NAIZ

‘Van Gogh alive’ erakusketa «multisensoriala» otsailaren 29an zabalduko da Iruñean

Erakusketa arruntetik aldentzen da proposamena, izan ere Van Gogh maisuaren margolanek bizia hartzen dute: 3.000 irudi, argi eta musikari esker, koadroaren barruan sentituko da bisitaria. Orain arte egin duen biran milaka ikusle jaso ondoren, Baluartera ailegatuko da otsailaren 29an; sarrerak salgai daude.

Van Goghen margolanek bizia hartzen dute erakusketa honetan. (Nomad Art)
Van Goghen margolanek bizia hartzen dute erakusketa honetan. (Nomad Art)

Aurreikusitakoa baino lehenago ikusi, entzun eta usaindu ahal izango dituzte ikus-entzuleek Vicent Van Goghen artelanak. ‘Van Gogh Alive. The Experience’ mundu osoan bisitari gehien izan duen erakusketa multimedia eta multisentsorialak Iruñeara bertaratzeko aurreikusita zuen data aurreratu du eta ateak otsailaren 29an zabalduko ditu, jasotako eskaerak direla-eta.

Kultura-proposamen berri hau Australiako Grande Exhibitions enpresak sortua da eta Nomad Art dago Estatu mailan egiten ari den biraren atzean. Bertatik adierazi dutenez, ikus-entzuleak «maiteminduko ditu» Vicent Van Gogh jenio handiarengana hurbiltzeko modu ahaztezina proposatzen duelako: mugimenduan dauden 3.000 irudi, argi, musika eta lurrinak ere uztartzen ditu esperientziak. «Bisita ia ordubetekoa da eta ikusleak zentzumen guztietarako esperientzia multisentsorial batez gozatzeko aukera izango du. Bertan, nederlandar margolariaren lanak bizia hartzen du gure begien aurrean, eskala handiko irudien, argiaren, musikaren eta bai lurrinen joko zaindu baten bidez», azaldu dute ohar bidez antolatzaileek.

Horrek guztiak ekartzen du ‘Van Gogh Alive. The experience’  «kultura-proposamen ezin hobea izatea, publiko guztiak grinatzeko pentsatua, Van Goghen ezagutzaile handi izan behar izan gabe», nabarmendu du Alejandra Sotok, Nomad Art-eko arduradunak.

Museoen kontzeptu tradizionaletik aldenduta dagoen bisita da. Bisitaria bere kasara ibil daiteke aretoan, puf batean etzan eta Sensory 4TM teknologiari esker argi, kolore eta soinuen «sinfonia indartsuez inguratzen utzi».  

Erakusketaz gozatzeko sarreren prezioak 12 eta 14 euro artekoak dira eta deskontuak daude besteak beste aste barruko egunetako bisitetan. Era berean, tarifa bereziak daude haurrentzat, ikasleentzat, langabeentzat, desgaitasunen bat duten pertsonentzat eta 65 urtetik gorakoentzat. Gainera, berariazko eskaintzak egongo dira familientzat eta taldeentzat.

‘Van Gogh Alive. The Experience’ maiatzaren 31 arte egongo da Baluarte Jauregian, Estatu espainiarrean bisitatu dituen hirietan 700.000 pertsona baino gehiago bereganatu eta gero. Sarrerak mugatuak izango dira, eta jada salgai daude erakusketaren www.vangogh.es gunean.