“Bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua eta burujabetzak” mahai-ingurua izan da Durangon gaur abiatu diren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak jasoko dituen bost ildo nagusietako lehenengoa. Etxaldeko Emakumeak-eko Amets Ladislaok; Oneka emakume pentsiodunen elkarteko Nekane Berriotxoak; Itaia emakume sozialisten taldeko Nadia Perezek; Euskal Herriko Bilgune Feministako Naia Torrealdaiek eta Trabajadoras No Domesticadas taldeko Josefina Rocok hartu dute parte.
Onekako bozeramaileak hartu du hitza lehenik. Pentsioen arazoa atzetik datorrela nabarmendu du, frankismoak eten baitzuen emakumeak sozialki nahiz ekonomikoki emantzipatzeko aukera. «Injustizia historikoa» da, Berriotxoaren ustez, pensioen arrakala, eta emakume helduak prekarioan bizitzera kondenatzen dituela salatu du, baita «bizitza sozial eta kulturala izateko ezintasunera eta bakardadera» eta.
Hala, pentsiodunen mugimenduak aspalditik aldarrikatu dituen neurriak plazaratu ditu, leporaino betetako Landako espazioan. «Epe motzerako eskatzen diegu agintarie dirua jartzeko, pentsio guztiak 1.080 eurotik gorakoak izan daitezen. Exijitzen dugu alargun geratzeak ez ekartzea erosahalmenaren galera, exijitzen dugu koordainketa deuseztatzea, zaintza lanak aitortzea. Borrokatuko dugu lanbide guztiak eta horietatik eratorritako soldatak berdintasunezkoak izan daitezen. Aldarrikatzen dugu pertsona guztiek, emakume guztiek, pentsio bat izateko eskubidea izan behar dutela», esan du.
Etxaldeko Emakumeak taldeko Amets Ladislaok elikadura erdiguneratzeko aldarria egin du. «Elikadura burujabetza da gure helburua, eta agroekonomia da horretarako bidea», nabarmendu du. Egungo agroindustria ereduak euskal herritarrengan dituen ondorio lazgarriak gogorarazi ditu, baita baserritarren lan-baldintza eskasak ere –«gure soldatak 800-900 eurokoak dira, eta egunean 10 ordu egiten ditugu lan»–.
«Kontsumoa aldatu behar da. Ardura daukagu denok informatuta egiteko, ahaldundu egin behar gara kontsumitzaile moduan», esan du, eta dei egin die aurrean zituen milaka emakumeri: «Baserritarrak %3 bakarrik gara, imajinatu hemen gauden guztiok elikadura burujabetzarako hautua egingo bagenu. Arazoa konponduko litzateke».
Iraultza ala erreforma?
Itaiako Nadia Perezek generoaren auzia begirada sozialistarekin jantzi du. Lan banaketan egin beharreko aldaketak aldarrikatu ditu, «ulertzen baitugu kapitalismoan lanaren banaketa soziala esplotazioan oinarritzen dela». Bestalde, ohartarazi du «sistemak» langile klasearen mailaketa sortzen duela, eta emakumeak, hortaz, «burgesiaren kontra» borrokatu ez ezik langile klasearen barruan diren «klase kolaboratzaileen kontrako borroka» ere abiatzera behartuta daudela. Xehatu du, halaber, borroka horren bidean «erreformak abiapuntua» izan daitezkeela, «baina ez dira nahikoa». «Klase gabeko gizarte baten eraikuntza beharrezkoa da», esan du.
Erreformen aurrean iraultza hobetsi behar dela uste du, baita ere, Trabajadoras No Domesticadas kolektiboko Josefina Rocok: «Dena errotik aldatuko duen teoria eta praktika behar dugu». Zaintza langileak ahaldundu behar direla aldarrikatu du, hiru zapalkuntza gurutzatzen baitira haien gorputzetan: «kapitalismoa, matxismoa eta arrazismoa». Eta eskubideak lortu, bai, baina ahaztu gabe zaintza lanek «XXI. mendeko esklabutza» ordezkatzen dutela, eta lan hori «desagertu» behar dela. Txalo artean jaso du Landakok Rocoren aldarria.
Agertu du, halaber, onartu behar dela «interdependenteak» garela, «eta ez da ezer pasatzen», beharrizanak identifikatu eta modu «kolektiboan» borrokatu behar da horien alde bere ustez.
«Sistema biozida honek bizitzaren merkantilizazioa ekarri du: gure sabelei prezioa jarri die, erauzketa industriak nonahi, erresidentziak pribatizatzea, esklabutza berriak», salatu du Bildune Feministako Naia Torrealdaiek.
Horren aurrean, zapalkuntza anitzetatik abiatutako borroka komun bat abiatzea proposatu du, «subjektu politiko poliedriko bat sortzea». Prozesu horrek indibiduala –«gorputzetik igarotzen delako erabakitzeko ahalmena»–; kolektiboa –«komunitatean errotzen delako»– eta lurraldean sustraituko dena –«lurraldea delako bizitzaren eta harremanen ingururik hurbilena, baita memoria kolektiboarena ere»– izan behar duela agertu du Torrealdaiek.