50. urteurreneko ospakizunetan da Goaz antzerki taldea

Fecha

11.11.24 - 16.11.24

Lugar

Gipuzkoa - Deba

Antzerki taldearen obra baten artxiboko irudia.
Antzerki taldearen obra baten artxiboko irudia. (GOAZ)

Ospakizun giroan dabiltza Goaz antzerki taldeko kideak. Bost hamarkadako bidea egiteak badu meriturik. Egunak daramatzate Debako hainbat denda, taberna eta Kultur Elkartean konpainiak urte luze hauetan agertokira eraman dituen obren kartelak eskegita. Artxibotik atera dituzten argazki zaharrak ere ikus daitezke hainbat tokitan.

Ospakizun egitarauari azaroaren 11ean ekingo diote. Egunero –kultur etxean 18.30ean– antzezlan baten proiekzioa eta obraren idazlearekin solasaldia iragarri dituzte. «Goazek egin dituen obra historikoenak edo birgogoratzea da asmoa. Hamarkada bakoitzeko bat aukeratu dugu», azaldu du Amaia Arotzena, taldeko kideak.

Hala, programazioari hasiera emateko ‘Gernika’ (1982) ikusi ahal izango da. Ondoren Luis Haranburu Altunarekin solasaldia egingo da.

Hurrengo egunean ‘Pernando bizirik hago oraindio’ (1992) muntaiaren proiekzioa egingo da eta bertaratzen direnek Xabier Mendiguren Elizegiren hitzak entzuteko aukera izango dute.

‘Kanika zuri beltza’ (2006) antzezlanaren txanda izango da hilaren 13an. Goizane Aizpurua izango da ondorengo solasaldiaren protagonista.

‘Badator’ (2021) obra eskainiko da azaroaren 14an eta Erika Olaizola testuaren sortzailea gonbidatu dute antolatzaileek ondorengo solasaldira. 15ean, berriz, 50º urteurrena dela eta egin berri duten dokumentala aurkeztuko dute. Jon Amutxastegi arduratu da ‘50 urte eta bagoaz’ filma zuzentzeaz. Aroa Fernandez izan du laguntzaile. Ekitaldietara sarrera doan da.

Egitarauari amaiera emanez hilaren 16an, larunbata, 12.30etik aurrera antzerki poteoa egingo dute herriko kaleetan. «Karroa eta atrezzoa hartu kalez kale ibiliko gara. Pote bat hartzen dugun une bakoitzean gutako batek 5 minutuko antzerki piezatxo bat eskainiko dugu», aurreratu dute.

Ondoren bazkaria izango dute. 80 pertsona inguru bilduko dira.

Ubicación

Kultur Etxea
J.M. Ostolaza Kalea, 12
Deba. Gipuzkoa