Hunkitu egiten du. Aitona-amonen begirada sakon eta garbia, bizitzak eragindako tolesturak. Samurrak, kolpatuak. Zimurrak lausotu zaizkie itsaso eta zelaien kolore distiratsuetan. Bizirik daudela, orain ere bizirik atera garela, ospatzen ari dira kantari.
Hurrengo belaunaldiei lekukoa emateko prest daude, eta gu, jasotzeko?… noooskiiii… irrintzirako bidean ni… eta, bat-batean, joño, hau ez al da ba EAJren hauteskunde-kanpainako spot-a?
'Gogoa nun dugu' abestiaz ari naiz. Gontzal Mendibilen eta Xabier Castillo Miota Xeberriren kanta hori baita EAJk hauteskundeetan zabaldu duen iragarkiko protagonista.
1976an bi musikari bizkaitarrek 'Zaurietatik dario' izeneko lehen diskoa atera zuten IZrekin. Gure belaunaldiendako kanta multzo mitikoa; nik gogoan ditut bereziki bi; bata, 'Bagare' (zenbat parranda lepotik helduta, batasunaren aldarri sentimental-mozkor-kantarian bilduta); bestea, 'Kapitalismoak': «Kapitalismoak dakarren / katai ta zapalketa / izan dadila guretzat / indar askatzailea».
Disko borrokalari, abertzale, antikapitalista eta antifaxista horretan –frankismoaren aurkakoa, beraz… Sestaon argi izango luke zein aldetan egon– atera zen 'Gogoa nun dugu', 44 urteren buruan hauteskunde batzuetan botoa eskatzeko erabiltzen ari direna.
Bitxia da, ez didazue ukatuko. Zenbat buelta ematen dituen bizitzak, kamarada.
Halere, argi utzi nahiko nuke ez nagoela berrirakurketen aurka. Bai zera, guztiz alde nago. Musikak denboran irauteko bertutea izan behar du, ona bada, bederen. Belaunaldi eta pertsona bakoitzak bere ikuspuntutik berrirakur ditzake kantuak… nahiz eta baden arriskurik; esaterako, 'Bella ciao'-rekin gertatu dena, partisanoen kanta izan arren, iritzi publikoak telesail bateko lapur talde baten borroka kanta dela uste duela.
Baina goazen Xeberrik eta Bittor Kapanagak idatzitako kantara: «Bide latza benetan igan behar duguna/ nahiz eta egunetan / dana dan iluna. / Noizbait helduko da / amets dugun eguna. / Gogoa nun dugu / gazteok zer gara, / indarrak alkartu eta / goazen auzira».
Hitzez hitz irakurrita, niri kirrinka egiten didana «noizbait helduko da amets dugun eguna» hori da. Ea, lortu nahi dugun amestutako egun horrekin zer esan nahi da: Independentziaren eguna? Transferentzia guztiak jasoko ditugun eguna? 1.080 euroko gutxieneko erretiroa bermatuko den eguna? Krionizazioa Osakidetzan sartuko den eguna? Tira… orduan, agian, agian egün batez…