratamendu mekaniko biologikoko planta (TMB). Gaur, aldiz, bigarren partean egin dute bisita hedabideekin. Erraustegitik iritsitako zepak edo hondakinak heltzeko planta eta biometanizaziokoa ezagutu ditugu.

Lehenengo partea proban dago. Momentuz hotzean ari dira frogatzen, baina urriaren erdialdean hondakinak erretzen hasiko direla iragarri du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak. Bigarren zatian, zepen plantan, Zabalgarbiko hondakinak jaso dituzte eta iragarri dutenez, datorren astean hasiko dira horiekin probatzen.

Urtean 52.000 tona hondakin ekarriko dituzte bertara goiko erraustegitik eta lehortu, bereizi, txikitu eta bi hilabeteko ontze prozesuaren ondotik, obra publikoetarako gaia aterako dute bertatik. «Ekonomia zirkularra egingo dugu. Harrobiak erabiltzea ekidingo dugu, adibidez errepideen oinarriak edo hormigoizko blokeak egiteko», nabarmendu du Asensiok.

4.000 etxe hornitzeko adina energia

Biometanizazio plantan ere jada hasi dira bi biltegi handietako batean etxeetako hondakin organikoa sartzen. %30a dute betea. Jakinarazi dutenez, biometanizazio planta honek urtean 14.500 MWh sortuko ditu, 4.000 etxe hornitzeko nahikoa energia, alegia.

Planta honen eta Epeleko konpostaren artean, Gipuzkoan bildutako materia organiko guztia tratatuko dutela baieztatu dute.

Urte honen amaieran, Gipuzkoako Ingurumen Gunearen lau azpiegiturak martxan jarriko dituztela espero dute. «Gipuzkoak azken belaunaldiko teknologiaz hornitutako abangoardiako zentroa izango du hondakinen tratamendurako, kudeaketa gardenaren bitartez eta Hondakinen Kontsortzioaren kontrol publikoarekin», azpimarratu du diputatuak.

Horri esker, «2020tik aurrera Gipuzkoak ez du zabortegirik beharko», erantsi du. Sistema garbia dela eta ez duela usaintzen aipatu du Kontsortzioko presidenteak, baina guk behintzat usaina sumatu dugu.