Bakerako eta elkarbizitzarako bidea, konponbidea, guztion artean gauzatzea da ‘Izan bidea, ibiltarien sarea’ Sareren dinamika berriaren asmoa. Horretarako, herritarren eta alor politiko, sindikal eta sozialaren inplikazioa bide beraren baitan kokatu nahi du, «guztion urratsak beharrezkoak direlako etorkizun hobe bat eraikitze bidean».
«Orain da momentua: datozen urteetan presoen egoerari aterabidea eman behar diogu», azpimarratu du Sarek. Auzia konpontzeko aukera ireki da eta egun bizi dugun egoerak inoiz baino argiago utzi ditu espetxeetan bizi den egoera eta salbuespen legediak dakartzan ondorio krudelak».
Helburu orokorra jendartearen aktibazioa handitu eta zabaltzea da, gobernuek abiatutako bidea finkatu eta oraindik irtenbide beharrean dauden auziak konpontzeko. Horretarako, iraganeko zauriak konpontze bidean ere pausoak emanen dituzte.
Ibiltarien sarearen printzipioak
Hiru printzipiotan laburbildu dute dinamikaren izaera: «Gure iragan bortitz hurbilenaren ondorioak eta, bereziki, oraindik ere ehunka preso eta erbesteratu dituen egoera hau behin betiko gainditzea nahi dugun ibiltariak gara; eragile aktibo izan nahi dugu. Euskal preso eta erbesteratu guztiak etxeratze prozesua garatu ahal izateko adostasun politiko eta soziala lortu nahi dugu; eta elkarbizitzan eta erabateko eta behin betiko bakean oinarritutako aro berri batera eramango gaituen bidea elkarrekin egin nahi dugun ibiltariak gara. Bide hau garatzea guztion onurarako da; euskal gizartearentzako onuragarria, herri oso batentzako onuragarria».
Dinamika erronka batean oinarritzen da: 3.127.326 kilometro egitea, Euskal Herriak duen biztanle kopurua. «Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat, xede batekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea».
Pizgarri izan nahi du
Gure herriko biztanle bakoitza ibiltari izatea nahi du Sarek, bidea izatea. Izan norbanako moduan, edota era kolektiboan, hala nola dantza talde gisa edo sindikatu baten baitan. «Ideia eder bati jarraiki egin nahi dugu bide hori: euskal herritarrak bidea egiten hasi dira historia egiteko, behin betiko erabateko bakea lortzeko. Ekimen honen bidez, dagoeneko saretzen ari diren adostasunak era ikusgarriago batean plazaratu nahi ditugu. Erronka honek pizgarri bat izan nahi du; ilusioz eta determinazioz. Aktibazioa oinarri, herritarrak bere etorkizuna eraikitzeko protagonista bilakatu nahi ditugu», agertu dute.
Dinamika honen ezaugarri nagusia da bakearen eta bizikidetzaren bidea egin nahi duen edonork parte har dezakeela. «Guztiok batera edo banan-banan egin dezakegu, baina guztiok norabide berean».
Mugikorrerako aplikazio batekin
Spotean ageri den bezala, originaltasunez eta bakoitzak gehien gustatzen zaiona eginez, ‘Izan Bidea’ lelopean egiten dituzten kilometroak zenbatzen joan nahi dute. Horretarako, ostiral honetatik aurrera, mugikorrerako aplikazio bat jarriko dute martxan eta, horren bidez, aldarrikapen horretan parte hartu nahi duen pertsona edo elkarte orok izena eman ahal izanen du eta bere kilometroak egin ahal izanen ditu, gainerako biztanleenarekin bat eginez.
Herritarren ekintza guztiak ez direnez kilometroetan oinarrituko, ematen diren pausoak ere zenbatuko ditu aplikazioak, hala, antolatzen dena zumba-maratoi bat bada edo dantzaldi batera ‘Izan Bidea’ kamisetarekin joatea erabakitzen badugu, aplikazioak jardueran zenbatuko diren urratsak kilometro bihurtuko ditu.
Dinamika horren benetako helburua, hortaz, konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen alde aurrera egitearen alde dauden guztiek ibiltari-sare handi bat sortzea da. Kilometroen neurgailua maiatzaren 29an jarriko da martxan, herrietan Sarek antolatutako lehen ekimenak hasiko diren egunean. Bitartean, jendartea aplikazioa deskargatu, izena eman, frogak egin eta sare.eus web orrian jarri duten dinamika berriaren merchandisinga begiratzera gonbidatu dute.
Dinamikarako aukeratutako sinboloa gezia da, irteera markatzen duten gezietan, jarraitu beharreko bidean eta errepideetako seinaleztapenean inspiratua. Aurreranzko bidea izan nahi du, etorkizun hobe baterantz, bakean eta bizikidetzan oinarritua, eta etxera itzultzeko bidea markatzen duena.