‘Babes’, etxeko txikienei zuzendutako diziplina anitzeko ikuskizuna

Fecha

12.11.24 - 15.11.24

Lugar

Lapurdi - Bokale

Igor Otxoa, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Thierry Biscary, ikuskizunean.
Igor Otxoa, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Thierry Biscary, ikuskizunean. (TXALAPART )

Harkaitz Martinez de San Vicente (Oreka TX-eko kidea), Igor Otxoa (Oreka TX-eko kide ohia), eta Thierry Biscaryren (Kalakan taldeko kide ohia) proiektua da ‘Babes’. «Hiruok izan ginen aita orain dela urte batzuk eta aldatu zigun artearekiko eta sorkuntzarako ikuspuntua. Baita bizitzako lehentasunak ere. Gogoa genuen bizitzaren lehen fasean dauden gizaki horiekin lan egitea», adierazi du Otxoak.

«Bakoitza bere proiektuetan zuzendaritza artistikoan aritu izan gara baina iruditu zitzaigun guk eginez gero orain arteko egindakoaren antzekoa izango zela emaitza. Kristof Hiriart ezagutzen genuen, LagunArte konpainiako kidea eta berarengana jo genuen. Haurrentzat hainbat obra egin ditu eta bere egiteko modua oso gustukoa dugu. Bere enfokea eta estiloa, bereziki», azaldu du.

«Hiru gizonezko izatea erronka bezala hartu zuen. Izan ere, haur txikien ikuskizunetan gehienak emakumezkoak izaten dira. Planteamendua aitatasunetik eta gizontasunetik egitea gusattu zitzaion. Baldintza bakarra jarri zigun, musika eta kantuaren mundutik zatozte baina oraingoan agian ez duzue ez txalapartarik joko, ez abestuko», jarraitu du.

Ikuskizun eszenikoa da, antzerkia, musika, mugimendua... nahasten dira. «Teknika horiek arrotzak ziren guretzat. Zerotik hasi ginen. Prozesu sakona egin genuen eta behin hori bukatuta ekin genion sorkuntzari. Bidea luzea izan da. Legamia beka jaso genuen, Errenteriako Udalak ematen duena, eta bere espazioetan aritu ahal izan genuen lanean. Lantzen gindoazen neurrian eszenak Errenteriako haurtzaindegietan eta haur eskoletan kontrastatzen genituen bertako umeekin. Beraiei erakutsi, erreakzioak ikusi eta feed-backa jaso, gauza batzuk aldatuz joan gara», dio.

Formatu handietan jokatzetik formatu intimoenera pasatu nahi izan dute. Etxeko txikienak babes giroan sentitzea bilatzen dute. Hortik izenburua. «Trama abstraktoa da. Babesaren eta zaintzaren inguruan ari gara. Migratzaile bat edo gure ikasgelara datorren haur bat izan daiteke», azaldu du.

Estimulu gutxi eta zainduak

Obrak ez du apenas hitzik. «Soinuak eta onomatopeiak sartu ditugu. Estimulu gutxi, baina zainduak», zehaztu du. «Gure harridurarako estimulu gutxirekin adi-adi egoten dira, ikuskizuna jarraitzen. Esperientzia aberasgarria da. Bide berria ireki digu antzerkigintzan», adierazi du.

Publiko berriari dagozkion kodeak desberdinak dira. Halere alor horretan ez dute zailtasun handirik topatu. «Hiriartek badu esperientziarik, beraz ez gara zerotik hasi», dio.

Harkaitz Martinez de San Vicente, Thierry Biscary eta Igor Otxoak, hiruek pertsonaia bat jokatzen dute. «Aktore lanetan murgiltzea tokatu zaigu».

Ikuskizunak urrian ikusi zuen argia Tabakaleran. «Oso ondo joan zen. Aurretik, aurreestrenaldia Kataluniako El Petit jaialdian egin genuen iaz. Europan erreferentea da haurrei zuzendutako ikuskizun gaurkotuak hartzen ditu. Han programatzaile batek ikusi eta emanaldi bat izan genuen. Eta handik beste bost hirietan saioak atera zaizkigu. Hemen Primaberan jaialdian Iparraldeko Bastidan antolatzen duen jaialdian Aurreestrenaldia eta ofiziala Tabakaleran»

Baionan dituzte emanaldiak azaroaren 12tik 15era.

-Azaroak 12 - Ecole Elisa Lassalle, Bokale: 9.30 / 10.45 / 15.00

-Azaroak 13 - MVC Baiona erdialdea, Balichon: 10.30 / 16.30 / 17.30 Publikoari irekia

-Azaroak 14 - Camus Eskolan, Baiona: 9.00 / 10.30 / 15.30

-Azaroak 15 - Jean Moulin eskola, Baiona: 9.00 / 10.30

Ubicación

Ecole Elisa Lassalle
34 Rue du Barthassot, 64340
Bokale . Lapurdi