36 artelanen erakusketa ibiltaria Bizkaian, BBK eta Arte Eder Museoaren eskutik

Fecha

22.05.23 - 03.12.23

Lugar

Bizkaia - Bilbo

Astelehen honetan hasi du bere ibilbidea egitasmoak.
Astelehen honetan hasi du bere ibilbidea egitasmoak. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Artearen Ibilbidea dibulgazio artistikoko programaren laugarren denboraldia hasi du BBK-k astelehen honetan. Oraingo honetan Bizkaiaren irudia erakustea du helburu. «Bizkaiari begira jarrita, lurraldearen erretratu bat marraztu da adierazpen artistikoen bidez», iragarri dute. Horretarako –BBKren eta Bilboko Arte Eder museoaren ekimen bateratuari esker–, Artearen Ibilbideak museoaren bildumako obren kalitate handiko erreprodukzioak jarriko ditu gune publikoetan.

Gaurtik aurrera BBK Aretoaren kanpoaldean ikus daiteke erakusketa, eta herriz herri ibiliko da datozen hilabeteotan.

Artearen historiako hainbat garaitan 30 artistak egindako 36 lan hautatu dira. 32 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage bat dira, hain zuzen ere. Kronologia zabalaren isla dira, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehenengora arte.

Irudiek Bizkaiko ikonografia eta geografia jasotzen dute, nola landa-guneak, Kantauriko kostaldea eta horko portuak (Bermeo, Elantxobe, Plentzia eta Abra, esaterako), hala Durango, Balmaseda, Gernika-Lumo, Busturialdea-Urdaibai eta bestelako udalerri eta eskualdeetako hiri eta industria giroko paisaiak (Bilbo, Erandio, meatze-herriak).

«Era berean, Unamunok esan zuen moduan, giza presentzia, herritar jendea, paisaian urtzen da Bizkaiaren idiosinkrasia irudikatzen duten jardueretan: itsasoko jendearen lana, baserritarrena eta lantokietako beharginena, prozesioak eta mistizismoa, aisialdia erromerietan eta estropadetan, bolo-jokoa eta bertsolaritza... kultura eta historia. Friso zabal-zabala da, hasi Luis Pareten eszena idealizatuekin, eta Agustin Ibarrolaren salaketa politikoarekin amaitu. Proposamenaren kronologia zabal horrek aukera ematen du hainbat artistaren artean bakoitzak euskal paisaiari eta bertako biztanleei nola begiratu zion ikusteko, bizi zuten aldiko sormen-mugimenduei lotuta batzuetan», adierazi dute antolatzaileek.

Bizkaiaren album berezia «Pareten maisutza rokokoarekin abiatuko da, Bilboko eta Bermeoko ikuspegi delikatuekin. Akademizismo kostunbristak berezko zituen ezaugarriak eta giroak ageri dira deskribatuta Lecuonaren eta Asartaren eszena adierazgarrietan. Guinea, Regoyos, Amarica eta Guiarden artelanetan, ostera, inpresionismoko pintzelkada soltea eta argi aldakorraren efektu atmosferikoak dira protagonista. Geometria kubistaren kutsua darie Artetaren eta Lagarren konposizioei, bai eta, fantasian eta diseinuan iragazita, Tamayoren triptiko handiari ere. Sinbolismoa aditzen da Arruetarren eta Zubiaurretarren margolanetan, Herrero eta Ucelayrenetan errealismo magikoa bezalatsu. Bitartean, argazkigintzaren eraginpekoak dira Losada, Tellaeche eta Guezalaren enkoadratzeak eta Lazkanoren hiri-panorama eskerga, eta eragin hori are esplizituagoa da Basilicoren eta Coboren lanetan. Azkenik, Ibarrolak Picassoren Guernicari buruz egin zuen trama geometrikoko mural handiak gure historia hurbileko drama beliko ikaragarria dakarkigu gogora», zehaztu dute.

Artisten zerrendan (30) ageri dira, gehienak euskaldunak –Madrilen jaiotako Luis Paret, Ciudad Rodrigoko Celso Lagar eta Milaneko Gabriele Basilico izan ezik–; zerrendan daude Luis Paret (1746-1799), Antonio María Lecuona (1831-1907), Anselmo Guinea (1855-1906), Darío de Regoyos (1857-1913), Adolfo Guiard (1860-1916), Inocencio Asarta (1861-1921), Manuel Losada (1865-1949), Fernando de Amarica (1866-1956), Alberto Arrue (1878-1944), Valentin de Zubiaurre (1879-1963), Aurelio Arteta (1879-1940), Julian de Tellaeche (1884-1957), Jose Arrue (1885-1977), Ricardo Arrue (1889-1978), Antonio de Guezala (1889-1956), Celso Lagar (1891-1966), Jose Benito Bikandi (1894-1958), Juan Jose Landa (1898-1941), Jose Maria Ucelay (1903-1979), Nicolas Martinez Ortiz (1907-1990), Jose Antonio de Ormaolea (1912-1984), Roberto Rodet (1915-1989), Agustin Ibarrola (1930), Ricardo Toja (1932-2012), Mari Puri Herrero (1942), Gabriele Basilico (1944-2013), Jose Ramón Morquillas (1947), Daniel Tamayo (1951), Patxi Cobo (1953) eta Jesus Mari Lazkano (1960).

2018tik aurrera

Artearen Ibilbidea BBK 2018az geroztik, Artearen Ibilbidea BBK programak Arte Ederren Bilboko Museoaren bilduma bere aretoetatik harago zabaltzen du, «kultura artistikoa herritarrei hurbiltzea sustatzeko, eta, aldi berean, bere ondare-aberastasuna erakusten du. Lehen bi edizioetan bildumako lan aipagarriak izan ziren jendaurrean ikusgai, eta, joan den edizioan, emakume artistek egindako lanen eta emakumeen irudia jasotzen duten artelanen sorta bat», nabarmendu dute.

Horretarako, hurrengo hilabeteetan –maiatzetik azarora– programa iritsiko den Bizkaiko 28 udalerrietako udalen laguntza izango du; horietako bakoitzak astebetez hartuko dute ekimen hau, topagune publiko irisgarrietan eta aire zabalean: Bilbo, Barakaldo, Muskiz, Portugalete, Trapagaran, Abanto-Zierbena (Las Carreras), Balmaseda, Getxo, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Nabarniz, Gernika-Lumo, Mungia, Gamiz-Fika, Erandio, Sestao, Bakio, Gordexola, Ugao-Miraballes, Basauri, Etxebarri, Lezama, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Garai eta Durango.

Erreprodukzio bakoitzak dagokion kuratore-iruzkina dauka, QR kode baten bitartez ere lor daitekeena, eta kode horrek museoaren webgunearen barruan dagoen multzorako sarbidea ematen du (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez). Proiektua Jose Luis Merino Gorospek landu du, museoko Antzinako Artearen.

Kalean denez, 24 orduz irekita dago erakusketa. Sarrera librea.

Ubicación

BBk Aretoa
Kale Nagusia, 19-21
Bilbo. Bizkaia