Basa-aireak, abestiak eta irudiak uztartu ditu Julen Achiaryk ikuskari berrian

Fecha

22.02.24

Lugar

Nafarroa - Iruñea

Julen Achiary, astelehen honetan Gayarre Antzokian egindako aurkezpenean.
Julen Achiary, astelehen honetan Gayarre Antzokian egindako aurkezpenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘Xiberua kantu loraturik’ ikuskaria estreinatuko du Loraldiak otsailaren 22an Iruñeako Gayarre Antzokian 19.00etan. Estreinaldia AEKren Korrika Kulturalaren programazioan parte da.

Basa-aireak, kantuak eta irudiak uztartzen dituen ikuskaria da. Zuberoako sortzaileek tradiziotik abiatuta kultura garaikide aberatsa loratu dutela esan du Achiaryk. Basa-aireak, kantuak eta irudiak uztartzen dituen ikuskaria dela aurreratu ostean, herri-kantu horien aberastasun esentzialarekin esperimentatzeko gonbita luzatu du. «Iraganari so egingo diogu geroa marrazteko. Antzinako kantuak izango dira, baina garaikidetasun-eremuan kokatuko ditugu. ‘Belatxa’ kantan, adibidez, non hegazti baten hegaldia kantatzen den, ez da faltako sormen zirraragarria. Gaur egun, orain dela milaka urte bezala, naturak eskaintzen digun nortasunaz baliatzen gara. Etorkizuneko hodeiertza dugu ikusmiran» gehitu du, ekoizpen hau aurrera aterako duen sortzaile-taldeari erreparatu aurretik.

Kantu-memoria luzea du Zuberoak. «Denboran ibilitako oroimin hori sorkuntza anitzez elikatu da. Tradiziotik abiaturik gaur egungo kultura garaikide aberatsa loratu dute Pirinioaren ipar magaletan bizi diren sortzaileek. Hemen dira Pastoralak eta Maskaradak. Hemen bizi ziren Etxahun-Iruri eta Pierre Topet Etxahun. Kantua arte eder bihurtu den lurraldea dugu Zuberoa», adierazi dute Loraldiaren arduradunek.

Herri-kantuen aberastasun esentzialarekin esperimentatzera gonbita luzatu nahi du festibalak aurtengo produkzio propio handienaren bidez. Iruñeko estreinaldiaren ondoren, Euskal Herritik bira egingo du datozen hilabeteetan.

Eszenan

«Sortzaile talde ikusgarria bildu dugu Xiberua kantu loraturik sortzeko. Gaur egun Iparraldean aurki daitezke musikaririk eta ahotsik ederrenak eta berritzaileenak. Maddi Oihenart eta Ihitz Iriart kantariek eskarmentu luzea dute kantagintzan. Bidegileak izan dira. Tradizioa sakon ezagutzen dute eta gaurko garaietara ekarri ere. Beñat Achiary, Julenen aita, berriz, euskal kulturan aurki daitekeen berritzaitzailerik handienetako bat da: kantari, musikari eta inprobisatzailea. Oso estimatua gure mugetatik at. Tradizioa berrizten egin duen lana izugarria da eta gai da gure bihotzak astintzeko zeharo. Aita eta semea izango dira gidari artistikoak. Mixel Etxekoparrek bizitza oso bat eman dio Zuberoako tradizioari. Umorez blaitu eta esentzia bilatu du etengabe. Gaurko kultura zuberotarren zutabe bat da. Aipagarria da Isturitzeko hiru zuloko flauta (Europako aztarna arkeologikorik zaharrenetako bat) berreskuratu zuela eta doinua atera diola», kontatu dute.

Ikuskarian erakutsiko diren argazkiak Eliane Heguiaphal-enak izango dira. «Emakume argazkilari honek euskal kultura zainetan darama eta gustuko dituen gaiak artzainak eta mendiko unibertsoa dira, batik bat. Goresten ditu zuri-beltzeko argazkiak eta Pirineetako ihauteriak, maskaradak baita pastoralak ere izango dira arte bisualen protagonistak»,diote.

«Parte hartuko duen ez ohikoena aurkeztea falta zaigu: Pierre Vissler. Frantziatik etorri zitzaigun Zuberora eta gaur egun euskal kulturaren erreferente bihurtu da. Musikan nahiz teatroan murgilduta izan da azken aldi honetan. Clown eremuan ibilitakoa eta Mixel Etxekoparrekin batera ‘Züek heben, Euskal Herriko atlas geopoetikoa’ lanaren sortzailea da. Bertan Euskal Herriko hainbat bazterretako soinuak grabatu eta sailkatu ditu. Ikuskizun honetan ‘elektroakustikalaria’ izango dela agindu dute. Gutxitan ikus daitekeen funtzio berritzailea. Edozein bazterretan edo sasoitan hartutako Zuberoako doinuak ekitaldi hipnotiko bihurtzen dituen abangoardista», amaitu dute.

Sarrerak antzokiaren webgunean eskura daitezke, 7 edo 5 euroan, laguntzaileek ekitaldi honetan ere abantaila izanen baitute.

Asier Biurrun Nafarroako arduradunak Korrika Kulturalaren baitan Nafarroa osoan egingo diren hainbat ekitaldi iragarri ditu: Lander Garroren ‘Oihaletxea’ dokumentala, ‘eMCumeak’ Antsoainen, ‘Belarriprest’ Tafallan, ‘Euskaldun berrien kluba’ Bortzirietan eta Mugiron, ‘Gure erro eroak’ Zangozan, ‘Badon’ Auritzen eta Altsasun edo ‘Bihotz... bi hots’ Iruñean, besteak beste.

Era berean, gogora ekarri du Loraldiko beste bi ekoizpen ere Korrika Kulturalaren esparruan estreinatu direla: ‘Kalaportu’ (2019) eta ‘Hautsi da anphora’ (2022), batak zein besteak arrakasta handia lortuta.

Amaieran, gogorarazi du, hurrengo asteotako agenda ekitaldiz elikatzen den heinean, webgunean ere eguneratuta egongo dela ikusgai.

Ubicación

Gayarre Antzokia
Karlos III. Etorbidea
Iruñea. Nafarroa