Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak Durangoko Azokan emango duten sormen bekarako deialdia egin dute. «Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da», azaldu dute ostegun honetan egindako agerraldian.
Kultur sorkuntzaren barruan Durangoko Azokak bere baitan hartzen dituen diziplinak izango dira kontuan: literatura, musika, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak. Aurkez daitekeen proposamena diziplina bakarra edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke. Baina, deialdi bakoitzean diziplina bat hartuko da oinarritzat.
2020an, ikus-entzunezkoa izango da oinarri, edozein generotakoa. Aurreko bi urteetan literatura eta musika izan ziren. Deialdia 18 urtez gorako sortzaile berriei zuzenduta dago. Banaka zein taldeka aurkez daitezke proiektua eta bekaren zenbatekoa 15.000 eurokoa da.
Sorkuntza prozesua eta plazaratzea lagunduko ditu Gerediagak. Proiektu bakarrari emango zaio beka eta lehiaketa bidez aukeratuko da. Irailaren 21ean, arratsaldeko 18.00etan itxiko da lanak aurkezteko epea. Proposamenak posta elektronikoz bidaliko dira gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora.
Epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu. Hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da. Lan irabazlearen berri 55. Durangoko Azokan emango da.
Urtebeteko epea izango du hautatuak proposamena burutzeko eta 56. Durangoko Azokan (2021an) erakutsiko du emaitza.
Oinarriak, informazio gehigarria eta formularioak honako esteka honetan: www.duragokoazoka.eus