Badator Laburbira, euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua

Fecha

06.03.25 - 11.04.25

Lugar

Gipuzkoa - Elgeta

‘Betiko gaua’ filmak Elena Irureta du protagonista.
‘Betiko gaua’ filmak Elena Irureta du protagonistetako bat. (LABURBIRA)

Martxoaren 6an (18.00etan) Donostian egingo den aurrestreinaldiak abiaraziko du film laburren Laburbira zirkuituaren 22. edizioa. Euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua da. Aurrestreinaldia Primeran plataformak eta Taupa mugimenduak antolatu dute elkarlanean, San Telmo museoaren laguntzarekin.

Ondoren, eta apirilaren 11a bitartean, Euskal Herri osoko 50 herritan ikusi ahal izango da aurtengo bilduma. Aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira eta horietarik, 8 film hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. «Orotara, 97 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu da ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zine jaialditan saritutako lanak», esan dute arduradunek.

Hauexek, hurrenez hurren, aurtengo edizioan ikusgai izango diren film-laburrak: ‘Prosopagnosia’ (Ekain Martinez), ‘Plazer bat’ (Sonia Estevez), ‘Betiko gaua’ (Eneko Sagardoy), ‘Europa’ (Ekain Irigoien), ‘Pentsatzen dut’ (Karmele Mitxelena), ‘Hor konpon’ (Jone Arriola) ‘Goodbay Kepler’ (Nerea Ayala, Patricia Fañanas, David Modroño, Iraia Yarto) eta ‘Utlandsk’ (Alba Lozano).

Bi helburu nagusi ditu zirkuituak. Euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik.

«Hogei urteotan bide arrakastatsua egin du Laburbirak: euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuito egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du», diote.

Informazio gehiago webgunean.

Ubicación

Espaloia Kafe Antzokia
Maala Kalea, 4
Elgeta. Gipuzkoa