Capsula Bilbo eta Donostian
Fecha
26.12.24 - 28.12.24
Lugar
Gipuzkoa - Donostia
Capsula taldeak martxan du ‘Primitivo Astral’ disko berria aurkezteko kontzertu bira. Diskoa kaleratu zenetik errepidean da banda, eta datozen aste eta hilabeteetarako hainbat data hitzartu dituzte, beroa izango den 2025 urterako. Abenduaren 26an, ostegun gauez, Bilboko Kafe Antzokian ariko dira gaueko 21.00etatik aurrera Wet Wasel taldea agertokian lagun. 28an, berriz Donostiako Dabadaban joko dute 20.00etatik aurrera eta Boogie Van taldea afitxean lagun. Bi emanaldi hauetarako sarrerak taldearen atari digitalean eskura daitezke.
Ibilbide luzeko taldea da Capsula. Argentinako Buenos Aires hirian sortu zen banda 90 hamarkadan, baino urteak dira Bilbo dutela bizileku. Bertan sortzen dituzte kantuak, eta bertan dute entsegu lokala. Musika bidean ehundaka emanaldi eskaini ditu bandak, eta Euskal Herritik abiatuta, mundu osoan aritu dira kontzertuak jotzen, tartean Ameriketako Estatu Batuetan, Japonian, edo Europa zaharrean zehar arituz.
Orokorrean rock doinuak lantzen ditu hirukoak, atmosferak eta distortsioa nagusi diren eremuan. 60ko eta 70eko hamarkadetako punk, garage eta surf rocketik soinu esperimental, post-punk eta psikodelikoetaraino egiten dute bidai, energia biziko emanaldietan. Coni Capsula (baxua eta ahotsa), Martin L. Guevara (gitarra eta ahotsa) eta Alvaro Olaetxea (bateria) dira egun Capsula.
Primitivo Astral
‘Primitivo Astral’ izenpean kaleratu da taldearen estudioko azken emaitza. Taldeko kide den Martin L. Guevararen Silver Recordings estudioetan grabatu da lana, eta auto-ekoizpen bidez ikusi du argia izen bereko zigiluan. Lan berrian hamar kantu barneratu ditu bandak, non musikalki aurretik abiaturiko bidean sakontzen duten. Azken diskoetan egin bezala, gazteleraz abesturiko hainbat kantu sartu dituzte lan berrian, lehen nagusi zen ingelesez egindako kantuekin batera. Zuzeneko emanadietan musika bidea errepasatzen du bandak, azken diskoa presente beti ere.
Ubicación
Dabadaba aretoa
Mundaiz kalea 8
Donostia. Gipuzkoa