Donald Trump Etxe Zuriko maisterrak zigor ekonomikoak ezarri dizkie Carrie Lam Hong Kongeko Ezekutiboaren buruzagiari eta beste hamaika agintariri «oposizioko ekintzaileen eta disidente politikoen aurka errepresio taktikak erabiltzeagatik».
Hong Kongen Txinak duen Lotura Bulegoko zuzendariak, Luo Huiningek –bera ere «zerrenda beltzan»–Washingtonen aurka egin du eta «zigortutakoek bere herrialdearen alde egin behar zutena egin dutela» frogatutzat jo du zigorrekin.
Bide batez, ironikoki, 100 dolarretako biletea eskaini dio Trumpi «izoztu dezan» eta zigortutakoek «herbestean ondasunik ez badugu ez du nola zigortu», aldarrikatu du. Hori bai, argi utzi nahi izan du «AEBek uste badute zigor hauekin Txinari zeozer egitera bultzatuko dutela oso oker dabiltza».
Lam gobernu-buruarekin eta Luo berarekin batera, zigortutakoen zerrenda luzea da: .Chris Tang Hong Kongeko Poliziaren komisario gorena, bere aurrekoa izan zen Steven Lo, John Lee Ka Chiu Segurtasun ministroa, Teresa Cheng Justizia ministra, Erick Tsang Konstituzio Auzien ministroa, aipatu Lotura bulegoko arduraduna, Xia Baolong...
«AEBek Hong Kongeko herria babesten dute eta gure baliabideak erabiliko dituku bere autonomia errespetatzen ez dutenei erasotzeko», jakitera eman zuen Altxorraren ordezkariak. Steven Mnuchinek, zigorren berri eman ondoren.
Zigortutakoek «prozesu demokratikoen eta elkarteratze ets adierazpen askatasunen aurka zuzeneko politikoak aurrera eraman dute».
Washingtonek zigortutakoek AEBetan izan ditzaketen aktiboak izoztuko ditu, baita ere zigortitakoekin harremanak dituzten estatubatuarrenak ere.
Horrela, bada, AEBek eremu politikora hedatzen du Txinari presio estrategia.
Trumpek TikTok bideo-app-ari eta WeChay mezu zerbitzuari 45 eguneko epea eman zien ostegunean, bere jabe txinartarrak utzi (ByteDance eta Tencent, hain zuzen,) eta estatubatuar kapitalaren menpe geratzeko, guztiz debekatu egingo dituela mehatsu eginez.
AEBetako presidenteak aurrekaririk ez duen dekretoa sinatu zuen egun hartan. Tiktokek 100 milioi jarraitzaile ditu Estatu Batuetan eta Trumpek app-a ezagutu eta pairatu zuen gazte talde batek bere agerraldi bat sabotatu zuenean erreserba faltsuak egiteko sare hori erabiliz.
WeChat, Txinako WhatsApp-a, ez da hain ezaguna Estatu Batuetan baina zerbitzu sekretuen eta erakunde independiente askoren jomugan dago Txinan zentsura kanpainatan parte hartzen duelako.
TikToken kasuan aurrerkari arriskutsu batean aurrean gaude. Eta ez bakarrik AEBetan Instagram beste oihartzun duelako (Twitter baino gehiago), ByteDancek Txinaren gobernuaren menpe ez dagoela eta pribatutasunaren arauak betetzen duela frogatu duelako baizik.
«Inolako frogarik gabe –bakarrik Txinako konpainia batena dela– beste herrialdeek gauza bera egingo balute AEBetako konpainiek gaizki pasako dute», ohartarazi dute adituek.
Trumpek ez du, ordea, atzera egiteko asmorik eta bere Defentsa ministroak, Mark Esperrek, Pekinera deitu zuen Taiwaneko uretan «mugimendu ezegonkorrak» salatzeko.
Bihar bertan Taiwanera iristekoa da Alex Azar AEBetako Osasun ministroa. Ofizialki pandemiaren inguruko auzia da bisitaren xedea, baina 1979tik ez da horrelako agintari estatubatuarrik joan Formosa zenaren irlara. Desegonkortasuna nork?