21 emanaldirekin dator Afrikaldia zinema jaialdiaren laugarren edizioa

Fecha

04.11.24 - 11.11.24

Lugar

Araba - Gasteiz

Aurtengo edizioaren kartela.
Aurtengo edizioaren kartela. (AFRIKALDIA)

Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren laugarren edizioa egingo da Gasteizen azaroaren 4tik 11ra bitarte, eta 21 film eta dokumental proiektatu eta jarduera ugari eskainiko ditu.

Kultura Bendera eta Africanista Manuel Iradier elkarteek antolatu dute Afrikaldia, Arabako hiriburuan bizi diren afrikarren 15 kolektiboren parte hartzearekin.

Aurkezpenean Itziar Inza Moraza Afrikaldiaren zuzendarikideak nabarmendu zuen aurten «ahalegin handia» egin eta bederatzi estreinaldi ekartzea lortu dutela. «Horiei esker, gure hiria industria zinematografikoaren erdigunean kokatuko da, eta horrek agerian uzten du jaialdi honek izaera berritzailea eta aitzindaria dituela», ziurtatu zuen.

Era berean, Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetza zinegotziak udal zerbitzuak jaialdiarekiko duen konpromisoa azpimarratu zuen.

Bere hitzetan, «laugarren edizio honetan ere, agerian geratu da hitzordu kulturala eta zinematografikoa dela. Filmen, dokumentalen eta jardueren bidez, Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna gerturatuko dizkigu, gurearekin elkartzeko topaguneak eta aliantzak bilatuz. Horri esker, Afrikari buruzko gure ikuspegia zabaldu eta bertako ekoizpen zinematografikoari balioa eman ahal izango diogu».

Egitarauari dagokionez, bederatzi film narratibo eta hiru dokumental sail ofizialean lehiatuko dira, eta emanaldiak Florida zinema aretoetan izango dira. EHUren campusean, Arte eta Ofizioen Eskolan, ID-Arte Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Eskolan eta Mendizabalako Ikus-entzunezkoen Institutuan egingo diren jarduera osagarrietan izango dira beste bederatzi emanaldiak.

Inaugurazio ekitaldia azaroaren 4an izango da, Europa biltzar jauregian, eta 2022an Shamira Raphaëlak zuzendutako ‘Shabu’ filma eskainiko dute bertan; Rotterdamen bizi den musikari gazte baten bizitza arakatzen du. Amaiera jaia toki berean egingo da azaroaren 11n, eta bertan banatuko dituzte epaimahaiaren, soinu banda onenaren eta publikoaren sariak. Sarrera librea izango da tokia bete arte.

Jorge Guerricaechevarria gidoilariak, Assari Bibang aktoreak eta Amal Ramsis zuzendari eta zinema gidoilariak osatuko dute Afrikaldiaren laugarren edizioko epaimahaia.

Topaketak

Gainera, iazko edizioak izandako arrakastaren ostean, ikus-entzunezko sektoreko profesionalen arteko topaketak egingo dira aurten Montehermoso Kulturunean eta Kale Heziketako Udal Programarekin batera egingo da lan.

Afrikako eta bere diasporako 16 herrialde bilduko dira astean zehar hainbat jardueraren bidez, hala nola Madagaskar, Libia, Kenya, Nigeria, Senegal, Mozambike edo Ginea Bissau.

Gainera, aurten, Kamerunek berriro ere protagonismo berezia izango du, bertako emakumeek fikzioarekin lotuta egindako lana omenduz eta aitortuz. Hala, bertakoo hainbat lan egongo dira ikusgai Gasteizen, eta horietako bat izango da ‘Mambar Pierrete’.

Egitarauaren xehetasunak eta sarrerak eskuragarri webgunean.

Ubicación

Florida Zinemak
San Prudencio, 22
Gasteiz. Araba